Agindu honen xedea da Euskadiko Museo eta Bildumen Erregistroan inskribatuta dauden museo eta bildumei 2026an museo-jarduerak egiteko emango zaizkien dirulaguntzen oinarriak ezartzea.
Dirulaguntza hauen helburua da Euskadiko Museoei buruzko abenduaren 1eko 7/2006 Legearen 2.4 artikuluan ezarritako eginkizunak betetzeko jarduerak egiten laguntzea.
Nolanahi ere, jarduerak honako jarduketa-ildo hauetako batean sartu beharko dira (lerro horien barruan daude jasota diruz lagundu beharreko jarduerak):
1) Bilduma osatzen duten funtsak katalogatzea, dokumentatzea eta ikertzea.
a) Bilduma museografikoak osatzen dituzten funts material eta immaterialen inbentarioa eta katalogazioa egitea, euskarri digitalean, oro har EMSIME informazio-sistema erabiliz, hizkuntzaren erabilera ez-sexista eginez eta Interneten argitaratzen diren katalogazio-fitxen edizioan bi hizkuntza koofizialak erabiliz. Funts horiek Museotiken ikusi beharko dira. Salbuespen gisa, beste aplikazio informatiko batzuk erabili ahal izango dira funtsak katalogatzeko, baina soilik modu arrazoituan justifikatzen bada EMSIME sistema ezin dela erabili, sistemaren datu-eredua ez datorrelako bat katalogatu beharreko funts motarekin. Testu libreko eremuak berrikusteko, hobetzeko eta euskarara itzultzeko lanak ere barne hartzen ditu.
Lan horren emaitza, ondoren, «Euskariana» eta «Europeana» biltzaileetan gehitu ahal izango da, hau da, Europako Kultura Ondarera online sartzeko atarian.
b) Bilduma osatzen duten funtsekin eta gaiarekin lotutako ezagutza sortzea. Bildumak osatzen dituen ondareari buruzko ikerketa-lanak barne hartzen ditu, emaitzak erakusketa-diskurtsoan eta/edo museoaren hezkuntza- eta hedapen-programan sartzeko. Agindu honen ondorioetarako, ez dira diruz laguntzeko moduko ikerketa-lantzat hartuko museoaren titularra den pertsonak edo erakundeak Euskal Kultura Ondareari buruzko 6/2019 Legearen 63. artikulutik 74. artikulura bitartean xedatutakoa betez egin behar dituen esku-hartze arkeologikoak. Edizio- eta itzulpen-lanak ere barne hartzen ditu, gutxienez formatu digitalean, eduki zientifikoak eta dibulgaziozkoak argitaratzeko (katalogo, monografia, aldizkako argitalpen, ikus-entzunezko eta multimedia-produktu gisa, betiere museoko bildumekin lotuta badaude).
2) Bilduma museografikoen digitalizazioa eta sarbidea.
Bilduma museografikoak digitalizatzeko finantzaketa, horien ikerketa, balioa nabarmentzea, lineako sarbidea eta hedapena sustatzeko. Digitalizazioak errealitatetik hurbil dauden irudikapen digitalak ematen dituzten objektu tridimentsionalen multimedia-fitxategiak, bereizmen handiko irudiak eta/edo 3D eskaneatzeak barne hartzen ditu; laguntza honen bidez digitalizatutako objektu guztiek jendeak ikusteko moduan egon beharko dute, gutxienez Museotiken, EMSIME informazio-sistemaren bidez. Lan horren emaitza, ondoren, «Euskariana» eta «Europeana» biltzaileetan erants daiteke, hau da, Europako Kultura Ondarera online sartzeko atarian.
3) Erakusketa iraunkorra berritzea, aldi baterako erakusketak antolatzea, eta jarduera didaktikoak eta kultura zabaltzeko jarduerak diseinatzea eta eskaintzea.
a) Erakusketa iraunkorra eguneratzea bere diskurtsoaren edo espografiaren edukietan, eduki osagarrien garapena eta ekoizpena barne, hala nola ikus-entzunezkoak, audiogidak edo aretoetan publikoaren eskura jarritako bestelako dokumentu-baliabideak erakusketaren funts eta edukietarako irisgarritasuna hobetzeko. Ez da eguneratzetzat hartuko, eta, beraz, ez da diruz lagunduko, panelak eta beste elementu museografiko batzuk birjartzea diseinua edo edukiak aldatu gabe, salbu eta erakusketa irisgarritasun unibertsala sustatzeko egokitzea.
b) Museoaren lurralde-eremuaren edo gaiaren araberako aldi baterako erakusketak.
c) Museoaren gai-eremuarekin lotutako jarduera didaktiko eta ludiko-kulturalak, Euskadiko museoetako bildumak eta kultura-ondarea ezagutzen eta horien inguruan sentsibilizatzen laguntzeko.
4) Bilduma museografikoak osatzen dituzten funtsak kontserbatzea eta balioestea.
a) Museoko bildumak osatzen dituzten funtsak kontserbatzeko eta zaharberritzeko lanak, museoko erakusketa iraunkorretan eta/edo aldi baterakoetan balioa emateko.
b) Museo eta bildumen diagnostiko-azterlanak eta prebentziozko kontserbazio-planak, funtsak ingurumen-arriskuetatik (hezetasuna, argia, tenperatura) babesteko, euskal kultura-ondarea epe luzera zaintzen dela bermatuz.
5) Museoaren kudeaketan berrikuntza eta irisgarritasuna hobetzea eta bultzatzea.
a) Kudeaketa hobetzeko eta berritzeko dokumentuak eta azterlanak egitea: plan estrategikoak, plan zuzentzaileak, publikoari buruzko azterlanak, komunikazio eta marketin kulturaleko planak egitea, jasangarritasun-planak eta ondarea zaintzekoak (larrialdi klimatikoari dagokionez), genero-berdintasunaren aldeko neurriak planifikatzea.
b) Irisgarritasun unibertsala bultzatzea, irisgarritasun-planak, bisita pilotuen programak eta bilduma eta erakusketetarako sarbide unibertsala erraztuko duten estrategia espezifikoen bitartez, irisgarritasun-premia espezifikoak dituztenak barne. Era berean, irisgarritasun unibertsalaren integrazioa sustatuko da, museoaren plan guztietan funtsezko alderdi gisa, bisitari guztiek kultura-esperientzia osoa izango dutela bermatuz.
Esperientzia inklusiboagoak bermatzeko, atal honetan sartzen da ondo justifikatuta dauden eta bilduma eta erakusketetarako irisgarritasun unibertsala errazten duten material espezifikoak ekoiztea. Material horietan sartuko dira audiogidak, braillez idatzitako liburuxkak, zeinu-lengoaian idatzitako edukiak, objektuen deskribapenak, objektuak 3Dn inprimatzea eta antzekoak.
c) Museoaren webgunean orriak sortzea eta hobekuntza teknikoak egitea, informazio eta eduki digitaletarako sarbidea unibertsala eta erabiltzaile guztientzat irisgarria izango dela ziurtatuz, dibertsitate funtzionala duten pertsonak barne, eta asistentzia-teknologiekiko bateragarritasuna bermatuz.
Diruz lagundu ahal izango da, halaber, Euskadiko Museoei buruzko 7/2006 Legearen 2.4 artikuluan ezarritako funtzioren bat artikulu honetan adierazitako ildoetako baten esparruan garatzen duen beste edozein jarduera, betiere haren museo-izaera behar bezala justifikatzen bada eskabidearekin batera aurkeztutako proiektuan, artikulu honen 4. apartatuan aipatzen direnak izan ezik.
Ez dira inola ere diruz laguntzeko moduko jardueratzat hartuko eta agindu honen xedetik kanpo geratuko dira honako jarduera hauek eragindako inbertsioak eta gastuak: higiezinak eta instalazio orokor iraunkorrak eskuratzea, handitzea, birgaitzea, hobetzea edo kontserbatzea; funtsak eskuratzea eta haietan zaharberritzeko esku-hartzeak egitea, azken horiek erakusketa-proiektuei edo zabalkunde-jarduerei lotuta daudenean izan ezik; tokiko turismoa sustatzeko jarduerak; museoko espazioak hirugarrenei alokatzeko jarduera ekonomikoak; hirugarrenentzako ekitaldiak antolatzea; ostalaritza- eta ostatu-zerbitzuak eskaintzea, bai eta merchandising-produktuak saltzeko jarduerak ere.
Eskabide bakoitzeko, lerro bakoitzari lotutako proiektu bat aurkeztu ahal izango da, 1. lerrorako proiektuak izan ezik; kasu horretan, proiektu bat aurkeztu ahal izango da a) apartaturako eta beste bat b) apartaturako.
Eskaeren xedea gai komun bati buruzko jarduera-programa bat izan daiteke, jarduera nagusi bat eta beste jarduera osagarri batzuk barne hartzen dituena, edo jarduera bakar bat; nolanahi ere, proiektuak aurreko paragrafoetan adierazitako jarduera-ildoetako batean sartuta egon beharko du.
Deialdi honetan diruz lagundutako jarduerak 2026an hasi eta amaitu beharko dira.
Fitxa honen asmoa informazioa ematea baino ez da, eta ezin da, inola ere, indarrean dagoen lege-testuaren ordezkotzat hartu. Kulturklikek edukia eguneratzeko eta zuzentzeko eskubidea du, eta ez du horren inguruko erantzukizunik hartuko bere gain.