Euskal Zine Bilera 2026: izen-ematea

  • Euskal Zine Bilera 2026: izen-ematea

Euskara eta zinema batzen dituen Lekeitioko jaialdiak bere 49. edizioa ospatuko du aurten. Euskara hutsez egiten den jaialdirik zaharrena da Euskal Zine Bilera.

Zine berria egin eta istorio berriak kontatu nahi dituzten sortzaileengana heltzea du helburu jaialdiak. Urte bat gehiago, euskal ikus-entzunezkoen sorrera bultzatzeko lan egingo du Sail Ofizialeko Lehiaketak, hainbat sari ezberdinduz. Ohikoak diren Zuzendaritza, Gidoi eta Film Onenaren sariez gain, Ikusleen saria (zuzenean ikusleek aukeratzen dutena), Adineko epaimahaiaren saria (adineko pertsonek osatutako epaimahaiak ematen duena) eta Benito Ansola · Gazte epaimahaiaren saria (gazteek osatutako epaimahaiak ematen duena) ere izango dira aurten.

Aurtengo oinarrien arabera helarazitako lan guztietatik, aurre-aukeraketa bat egingo da eta, horietatik 20 film laburrek osatuko dute Sail Ofizialeko Lehiaketa.

Euskal Zine Bilera aurten ere Lekeitioko Ikusgarri zine aretoan egingo da, urrian, eta bertan ikusi ahal izango dira Sail Ofizialera heldu diren lan guztiak.

LEHIAKETA

Euskaraz ekoitzitako askotariko lanen erakusleihoa da, teknika, tratamendu, genero, sorkuntza prozesu eta gai desberdinak biltzen dituen neurrian. Hori horrela, zuzendaritza, gidoi eta film onenaren sariak ezberdinduko dira. Gainera, ikusleak ere protagonista izango dira, lan bakoitzari haiek emandako puntuaketen bidez erabakiko baitute ikusleen sari bereziaren irabazlea. Adineko epaimahaiaren sariak adineko pertsonek osatutako epaimahai bereziak hautatuko du, eta Benito Ansola · Gazte epaimahaiaren saria, berriz, gazteek osatutako epaimahaiak.

Sari horiek ondorengo hauek izango dira:

  • Film onenaren saria – 3.000 €
  • Zuzendaritza onenaren saria – 1.600 €
  • Gidoi onenaren saria – 1.600 €
  • Ikusleen saria – 750 €
  • Adineko epaimahaiaren saria – 1.000 €
  • Benito Ansola · Gazte epaimahaiaren saria – 500€

Lan horiez gain, herritarrek osatutako epaimahaiak aipamen berezia egin ahal izango die zenbait filmi.

OINARRIAK

Lanak aurkezteko epea uztailaren 30era bitartean mantenduko da zabalik eta bere oinarriak zinebilera.eus webgunean egongo dira eskuragarri.

Sail ofizialeko lanen egileei sari banaketa ekitaldian parte hartzea errazteko Lekeition gaua igarotzeko aukera eskainiko zaie. Film bakoitzaren egileari gela bikoitza ziurtatuko zaio. Gaua igarotzera geratu ezin diren egileen kasuan dieta gastuak ordainduko zaizkie.


Laburrean

  • Epea 2026(e)ko Maiatzak 14(e)tik 2026(e)ko Uztailak 30(e)ra
  • EntitateaLekeitioko Udala
  • Deialdi-motaSariak eta lehiaketak
  • SektoreaIkus-entzunezkoa
  • JardueraSorkuntza, Erakusketa eta programazioa
  • Deialdia OINARRIAK

Fitxa honen asmoa informazioa ematea baino ez da, eta ezin da, inola ere, indarrean dagoen lege-testuaren ordezkotzat hartu. Kulturklikek edukia eguneratzeko eta zuzentzeko eskubidea du, eta ez du horren inguruko erantzukizunik hartuko bere gain.