Xedea
2026. urtean euskararen eremu geografikotik kanpo arte garaikideko erakusketak edo gertakizunak antolatzea eta/edo haietan parte hartzea (lehiaketak, jaialdiak, erakusketak, egoiliar gisako proiektuak...).
Xede honetarako, ez dira aintzat hartuko erakusketa iraunkorrak. Hortaz, ohiz kanpokotzat jo daitezkeen proiektu edo ekimen zehatzak onartuko dira soilik.
Ez dira onartuko obraren salerosketarekin zerikusia duten eskaerak, ezta nazioarteko arte-azoketan parte hartzearekin zerikusia dutenak ere.
Ez dira onartuko arlo akademikoarekin edo unibertsitate ikasketekin zerikusia duten eskaerak.
Diru-baliabideak
Modalitate honetarako gehieneko zuzkidura laurogei mila (80.000) eurokoa izango da.
Eskabideen aurkezpena eta dokumentazioa
a) Eskatzaileek eskabide bakarra aurkez dezakete, eta jasotako dirulaguntza ez da inoiz izango hamabost mila (15.000) euro baino handiagoa.
b) Hainbat pertsonak parte hartzen duten proiektu artistiko kolektiboen kasuan, bakoitzak bere eskabidea egingo du pertsona fisiko gisa era indibidualean.
c) Ezinbestekoa da arte-ekintza hartuko duen espazioaren arduradunak sinatutako kontratu, gonbidapen edo ziurtagiri bat aurkeztea, ekintza hori zein baldintza ekonomikotan garatuko den adieraziz, hau da, zenbatekoa den artistak jasoko duen ordainsaria, edo, hala badagokio, artistari gauzatan ordaintzen bazaio, ordainduko zaiona dieta, bidaia, ostatu edo materialaren garraioaren kontzeptuetan izango dela adieraziz.
Arte-ekintza hartuko duen espazioak ekintzaren finantzazioan parte hartu beharko du. Ez da onartuko EEI eta laguntza eskatzen duen pertsonaren ekarpen ekonomikoarekin osoki finantziatutako proiekturik. Artistari gauzatan ordaintzen badio, honako kontzeptuetako bat hartu beharko du beregain: dietak, bidaia, ostatua edo materialaren garraioa.
Ez da laguntzarik emango beren jarduerei buruzko on line informazio eguneraturik ez duten guneetan garatu beharreko proiektuetarako.
d) Ez da inbertsio amortizagarririk onartuko.
e) Ez da onartuko artista laguntzera joandako aholkulari edo laguntzaileen gasturik.
f) Ez da muntaia gasturik onartuko.
Egoiliar proiektuak
1.– Egonaldi-proiektutzat hartuko dira bai ikerketa artistikora bideratutako egonaldiak, baita proiektu artistiko bat gauzatzera bideratutakoak ere.
Egoitza-zentroak horretarako prestatutako zentroa izan beharko du, eta on line eskura izan beharko du bere erresidentzia artistikoen programari buruzko informazioa.
Egonaldiaren gutxieneko iraupena bi astekoa izango da.
2.– Eskaerarekin batera, zentroko arduradunak sinatutako ziurtagiri edo dokumentu bat aurkeztu beharko da, honako hauek adieraziz:
– Egoitzaren helburuak: egin beharreko ikerketaren edo garatu beharreko proiektuaren deskribapena eginez.
– Artista zein baldintza ekonomikotan hartuko den ostatuari, janariei, materialei eta erabili beharreko azpiegiturari dagokienean.
– Egonaldiaren iraupena eta arduradunaren harremanetarako informazioa.
Dokumentu honen baliokide gisa ez da onartuko arte-egoitzetarako deialdietan izena eman izanaren ziurtagiririk edo antzekorik.
Ez da onartuko unibertsitate-prestakuntzaren esparruko egoitza-proiekturik, karrera-amaierako proiekturik eta antzekorik.
3.– Joan-etorri bati dagozkion gastuez gain, egoiliar proiektu bakoitzeko eman daitekeen hilabeteko gehieneko kopuruak ezingo ditu 1.600 euro gainditu. Horietatik 800 euro dietetarako izango dira eta beste 800 euroak ostatutako gastuetarako.
Egonaldia luzeagoa izan arren, gehienez sei hilabetetako tartea lagunduko da diruz.
Fitxa honen asmoa informazioa ematea baino ez da, eta ezin da, inola ere, indarrean dagoen lege-testuaren ordezkotzat hartu. Kulturklikek edukia eguneratzeko eta zuzentzeko eskubidea du, eta ez du horren inguruko erantzukizunik hartuko bere gain.