Yolanda Arrieta eta Oihana Egaña: «Album ilustratu honetan Asun Balzola Elorzaren haurtzarora joan gara, eta koloreekin pentsatzen zuen neskato haren bizitzan arakatu dugu»

  • Yolanda Arrieta eta Oihana Egaña: «Album ilustratu honetan Asun Balzola Elorzaren haurtzarora joan gara, eta koloreekin pentsatzen zuen neskato haren bizitzan arakatu dugu»
    "Asun Balzola Elorza. Koloreekin pentsatzen zuen neskatoa" album ilustratuaren azala

Asun Balzola Elorza. Koloreekin pentsatzen zuen neskatoa album ilustratua ondu dute Yolanda Arrieta Malaxetxebarria idazleak eta Oihana Egaña Callejo irudigileak. Denonartean argitaletxeak plazaratu du. Detaile txikiz osatutako liburu honen bidez, gorazarre egin nahi izan diote haurtzaroari, gaurko irakurleei erakutsiz mundu mailan ezagun bihurtu zen bilbotar ilustratzaile eta idazle handia koloreekin pentsatzen zuen neskato bat izan zela, bere ametsen alde lan egin zuena. Yolandarekin eta Oihanarekin hitz egin dugu Asunen bizitzaz eta lanaz eta liburua sortzeko prozesuaz.


Nor izan zen Asun Balzola? Eta zergatik hari buruzko liburu bat? Zer dela-eta haurrentzako album formatuan?

Yolanda Arrieta: Asun Balzola Elorza Euskal Herriko Haur eta Gazte Literaturako irudigile eta egile ezagunetarikoa izan zen. Aitzindaria eta bere garaira aurreratua, Balzolak beti defendatu zuen ilustratzaileen lanbidea. Irudigilea izateaz gain, idazlea eta itzultzailea ere izan zen. Bilbon jaio zen 1942an. Madrilgo San Fernando Arte Ederren Akademian pintura ikasi zuen eta Bilboko Inprenta Industrialean lan egin zuen. Italian bizi izan zen denboraldi batez eta, Espainiara itzuli zenean, Madrilen bizitzen jartzea erabaki zuen. Handik aurrera, idazten eta marrazten jardun zuen. EREIN argitaletxea sortzen lagundu zuen beste hainbat sortzailerekin batera.

Sorkuntza-liburuak nahiz testuliburuak ilustratu zituen. Euskal Herriko eta Estatuko argitaletxe askotan argitaratu zuen eta Europako eta Ameriketako Estatu Batuetako hainbat argitaletxerentzat ere lan egin zuen. Orotariko sortzailea izanik, prentsan, publizitatean eta diseinu grafikoan ere lan egin zuen.

Madrilgo Ilustratzaileen Elkarteko lehen presidentea izan zen. Bratislavako Urrezko Sagarrarekin egindako lan bikainagatik, Lazarillo Saria eta Ilustrazio Sari Nazionala ere jaso zituen, besteak beste. Madrilen hil zen 2006an.

Donostiako Haur Liburutegiaren Dokumentazio Zentroan daude gordeta bere irudi askoren originalak, familiak dohaintzan emanda. Arduradunei eta guri garrantzitsua iruditu zitzaigun bere obra eta figura helaraztea gaurko jendeari.

Haur eta Gazte Literaturan erreferentziazko irudigile gisa, haurrak eta irudiak lotzen dituen formatua erabiltzea erabaki genuen: album ilustratua. Eta gorazarre egitea pentsatzen hasten garen garaiari: haurtzaroari. Gure kasuan, koloreekin pentsatzen zuen Asun Balzola Elorza neskatoari.

[Asun Balzolaren liburu batzuk. Argazkia: Donostia Kultura. Donostiako Liburutegi Nagusia - Haur Liburuaren Dokumentaziogunea]


Asun txikiak pirata izan nahi omen zuen. Nolako haurra izan zen?

Yolanda Arrieta: Ez dakigu zehatz-mehatz nolakoa zen. Bere liburu eta biografietan arakatu dugunean, guretzat ume gisa deigarriak ziren datuak jaso ditugu, horietako bat da pirata izatearen ametsa. "Pirata" hitzak iradokitzen duena interesatzen zaigu: itsasoa, barkuak, bidaiak, abentura... Eta are gehiago noiz jaio zen kontuan izanda, 1942a. Are gehiago, neska izanda.


Oso umea zela galdu zuen aita. Nola eragin zion gertaera lazgarri hark familiari? Eta Asun txikiari?

Yolanda Arrieta: Esan bezala, koloreekin pentsatzen zuen neskato batengana hurbiltzea izan dugu xede: bere gustuak, ametsak, eraginak, familia eta halabeharra. Detaile txikiz osatu dugu liburua: hasieran aita "ogro" bat bezala ikusten zuen bere txikitasunetik eta, hura hiltzean, "heroi" bihurtzen da, alegia, presentziarik gabeko figura bat izatera pasatzen da. Gure helburua ez da Asun Balzolari buruzko aditu bihurtzea, gure helburua izan da gaurko irakurleei erakustea mundu mailan ezagun bihurtu zen irudigile baten lanaren hasieran neskato bat zegoela gero bere ametsen alde lan egin zuena. Eta lan bihurturiko amets horren zirriborroak Donostiako alde zaharrean daudela ikusgai.

[Asun Balzolaren liburu batzuk. Argazkia: Donostia Kultura. Donostiako Liburutegi Nagusia - Haur Liburuaren Dokumentaziogunea]


14 urterekin atzerrira joan zen ikastera. Ez zen oso ohikoa izango garai hartan... Nolako eragina izan zuen esperientzia hark Asun nerabearengan?

Yolanda Arrieta: Aurreko bi erantzunen ildotik esango dugu gaurko jendeari datu hori agertzea izan dela helburua. Gerragatik kristalak apurtuta zeudela esaten dugu eta hotza egiten zuela. Eta horri aurre egiteko bidea: kantatzea. Guk iradoki egiten dugu, sortzaile gisa. Gure lana da irudiz eta hitzez jakin-mina eta sentipena sortaraztea irakurleengan.


22 urterekin istripu larri bat izan zuen, baina horrek ez zuen geldiarazi. Emakume aitzindaria izan zen arlo askotan...

Yolanda Arrieta: Arestian aipatu bezala, amets egiten zuen neskato hartatik amets horiek gauzatzeko orduan bizitzak eta halabeharrak daukaten eragina agertu nahi genuen; bere kasuan, gaztetan izan zuen istripua. Eta istripua gorabehera, nola jarraitu zuen berean.

[Asun Balzola Elorza. Koloreekin pentsatzen zuen neskatoa albumaren aurkezpena. 2026-03-30. Argazkia: Donostia Kultura. Donostiako Liburutegi Nagusia - Haur Liburuaren Dokumentaziogunea]


1978an idatzi zuen lehen liburua: Historia de un erizo. Zer islatu nahi izan zuen Asunek bere istorioetan?

Oihana Egaña: Bakardadea eta adiskidetasuna uztartu zituen, aniztasunari bere lekua eman zion. Haurrek gertuko duten iruditeria baliatu zuen esanahi sakoneko mezua helarazteko. Desberdina izateak bazterketa ekarri ohi duen gizartean haurrekin gaiaren gainean aritzeko aukera paregabea eskaini zuen.


Nolakoak dira Asunen liburuetako ilustrazioak? Zein dira haien ezaugarri nagusiak?

Oihana Egaña: Ilustratzaileek ez dute estilo bakarra izaten; aitzitik, garapena izan ohi dute urteen poderioz. Hori dela eta, zaila egiten zaigu lerro bakarrera ekartzea hain oparoa izan den Asunen lana. Irudi sinpleak eta arinak erabili zituen, askotan irudiaren inguruan hutsune zuriak utziz. Forma sinpleak marrazten zituen, baina oso adierazkorrak izatea lortzen zuen. Marra lodiek eta eskuzko trazuek irudi askeak ekartzen ditu gogora. Teknikari dagokionez, akuarela izan zen nagusi, azken urteetako lanetan teknika garaikideetara jauzia egin bazuen ere.

[Asun Balzolaren marrazki original batzuk. Argazkia: Donostia Kultura. Donostiako Liburutegi Nagusia - Haur Liburuaren Dokumentaziogunea]


Idazlea eta irudigilea ez ezik, itzultzailea ere izan zen. Esparru horretan ere ekarpen handia egin zion haur-literaturari, ezta?

Yolanda Arrieta: Bai, beste hizkuntza eta kultura batzuetako lanak itzultzea beti da interesgarria eta, batez ere, premiazkoa. Gure adimena irekitzen du.


Halako batean, Mariasun Landa ezagutu zuen, eta bien artean haur-literatura errotik aldatu zuten. Non zegoen bien arteko kimikaren sekretua?

Yolanda Arrieta: Hori Mariasun Landari galdetu behar. Argi dagoena da oso ondo ulertzen zutela elkar. Egile bakoitzaren unibertsoak partekatzeak ahalbideratzen du hori eta elkarrekin egindako lanetan nabari da: hitza eta irudia elkarrekin eta aldi berean libre dabiltza istorioen mesederako.


Asun Balzolaren bizitza 32 orrialdeko album batean laburbiltzea ez zen erraza izango... Nola uztartu dituzue testuak eta irudiak haurren irudimena dantzan jartzeko? Zer-nolako esperientzia izan da?

Yolanda Arrieta: Liburu bat baino gehiago idatzi zuen berak, bere biografiak barne. Laurogeigarren hamarkadan eta laurogeita hamargarren hamarkadan bere lanari buruzko artikulu asko atera zen. Horiek denak irakurri eta, aipatu dugun bezala, bere haurtzarora joan gara, eta "koloreekin pentsatzen zuen neskato" haren bizitzan arakatu dugu, norbaitek haren irudietan murgildu nahi izanez gero (originaletan nahiz argitaratuetan) gogora dezan pertsona bat zegoela guztiaren hasieran; gure kasuan, "koloreekin pentsatzen zuen neskato" ameslari bat.

Oihana Egaña: Sormen-elkarrizketa bat izan dugu, testuak eta irudiak elkar elikatzea helburu. Irakurleek bi hizkuntza horien batura topatuko dute, eta uztardura horretatik euren irudimena piztea edo martxan jartzea izan da gure lanaren abiapuntu.

[Asun Balzolaren liburu batzuk eta haren irudiekin egindako beste zenbait material. Argazkia: Donostia Kultura. Donostiako Liburutegi Nagusia - Haur Liburuaren Dokumentaziogunea]


Asun Balzolari eta haren lanari buruz gehiago jakin nahi duenak nora jo beharko luke?

Yolanda Arrieta: Liburutegietan eta sarean hainbat informazio dago berari buruz; baina, onen-onena, Donostiako Haur Liburutegiko Dokumentazio Zentrora joan eta bertan galdetzea. Ondoren, berak egindako liburuen arrantzan hastea.


Amaitzen joateko, beste ezer aipatu nahiko zenukete?

Yolanda Arrieta: Niri gauza bat esatea gustatuko litzaidake: nire haur literaturako lehen liburua, Begigorritarren erlojua (1992, SM), Asun Balzolaren irudiekin argitaratu zen, eta baita hirugarrena ere, Denboraren kanta-kontuak (1995, SM). Beraz, irudigilea hilda egon arren, publikoki nire esker ona adierazteko modu bat ere izan da liburu hau egitea Oihanarekin, Denonarteanekin eta Donostiako Haur Liburutegiarekin batera.


Eta zertan ari zarete orain?

Yolanda Arrieta: Esku artean dudan proiektu batean murgildu nahi dut udan, beste zereginak alboratuta.

Oihana Egaña: Ilustrazio batzuk prestatzen ari naiz hasi berri dudan proiektu baterako, hastapenetan gabiltza eta poliki-poliki joango da forma hartzen.


[2026ko maiatzaren 29an argitaratutako Berezia]


Informazio osagarria