Elgoibarko Udalak Gotzon Garate izeneko beka sortu zuen 2009an, euskararen arloko lanak sustatu, eta aldi berean, idazle eta euskaralari elgoibartarra omentzeko asmotan.
Beka horren lehenengo deialdian, 2009an, ikerketa gaia "Elgoibarko Toponimia" izan zen. Bigarren deialdian, 2014an, bekaren helburua "Elgoibarko euskarazko ondarea gizarteratzeko egitasmoak edota euskarriak proposatzea" izan zen, eta horren emaitza izan zen www.elgoibarreraz.eus ataria. Hirugarren deialdiko gaia, Gotzon Garateren oroimenez, Elgoibarko Izarrak eta Elgoibarko Udalak elkarlanean antolaturiko "Euskara ala Ezkara" zikloek emandakoa jaso eta gizarteratzea izan zen, eta horren emaitza izan zen www.euskaraalaezkara.eus ataria. 2022koa Gotzon Garate bekaren laugarren deialdia izan zen eta ikerketa esparrua ondorengoa izan zen: "Hizkuntza aniztasuna Elgoibarren: jatorri atzerritarreko bizilagunak eta euskara".
2026an, bestalde, Elgoibarko Udalak Gotzon Garate Bekaren V. deialdia egin du, Danobat kooperatiba elkartearen eta Elkar argitaletxearen laguntzarekin.
Aurtengo beka deialdiaren helburu nagusia izango da euskal kultura zabaltzea eta idazle berrien lanari laguntza ematea. Horiek horrela, deialdi honetara, eleberriak idazteko proiektuak aurkeztu ahal izango dira, jatorrizkoak eta euskaraz sortuak, zatika edo osorik inon argitaratu gabeak, sarituak izan ez direnak eta beste inondik moldatu gabeak.
Bestalde, deialdian hala nahi duten norbanako guztiek parte hartu ahal izango dute, eta eskatzaile bakoitzak nahi adina proiektu aurkeztu ahal izango ditu, ezinbestean, euskaraz. Hala ere, kontuan izan behar da beka egile berrientzat dela eta, horrexegatik, ezin izango dela libururik argitaratuta eduki edo, gehienez, liburu bat argitaratuta eduki ahal izango dela eskaerak aurkezteko epea bukatu arte, hau da, 2026ko uztailaren 30era arte.
Bekaren xede den eleberria egiteko epea, gehienez ere, 12 hilabetekoa izango da, eta zenbatekoa, berriz, 8.000 eurokoa. Bekaren lana euskaraz egingo da, eta originala eta argitaratu gabea izan beharko da. Lana Udalaren ardurapean burutuko da, Jasone Osoro idazlearen mentoretza literarioarekin. Epaimahaia Uxue Alberdi, Danele Sarriugarte eta Mikel Ayllon idazleek osatuko dute.
Oinarriak eskura daude www.elgoibar.eus webgunean, eta eskabideak eta gainerako agiriak Elgoibarko Udalaren Herritarrentzako Arreta Bulegoan (Santa Ana 2, 20870 Elgoibar) edo modu telematikoan aurkeztu ahal izango dira udal egoitza elektronikoan, www.elgoibar.eus webgunean, "Gotzon Garate Bekaren V. deialdia" erreferentzia jarrita.
Bekarako proposamenak aurkezteko epea 2026ko uztailaren 30ean bukatuko da.
Fitxa honen asmoa informazioa ematea baino ez da, eta ezin da, inola ere, indarrean dagoen lege-testuaren ordezkotzat hartu. Kulturklikek edukia eguneratzeko eta zuzentzeko eskubidea du, eta ez du horren inguruko erantzukizunik hartuko bere gain.