Mugak/ bienalak 2027rako etika, estetika eta ekonomiaren arteko eztabaida planteatzen du, "Egokia, Ederra, Eskuragarria" lelopean

  • Mugak/ bienalak 2027rako etika, estetika eta ekonomiaren arteko eztabaida planteatzen du,

  • Mugak/ Euskadiko Nazioarteko Arkitektura Bienalak bere seigarren edizioaren gako kontzeptualak aurkeztu ditu gaur Euskadiko Arkitektura Institutuan. Edizio hori 2027ko udazkenean egingo da
  • Herri-adierazpide ezagun batetik abiatuta —"Egokia, Ederra, Eskuragarria"—, lan onaren, edertasunaren eta irisgarritasun ekonomikoaren arteko harremana aztertzea proposatzen du Mugak/ek, arkitektura eztabaida publikoaren erdigunean jarriz
  • Prestaketa-lanen esparruan, bienalaren antolakuntzak iragarri du datorren 2026ko ekainean irekiko dela Onsite Mugak/deialdi berria

Mugak/ Euskadiko Nazioarteko Arkitektura Bienalak —Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak bultzatutako ekimena— bere seigarren edizioaren esparru kontzeptuala aurkeztu du gaur Euskadiko Arkitektura Institutuan. Edizio hori 2027ko udazkenean egingo da.

Aurreko edizioa utopia garaikideei eskaini ondoren, "Gazteluak airean" lelopean, Mugak/ek etapa berri bati ekingo dio orain, oinak berehalako errealitatean jarrita. "Egokia, Ederra, Eskuragarria" lelopean, Bienalak galdera bezain xume eta premiazko bati buruzko hausnarketa proposatzen du: gaur egun posible al da pertsona guztientzako espazio on, eder eta eskuragarriak eraikitzea?

Kontzeptua gaur goizean aurkeztu dute Donostiako Euskadiko Arkitektura Institutuan egindako ekitaldi batean. Bertan izan dira Denis Itxaso Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda sailburua, Pablo García Astrain Etxebizitza, Lurzoru eta Arkitektura zuzendaria, María Arana arkitekto eta Bienaleko komisarioa eta José Ángel Medina Murua Euskadiko Arkitektura Institutuko zuzendaria.

Prentsaurrekoan jakitera eman dutenez, Mugak/ek bere izaera egituratzaile eta nazioartekoa mantenduko du 2027an. Programazioa hiru lurralde historikoetan zabalduko da, eta Euskadi profesionalen, erakundeen, kultur eragileen eta herritarren arteko topagune bihurtuko du berriro.

Herri-formula bat krisi global bati aurre egiteko

"Egokia, Ederra, Eskuragarria" adierazpide ezaguna, zuzena eta, itxuraz, egunerokoa da, baina ia inork ez du aintzat hartzen, beti baitago hiru premisa horietakoren batek huts egingo duelako susmoa. Hauxe da Bienalaren zuzendaritzak gaur egungo gizarteari eragiten dioten tentsio handietako batzuk mahai gainean jartzeko abiapuntua: arkitekturaren erantzukizun etikoaren (ona dena), bizi garen espazioen kalitate estetikoaren (ederra dena) eta ekonomikoki eskuragarriak diren irtenbideak bermatzeko beharraren (merkea dena) arteko harremana.

Etxebizitzaren krisia, klima-larrialdia, materialen gabezia, lan-prekarietatea, eskulan kualifikatuaren falta eta kontsumo-ereduen presioa ezaugarri dituen testuinguru honetan, arkitektura eztabaida publikoaren erdigunera itzultzea proposatzen du Mugak/ek. Edizio berriak galdetu nahi du zergatik bizi, lan egin, ikasi edo erlazionatzen garen espazioen kalitateak ez duen toki ageriago bat hartzen gizarte-elkarrizketan.

Jarraitu irakurtzen


  • DataEkainak 3
  • Gaia Ikusizko arteak, Bestelakoak, Diseinua