Ainara LeGardon, Museo Bikoitza programako hurrengo artista

  • Ainara LeGardon, Museo Bikoitza programako hurrengo artista
    Ainara LeGardon (argazkiaren egilea: Rafa Rodrigo)

  • Ainara LeGardon da San Telmo Museoaren Museo Bikoitza esku-hartze programaren hurrengo artista gonbidatua, Traktora Koop. E.-ko Usue Arrietak eta Ainara Elgoibarrek hala hautatuta

Museo Bikoitza programaren ezaugarrietako bat da edizio bateko artistak hurrengo ediziokoa gonbidatzen duela proiektuan parte hartzera. Hala, Usue Arrieta eta Ainara Elgoibar artistek hautatu dute Ainara LeGardon hurrengo urtebetean Museo Bikoitza proiektuan lanean aritzeko.

Honela azaltzen dute Usue Arrietak eta Ainara Elgoibarrek beren aukeraketa: "[Ainara Legardon]... rock independentearen munduan hasi zuen bere ibilbidea, eta atzean utzi zuen praktika esperimentalenen alde egiteko. Praktika horietatik abiatuta, arte plastikoen testuinguruetan integratu da, zuzeneko performancearen eta, berrikiago, soinu-instalazioen bidez (...). Proiektuarekin bat egiteko, San Telmo Museoko bilduman murgilduz gozatzeko eta Museo Bikoitzaren oinarri den espiritua ulertzeko duen gaitasunarengatik hautagai ona da guretzat. Soinu esperimentalaren testuingurua Euskadin funtsezkoa izan da, eta da, praktika garaikideak ulertzeko. Gutxi historiatutako eremua da, arte-bilduma publikoetan eta pribatuetan oso gutxi agertzen dena. Egoera hori konpontzeko aukera ona dela uste dugu, eta Museo Bikoitzetik egitea bereziki interesgarria da; izan ere, praktika horiek testuinguruan jartzeko ariketa bat eragiten du, bildumarekin duten harremanetik abiatuta, eta hori abiapuntu berezia eta bereizgarria da beste erakunde batzuekiko".

Bestalde, ekainaren 12an aurkeztuko dute Usue Arrietak eta Ainara Elgoibarrek Museo Bikoitza programan landu duten proiektuaBaltzune + P-003687.


  • DataApirilak 27
  • Gaia Musika, Museoak, Ondarea