EZEZEZ, Izaki Gardenak, Jon Sáenz, Maite Larburu, Maite Ruiz de Erentxun, Ødei, Olaia Inziarte eta Sara Zozaya, Musika Bulegoa Sariak 2026

  • EZEZEZ, Izaki Gardenak, Jon Sáenz, Maite Larburu, Maite Ruiz de Erentxun, Ødei, Olaia Inziarte eta Sara Zozaya, Musika Bulegoa Sariak 2026

  • Musika Bulegoa Sariek hamar urte ospatu dituzte Biarritzen euskal musikaren aniztasuna eta sormena aitortuz
  • Olaia Inziarte, Jon Sáenz, Maite Ruiz de Erentxun, Sara Zozaya, Maite Larburu, Izaki Gardenak, EZEZEZ eta Ødei izan dira epaimahai profesionalak saritutako artistak
  • Fermin Muguruzak jaso du Etxepare Euskal Institutua Musika Saria, Javier Corral "Jerry"-k EHMBE Ohorezko Saria eta Xabi Aburruzagak Publikoaren Saria

Musika Bulegoa Sarien hamargarren edizioa ospatu da gaur Biarritzeko Atabal aretoan. Euskal Herriko musikaren urteko hitzordu nagusietako bat bihurtu diren sariek ehun profesional eta gonbidatu baino gehiago bildu dituzte bertan: artistak, musikariak, sortzaileak, programatzaileak, komunikabideetako ordezkariak, erakundeetako arduradunak eta musika-industriako eragileak.

Hamargarren urteurreneko edizio berezi honetan, sariak Atabal aretora itzuli dira, pandemia garaian bertan egindako azken ekitalditik urte batzuetara. Gainera, lehen aldiz, gala publiko orokorrari ireki zaio, musikazaleei sari-banaketa zuzenean bertatik bertara bizitzeko aukera eskainiz.

Ainhoa Vitoria eta Aitziber Garmendiak aurkeztutako ekitaldian, guztira hamaika sari banatu dira, euskal musikaren gaur egungo aberastasuna, aniztasuna eta sormen-gaitasunaren adirazgarri diren proiektuak aitortuz.

Aurtengo epaimahai profesionalak —Natxo Vélez, Ane Zabala, François Maton, Jaione Martiarena, Geraldine Ramirez, Artur Estrada, Haizea Huegun eta Iñigo Irazoki— honako artista eta lan hauek saritu ditu:

Publikoaren Saria, berriz, Xabi Aburruzagak jaso du Bask lanagatik. Ia 3.000 lagunek parte hartu dute bozketan, Musika Bulegoak prestatutako plataforma digitalaren bidez.

Bestalde, Etxepare Euskal Institutuaren Musika Saria Fermin Muguruzari eman zaio, euskal musika eta euskara nazioartean zabaltzeko egindako ekarpenagatik. Hautaketa batzordea azken hiru urteetako saridunek osatu dute —Oreka TX, Euskal Barrokensemble eta Izaro— Etxepare Euskal Institutuarekin batera.

EHMBE Ohorezko Saria Javier Corral "Jerry"-k jaso du. Musika kazetaritzan egindako ibilbide luzea eta euskal musikaren zabalkundean egindako ekarpena aitortu nahi izan ditu Musika Bulegoaren zuzendaritza batzordeak.

Sari-banaketaz gain, musikak protagonismo berezia izan du ekitaldi osoan zehar. Olaia Inziartek ireki du gala zuzeneko emanaldi batekin, eta ondoren Sara Zozaya, Maite Ruiz de Erentxun, Izaki Gardenak eta Ødei ere igo dira oholtzara, sariak eta zuzeneko musikaren emozioa uztartuz.

Hamargarren urteurreneko edizio honek berriro erakutsi du euskal musikaren sektoreak bizi duen sormen une oparoa.

Musika Bulegoko lehendakari Maddi Aranak bere hitzaldian adierazi duenez, «hamar urte hauetan gauza asko aldatu dira, baina ez euskal musikaren sormen indarra eta komunitate honen konpromisoa».

Musika Bulegoa Sariek sortzaileak, erakundeak, komunikabideak eta publikoa elkartzeko topagune izaten jarraitzen dute, euskal musikaren etorkizuna elkarrekin ospatzeko eta indartzeko espazio gisa.

Aurtengo edizioan Laboral Kutxa eta Bizkaiko Foru Aldundia izan dira babesle nagusiak; Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Saila, Etxepare Euskal Institutua, Arabako Foru Aldundia eta Sympathy for the Lawyer babesleak; eta Fundación SGAE eta Atabal aretoa laguntzaileak.

EITB, Berria eta Noticias Taldea izan dira komunikabide laguntzaileak.

SARITUAK

Musika Bulegoa Sariak 2026

Publikoaren Saria

  • Xabi Aburruzaga – Bask

 

Etxepare Euskal Institutuaren Musika Saria

  • Fermin Muguruza

EHMBE Ohorezko Saria

  • Javier Corral "Jerry"


  • DataEkainak 4
  • Gaia Musika