Maitane Ariztik eta Maitane Perez Argotek ex-aequo irabazi dute 2026ko Mikel Zarate Haur Literatura Saria

  • Maitane Ariztik eta Maitane Perez Argotek ex-aequo irabazi dute 2026ko Mikel Zarate Haur Literatura Saria

Bi irabazle izan ditu, ex-aequo, 2026ko Mikel Zarate haur literatura sariak. Batetik Maitane Arizti Ugarteburuk idatzitako "Aitona elefante bat da" eta bestetik Maitane Perez Argotek idatzitako "Balearen kanta". Hala erabaki du Leire Bilbaok, Maribel Aiertzak eta Xabier Mendigurenek osatutako epaimahaiak. Erdibana emango zaie 4.000 euroko saria, baina bakoitzak izango du bere liburua, Elkar argitaletxeak udazkenean kaleratuta.

Lezamako Udalak eta Elkar argitaletxeak sortu zuten sariketa hau, Lezamako seme eta euskal kulturako sortzaile eta bultzagile handi izandako Mikel Zarateren omenez, eta hamaseigarren ekitaldia izan da aurtengoa. Azken urteetako irabazleak Lur Gallastegi, Ruben Ruiz eta Karmele Mitxelena izan dira.

Aurten zortzi lan lehiatu dira guztira. Epaimahaiak bataz besteko maila altua azpimarratu du, eta lan bakarra irabazletzat hartzeko zailtasuna. Azkenean, bada, baten partez bi irabazle.

Maitane Ariztiren "Aitona elefante bat da" ipuinak egungo haur literaturan klasiko bihurtuz doan gai bat hartu du: kontalari eta protagonista den haurraren aitonak burua eta are bizia ere galtzea, baina modu original, bizi eta baikorrean osatu du egileak istorioa, idazkera dotorez eta umore etengabez.

Maitane Perez Argoteren "Balearen kanta" ipuinak, berriz, egungo gizartean kezka bizia sortzen duten bi gai uztartu ditu: migrazioak eta ekologia. Afrikatik Europara joan nahi duen neskato bat da Hayda, baina txalupatik itsasora erori eta gero, balea batek hartuko du bere gain, eta hortik abiatuko da istorio samur bezain harrigarria.

Jarraitu irakurtzen

 


  • DataMaiatzak 29
  • Gaia Literatura