Arte garaikideari eta haren ahalmenei eta hedapenari buruz modu kritikoan eta testuinguruan kokatuta pentsatzeko, ikertzeko eta hausnartzeko, AMA Ikasketa Zentroa jarri zuen abian Artium Museoak urte hasieran. Museoaren erakusketa-proiektuarekin lotura estua duen egitasmoa da. Hiru ikerketa-ildotan egituratuta dago. Aurrenekoari –"Memoria, irudimena eta irudia"– zegozkion saioak lehen hiruhilekoan egin ziren. Bigarren ildoari —"Nola bizi elkarrekin"— maiatzean eta ekainean helduko diote, eta hirugarrenari —"Arte garaikidearen ekoizpen-, idazketa- eta kritika-prozesuak"—, urrian, azaroan eta abenduan. Arantza Santesteban Pérez da Artium Museoko ikerketa eta programa publikoen komisarioa, eta berak eman dizkigu xehetasun guztiak.
Zer da Ama Ikasketa Zentroa? Zer helbururekin sortu da?
AMA Ikasketa Zentroa Artium Museoaren baitan sortutako gune bat da, arte garaikideari buruz modu kritiko, kokatu eta esperimental batean pentsatzeko eta ikertzeko asmoz sortu dena. Museoaren erakusketa-ildoarekin lotura estua duen egitura bat da, non praktika artistikoak, ikerketa eta ezagutzaren ekoizpena elkar gurutzatzen diren. Urtero berritzen den programa bat da, osorik egin daitekeena –eta burutu izanaren ziurtagiria jaso– edota programa bakoitzean ere parte har liteke nahi izanez gero; egitura irekia da, beraz.
Alabaina, Ikasketa Zentroaren helburua ez da soilik ezagutza transmititzea, baizik eta artearen inguruko pentsamendua aktibatzea eta, testuinguru hurbilenetik abiatuta, ezagutza partekatu eta kolektiboak sortzeko baldintzak eskaintzea. Horretan hasi gara, eta momentuz oso pozik gaude.
Artearen testuingurua zeharkatzen duten galderei gaur egunetik erantzuna ematen saiatzeko, lehenengo eta behin galdera horiek zein diren jakin behar da. Zein galderari erantzun nahi die AMA Ikasketa Zentroak abian jarri duen programazioaren bidez?
AMA Ikasketa Zentroak ez du galdera itxi edo behin betiko batzuen erantzuna bilatzen. Aitzitik, ulertzen dugu galderak beraiek ere etengabe mugitzen eta berridazten direla denboran zehar, eta kadentzia hori mantentzea oso inportantea da guretzat. Galderen denbora ez da inoiz amaitzen.
Hala ere, urte honetarako prestatu dugun programan behin eta berriz agertzen diren kezka batzuk badaude, hala nola, nola eraikitzen diren memoria eta irudimen estetikoa, nola esperimentatzen dugun komuna dena, zein hizkuntza erabiltzen dituen arte-kritikak eta -idazketak, edota nola pentsa daitezkeen etorkizun desiragarriagoak etengabe aldatzen ari den denborazkotasun honetan. Horiei leku egitea da lankidetza hauen helburu nagusietako bat.
AMA Ikasketa Zentroak Artium Museoaren baliabide, bilduma eta erakusketekin elkarrizketan lan egiten du, eta, aldi berean, kanpo-eragileekin lankidetza-sare bat aktibatu du. Zertarako? Zer lortu nahi da aliantza horien bidez?
Bai, hala da. Ikasketa Zentroak, museoan ditugun baliabideekin lan egiteaz gain, kanpo-eragileekin lankidetza-sare zabala aktibatzeko bokazioa dauka (artistak, ikertzaileak, erakundeak, kolektiboak...). Oraindik hasieran gaude, baina gure helburua da ikerketa-esparruak zabaltzea, jakintza anitzak zirkulazioan jartzea eta metodologia partekatuak garatzea. Gure ustez, aliantza horiek aukera ematen dute tokiko ikuspegia eta nazioartekoa konektatzeko eta pentsamendu kritiko zein analitikoa indartzeko.
[Arantza Santesteban Pérez]
Beraz, arte garaikidearen inguruko pentsamendua modu kolektiboan eraikitzea eta etengabe berrikustea da AMAren bokazio nagusia?
Bai, hori da bere ardatz nagusietako bat. AMA Ikasketa Zentroa etengabe garatzen ari den ikerketa-esparru gisa ulertzen da; espazio horretan ezagutza elkarrizketa emankorraren bidez elikatzen da, lankidetza eta hausnarketa-modu kolektiboaren bidez. Helburua ez da pentsamendua sortzea bakarrik, baizik eta berau etengabe berrikusi eta eguneratzea.
Aurtengo programa hiru ikerketa-ildotan oinarritu duzue. Lehena, "Memoria, irudimena eta irudia" izenekoa, urtarriletik martxora bitartean egin duzue. Zer ondorio atera ahal izan dira ildo horren baitan antolatu dituzuen hiru mintegietatik? Zer-nolako balorazioa egiten duzue?
Lehenengo mintegiek –"Honako lur hura habitatzeko moduak", "Memoria taupariak: memoriaren euskarriak" eta "Zirkulu batetik begira begiraden zirkulu batean"– memoriaren, lurraren erabilera eta ditugun imajinarioen inguruko eztabaida emankorrak aktibatu dituzte. Bereziki azpimarratu da memoriak dimentsio materiala zein ez-materiala duela (objektuak, artxiboak, gorputzak, oroitzapenak), hori guztia artxibatzeko erabiltzen diren estrategiak anitzak direla –hala nola, nola kontserbatzen dira dokumentuak, pelikulak, arte-lanak...– eta euskarri horiek zaindu, aktibatu edota berriro esanahiz bete daitezkeela. Era berean, iragana ulertzeko zein orainaldia bizitzeko unean irudiek eta narrazioek funtsezko papera dutela hausnartu da. Horrekin batera, gure erakusketa-ildoak duen potentziala azpimarratu nahi izan dugu, nola artelanek ireki ditzaketen erakusketa-aretotik haratago ere beste elkarrizketa posible batzuk.
Orain arte, balorazioa oso positiboa da, elkarrizketa kritiko eta diziplinartekoa sustatu dugu saiotik saiora, eta baieztatu ahal izan dugu asko dagoela egiteko eta pentsatzeko halako elkarguneek eman dezaketenaren inguruan.
Zer jorratuko dute hurrengo saioek?
Datozen bi programak –maiatzak 14 eta 15 eta ekainak 11 eta 12–, ildo bereko lanari jarraipena emango diote, baina fokua pixkanaka beste ikuspegi eta sentsibilitate batzuetara zabalduz joango da. Saioetan memoria, irudia eta narratibaren arteko harremanak lantzen jarraituko da, bereziki nola eratzen diren kontakizun historikoak eta nola eragiten duten gaur egungo irakurketetan zein esperientzia partekatuetan.
Maiatzaren 14an eta 15ean "Nola bizi elkarrekin" programa egingo dugu Julia Martos, Lara Molina, Ros Murray, Charlotte Procter eta Ed Webb Ingall egileekin. Haiekin aztertuko ditugu kolektibitateak eta aktibazioak praktika artistiko eta dokumentaletan.
Ekainaren 11n eta 12an, berriz, Rosalind Nashashibi artistaren lanarekin harremanetan dagoen programa osatuko dugu, eta Palestinarekin loturiko hainbat sorkuntza-lan eta burutazio konpartituko ditugu. Horretarako, Rosalind Nashashibi bera eta Mahmoud Alshaer poeta edota Amador Fernández-Savater filosoa edukiko ditugu gurekin.
"Arte garaikidearen ekoizpen-, idazketa- eta kritika-prozesuak" izango da aurtengo hirugarren eta azken ikerketa-ildoa; urrian, azaroan eta abenduan egingo dira saioak. Artea egiteko moduek ez ezik, artea kontatzeko eta pentsatzeko moduek ere merezi dute hausnarketa bat, beraz? Nondik nora joango dira saioak?
Hirugarren azterketa-ildoak arreta jarriko du arte garaikidearen inguruan nola pentsatzen, idazten eta hausnartzen den. Ez da izango soilik sorkuntza-prozesuei buruzko gogoeta bat –nola kontatzen ditugun horiek–; arteak gaur egun bere baitan artikulatzen eta artikulatzen ez duen kritika-, idazketa- eta bitartekaritza-prozesuei buruzko hausnarketa ere izango da. Gure asmoa da ulertzea nola eraikitzen diren narrazio horiek eta nola transmititzen diren praktika eta testuinguru ezberdinen artean.
Azaroan, TRAMA programa probestuz –hirugarren edizioa izango da aurten–, Ikasketa Zentroaren programazioaren barruan kokatuko dugu. Edizio honetan hitzari emango diogu arreta nagusia, eta hitzek munduak sortzeko duten ahalmenaz arituko gara. Era berean, egingo dugun programazio honetan –abendukoan, behinik behin– Huarte Zentroarekin ari gara lanean, eta gure asmoa da gure testuinguru hurbileko beste instituzio batzuk ere gehitzea halako programetara.
Goizegi da oraindik AMA Ikasketa Zentroaren etorkizuneko asmoez galdetzeko? Norantz jo beharko luke?
Oraindik ibilbidearen hasieran dagoen arren, AMA Ikasketa Zentroak norabide bat marraztu nahiko luke: ikerketa-gune ireki, bizi eta aldi berean malgu bat izatea, elkarrizketa- eta lankidetza-sareak indartzen jarraitzea eta arte garaikidearen bidez gaur egungo erronka estetiko zein kulturalak elkarrekin pentsatzeko espazio kritiko bat eskaintzea.
[2026ko maiatzaren 6an argitaratutako Berezia]