Ikusmira Berriak zinemagileentzako egonaldi-programak 10. urteurrena bete zuen iaz. Jada finkatuta dagoen egitasmoa bada ere, hazten jarraitzen du oraindik. Maialen Franco da programaren arduraduna. Ikusmira Berriak-ek bere ibilbidearen bigarren hamarkada abiatu duen honetan, programaren sorrera, bilakaera eta etorkizuneko erronkak ezagutu ditugu Maialenen eskutik.
Zer da Ikusmira Berriak? Nori zuzenduta dago?
Ikusmira Berriak zinemagileentzako egonaldi-programa da. Bere helburua talentu emergentea eta ikus-entzunezko sorkuntza sustatzea da, espazioa, denbora, testuingurua eta baliabideak eskainiz. Programa 2015ean sortu zen Donostia Zinemaldiaren eta Tabakaleraren elkarlanetik, eta geroago Elías Querejeta Zine Eskola ere batu zen antolakuntzara. Ibilbidearen hasieran edo gorabidean dauden zinemagileei zuzenduta dago, eta programak hainbat egonaldi-kategoria eskaintzen ditu, nazioarteko, Espainiako, Euskadiko, EQZEko eta NESTeko sortzaileentzat, besteak beste.
Zer ematen dio Donostia Zinemaldiaren, Tabakaleraren eta Elías Querejeta Zine Eskolaren arteko elkarlanak programari?
Hiru erakundeen arteko elkarlanari esker, Ikusmira Berriak-ek zinema-proiektu baten garapenerako behar diren dimentsio nagusiak uztartzen ditu: Donostia Zinemaldiak nazioarteko ikusgaitasuna eta industria profesionalarekin harremanak eskaintzen ditu. Parte-hartzaileek ekoizle, banatzaile eta bestelako profesionalekin konektatzeko aukera dute, eta proiektuak Zinemaldiaren testuinguruan aurkez ditzakete. Tabakalerak sorkuntzarako espazioa, baliabideak eta kultura-testuingurua eskaintzen ditu. Egonaldia bertan egiten da, eta zinemagileek ekosisteman dauden zinema-aretoak, laborategiak, liburutegi espezializatuak eta bestelako azpiegiturak erabil ditzakete. Eta Elías Querejeta Zine Eskolak prestakuntza, ikerketa eta hausnarketa zinematografikoa gehitzen ditu; bere ekarpenari esker, programak ikuspegi akademiko eta teorikoa uztartzen ditu lan profesionalarekin, eta talentu berrien laguntza eta garapena indartzen ditu.
Izan ere, erakundeek hiru helburu estrategiko partekatzen dituzte: zinemaren ezagutza transmititzea, talentu berriak aurkitzea eta laguntzea, eta ikerketa eta pentsamendu zinematografikoa sustatzea. Horregatik, Ikusmira Berriak ez da soilik egonaldi bat; prestakuntza, sorkuntza eta industria profesionala lotzen dituen ekosistema osoa baizik.
[Ikusmira Berriak programaren 12. edizioan hautatutako sei zinemagileak: Gala Hernández, Rod Llaverías, Valeria Hofmann, Ekain Albite, Kavich Neang eta Inês Nunes]
Egonaldia bi fasetan banatuta dago. Zer egiten da fase horietako bakoitzean eta zer-nolako baliabideak jartzen dira egoiliarren eskura?
Ikusmira Berriak zortzi asteko egonaldia da, bi fasetan banatuta, zazpi hilabeteko laguntza-programa batekin.
Lehen faseak (martxoa - apirila) sei aste irauten du. Egoiliarrek euren zinema-proiektuak garatzen dituzte Tabakaleran, eta, horretarako, proiektu bakoitzari esleitutako mentoreen laguntza jasotzen dute. Banakako eta taldeko saioetan ere parte hartzen dute, eta nazioarteko zinemagileen edo sektoreko profesionalen aholkuak jasotzen dituzte. Maiatzetik abuztura bitartean, bi faseen artean, online tutoretzak eta proiektuak garatzeko laguntza ekonomikoa eskaintzen da.
Bigarren fasea berriz, irailean gertatzen da Donostia Zinemaldiarekin batera. Bi aste irauten du, eta fase honetan zinemagileek jarduera profesionaletan parte hartzen dute, proiektuak industriako profesionalei aurkezten dizkiete eta networking- edo topaketa-saioetan parte hartzen dute.
Laburbilduz, lehen fasea sormen- eta garapen-lanerako da; bigarren fasea, proiektua industriari aurkezteko eta harreman profesionalak sortzeko. Baliabide tekniko, ekonomiko eta profesional zabal batez lagunduta daude biak.
[2026ko proiektuen aurkezpen publikoa]
Zer motatako proiektuak bilatzen dituzue? Zer izan ohi duzue bereziki kontuan hautaketa-fasean?
Deialdian aurkezten diren proiektuak garapen-fasean daude. Horregatik, ideia berritzaileak edo gaiak baino, begirada zinematografiko propioak bilatzen dira. Hau da, normalean ez dugu proiektu puntual bakarra aurkitu nahi, baizik eta potentziala duen zinemagilea, lagundu, babestu edo jarraitu dezakegun karrera zinematografikoa.
Horrez gain, Ikusmira Berriak-ek espazio pluralaren aldeko apustua egiten du. Horregatik, proiektuak hautatzerakoan, aniztasunarekin lotutako beste alderdi batzuk hartzen ditugu kontuan, forma guztietan: geografikoa, identitarioa, kulturala, belaunaldikoa... espazio eta etorkizun inklusiboa eraikitzeko. Programaren helburua da egungo panorama islatuko duen espazioa sortzea eta zinemagileen belaunaldi berriei benetako sarbidea erraztea.
Zelako bilakaera izan du Ikusmira Berriak programak abian jarri zenetik? Aldaketa handiak izango ziren urte hauetan, ezta?
2015ean sortu zen, hasiera batean Tabakalerak, Donostia Zinemaldiak eta Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburuak sustatuta. Hasieratik helburu izan zuen proiektu zinematografiko bat garatzen ari ziren zinemagileei espazioa, testuingurua, denbora eta baliabideak eskaintzea.
Lehen urteetan, programak lau egonaldi eskaintzen zituen, hilabeteko iraupenarekin, eta hautatutako zinemagileek beren proiektuak garatzeko eta prestakuntza jasotzeko aukera zuten. 2018an Elías Querejeta Zine Eskola sartu zen, eta 2019tik aurrera egonaldi-eredua aldatu egin zen, bi egonaldiko formatura igaroz. Gaur egun, programak zazpi hilabeteko laguntza-prozesua eskaintzen du, zortzi asteko egonaldi presentzialarekin (sei aste udaberrian eta bi Zinemaldian), online tutoretzak, garapen ekonomikorako laguntzak eta industriarako sarbide pertsonalizatuta barne hartuta. Era berean, parte-hartzaileen kopurua eta nazioarteko dimentsioa nabarmen handitu dira, eta Ikusmira Berriak erreferentziazko plataforma bihurtu da zinemagile berrien proiektuak garatzeko eta nazioarteko ikusgaitasuna lortzeko.
[Sei egoiliarren pitching-saioa]
2017an hartu zenuten nazioarteko dimentsioa indartzeko erabakia. Zer onura ekarri dio horrek programari?
Programak arreta berezia jarri du beti errealitatea ulertzeko eta kontatzeko forma berrietan, narratiba berrietan eta lengoaia zinematografikoaren erabilera berrietan. Horretarako ezinbestekoa zen nazioarteko dimentsioa indartzea.
Ondorioak positiboak izan dira: programaren ikusgaitasuna eta prestigioa handitu ditu, mundu osoko zinemagileak erakarriz eta sormen-testuinguru anitzagoa sortuz. Horrez gain, nazioarteko industriako eragileekin loturak sendotu ditu, parte-hartzaileen profesionalizazioa eta proiektuen nazioarteko garapena erraztuz. Horrela, programa erreferentziazko plataforma bihurtu da talentu berriak sustatzeko eta zinema garaikidearen sare globaletan txertatzeko. Bertako eta nazioarteko zinemagileen arteko bizikidetza ere funtsezkoa da; horregatik, konpromiso sendoa dugu euskal zinemagileekin, eta nazioartean duen harrera euskal zinema kanpora hedatzeko aukera ere bada.
[Ikusmira Berriak 2015-2025 liburuaren aurkezpen-ekitaldia]
Aldaketak aldaketa, Ikusmira Berriak-ek hemengo talentuarekin konpromiso sendoa izaten jarraitzen du. Bereziki aipagarria da euskal emakumezko zinemagileek programan izan duten lekua...
Euskal zinema bultzatzea izan da egonaldiaren helburu nagusienetako bat, urtero euskal proiektuak hautatuz. Programak modu naturalean erakutsi du hautatutako gehienak emakumeek gidatutakoak izan direla. Belaunaldien arteko erreleboa dago euskal zineman, eta Ikusmira Berriak-ek egiaztatu du oso aberatsa dela: Maider Oleaga, Amaia Merino, Maider Fernández Iriarte, Arantza Santesteban, Aitziber Olaskoaga, Jaione Camborda, Marina Palacio, Irati Gorostidi, Maddi Barber, Mikele Landa, María Elorza eta Joana Moya horren erakusle dira. Eta euskal zinemaren oraina eta etorkizuna dira.
Iaz, Kabia jardunaldiaren baitan, Ikusmira Berriak 2015-2025 liburua aurkeztu zenuten. Zer jaso nahi izan zenuten bertan?
Programa lantzen dugun hiru erakundeen ikuspuntua egotea garrantzitsua iruditu zitzaigun, eta Tabakalerako, Elias Querejeta Zine Eskolako eta Donostia Zinemaldiko ordezkarien testuak aurki ditzakegu liburuan: Sara Hernández, Clara Montero, Carlos Muguiro edo Maialen Beloki.
Hamar urteko ibilbide honetan programan parte hartu duten nazioarteko zinemagile eta profesionalen testuak ere bildu genituen: Albertina Carri, Eugenia Mumenthaler edo Carlos Chatrian.
Baina liburuaren helburua egonaldian bizitako oroitzapenak partekatzea izan zen, eta, estreinatu diren filmen arrakastatik harago, zinema-jaialdietan edo -sarietan egindako ibilbidetik harago, liburuak oroitzapenak bilatu nahi izan zituen. Horretarako, pelikula edo lan bakoitzaren atzean dauden pertsonen sakontasunean eta 56 proiekturen memorian barneratu ginen; izan ere, zinemagileei esker existitzen da Ikusmira Berriak. Beraientzat egindako liburu bat izan zen.
[Ikusmira Berriak 2015-2025 liburuaren barneko irudi bat]
2015etik, 62 proiektu sustatu ditu Ikusmira Berriak-ek, eta horietako askok zeresan handia eman dute mundu zabaleko jaialdietan. Nola baloratzen duzue urte hauetan egindako lana? Zer egoeratan dago programa une honetan?
Ikusmira Berriak programaren azken urteetako ibilbidea positiboki baloratzen dugu.
Une honetan, egonaldia finkatu egin da nazioarteko eta tokiko zinemagileen arteko topagune garrantzitsu gisa. Programa sendotuta dago, erreferentziazko espazio gisa kokatuta, baina, aldi berean, etengabeko berrikuntzaren eta egokitzapenaren erronka du, ikus-entzunezko sorkuntzaren testuinguru aldakorrarekin bat egiteko eta sortzaile berriei laguntza eraginkorra eskaintzen jarraitzeko.
Urte esanguratsua izan zen iazkoa, bost proiektu estreinatu baitziren nazioarteko eta estatuko jaialdi garrantzitsuetan. Donostia Zinemaldian, edo Canneseko eta Veneziako zinema-jaialdietan, adibidez: Aro Berria (Irati Gorostidi); La misteriosa mirada del Flamenco (Diego Céspedes); Estrany Riu (Jaume Claret Muxart); Hiedra (Ana Cristina Barragán) eta Anoche conquisté Tebas (Gabriel Azorín).
Edozein modutan, izango da oraindik hobetzeko tarterik, ezta? Zein dira Ikusmira Berriak-en erronka nagusiak aurrera begira?
Azkeneko bi urteetan, bi sari berri gehitu dira, Zinemaldian ematen direnak: Sideral saria, 10.000 eurokoa, nazioarteko banaketarako gutxieneko berme gisa; eta Casa Wabi saria, bost asteko egonaldi artistiko bat Mexikon.
Baina oraindik badago garai berrietara egokitzeko aukera: batetik, gero eta nazioartekoagoa den deialdi batean kalitate artistikoa eta aniztasuna bermatzea, eta, bestetik, sortzaile berriei benetakoa eta eraginkorra den laguntza ematea, proiektuak garapenetik ekoizpen- eta erakusketa-fasera iritsi daitezen. Aldi berean, oso garrantzitsua da guretzat euskal zinema eta nazioarteko sareen arteko lotura mantentzea eta indartzea. Horrez gain, programaren jasangarritasun ekonomikoa ziurtatzea eta ikus-entzunezko sektorearen aldaketetara egokitzea ere funtsezko erronkak dira. Baita programak zinemagileen ibilbidean duen benetako eragina hobeto neurtzea eta ikusgai egitea ere.
[2026ko ekainaren 9an argitaratutako Berezia]