Etxepare Euskal Institutuak eta LABORAL Kutxak Etxepare-LABORAL Kutxa Itzulpen Sariaren edizio berri bat jarri dute abian. 2015etik, sariak euskarazko literatura irakurle berriengana iristea eta beste hizkuntza, merkatu editorial eta kultur testuinguru batzuetan bere presentzia indartzea ahalbidetzen duten itzultzaile eta argitaletxeen lana aitortzen du, euskal literaturaren nazioarteko zirkulazioan egiten duten ekarpena balioan jarriz.
Aurtengo edizioak hainbat berrikuntza dakartza saritutako lanen nazioarteko zabalkundea indartzea helburu hartuta. Nabarmenena sariaren zuzkidura ekonomikoaren igoera da: 4.000 eurotik 6.000 eurora pasa da. Zenbateko hori itzultzaileak eta lana argitaratu duen argitaletxeak jasoko dute, erdibana.
Halaber, nazioarteko sustapen-jardueretarako laguntza osagarria ere handitu da, 2.000 eurotik 3.000 eurora. Zenbateko hori sari banaketara bertaratzeko edo itzulpena plazaratu den herrialdean obraren zabalkundea sustatzeko erabili ahal izango da. Adibidez, aurkezpenak, komunikazio-kanpainak, elkarrizketak edo irakurleekin topaketak egiteko.
Gainera, Etxepare Euskal Institutuaren AT! Itzulpena: literatura deialdiaren bidez lagundutako lanak automatikoki izango dira sarirako hautagai, betiere oinarrietan ezarritako baldintzak betetzen badituzte.
Euskarazko literaturaren itzulpena nazioarteko zabalkundea aitortzen dituen saria
Etxepare-LABORAL Kutxa Itzulpen Sariak ez du soilik itzulpen baten kalitatea aitortzen. Jatorriz euskaraz idatzitako obra bat irakurle berriengana iristeko eta beste literatura-sistema batzuetan txertatzeko egiten den lana ere baloratzen du. Horregatik, epaimahaiak kontuan hartuko ditu bai itzulpenaren kalitatea, eta baita argitaletxearen ibilbidea eta egindako sustapen-lana ere.
Ikuspegi bikoitz horri esker, sariak aitortza partekatua egiten die lan baten itzulpena gauzatzen dutenei eta haren nazioarteko zabalkundean eta ikusgarritasunean laguntzen dutenei. Horrela, euskarazko literatura bere muga linguistikoak gainditu eta irakurle nahiz literatura-sistema berrietara iristea ahalbidetzen duen prozesu osoa jartzen du balioan.
2025ean beste hizkuntza batean argitaratutako euskarazko literatura-lanen itzulpenak aurkeztu ahal izango dira sarira. Hautagaitza itzultzaileak, argitaletxeak edo liburugintzaren, literaturaren nahiz itzulpengintzaren arloko beste edozein eragilek aurkeztu ahal izango du.
Hautagaitzak aurkezteko epea uztailaren 10era arte egongo da zabalik.
Sari banaketa Itzultzaileen Nazioarteko Egunaren inguruan egingo da, eta Etxepare Euskal Institutuak eta LABORAL Kutxak datozen asteetan emango dituzte ezagutzera tokia eta data.
Fitxa honen asmoa informazioa ematea baino ez da, eta ezin da, inola ere, indarrean dagoen lege-testuaren ordezkotzat hartu. Kulturklikek edukia eguneratzeko eta zuzentzeko eskubidea du, eta ez du horren inguruko erantzukizunik hartuko bere gain.