Bilboko Udalak kultura, berdintasuna, aisia eta kirola eta adinekoen osasuna lantzen dituzten 324 ikastaro eta tailer eskaintzen ditu 2026-2027 ikasturterako. Aurreinskripzioaren epea bihar, ekainak 17, hasi eta irailaren 1ean amaituko da.
Oro har, herritarren eskura jarriko dira adinekoei zuzendutako 104 osasun-tailer, 110 kirol-talde, 85 kultura-tailer eta berdintasunari buruzko 25 tailer. Plaza kopurua 5.434 izango da guztira; 1.904 plaza osasunaren esparruan, 1.200 kulturarako, 335 berdintasunerako eta 1.995 aisialdirako eta kirolerako.
Programa adin nagusiko eta hirian erroldatutako pertsona guztiei zuzenduta dago eta 8 barrutietako udaltegietan emango da. Helburua, kasu guztietan, bilbotarren denbora librea dinamizatzea da, ezagutza eta trebetasun berriak eskuratzea erraztuko duten aisia-aukera osasungarrien bidez.
Kultura, berdintasun eta osasuneko ikastaroetan, eskaera udalaren web-orrian egin beharko da: www.bilbao.eus. Aisia- eta kirol-ikastaroetarako, berriz, www.bilbaokirolak.eus webgunean, aurrez aurre udal-kiroldegietan edo telefonoz egin ahalko da.
Jendeak tailerrak errazago aukeratzeko, eskainitako ikastaro eta tailerren 9.000 gida inprimatu eta udaltegietan banatuko dira.
ZOZKETA, IZEN-EMATEAK ETA PLAZEN ESLEIPENA
Irailaren 3an zozketa bat egingo da, eskatzaile bakoitzari izena emateko hitzordu bat esleitzeko. Emaitza irailaren 8tik aurrera ikusi ahalko da leku hauetan: www.bilbao.eus orrian, udaltegietan, edo 944 010 010 edo 010 telefonoetara deituz (astelehenetik igandera, 08:00etatik 20:00etara).
Aisialdiko eta kiroleko ikastaroetarako, zozketa horrek automatikoki esleituko du aurreinskripzioa egin zen plaza. Informazio guztia Bilbao Kirolak-en webgunean eskura daiteke.
Astelehenetik ostiralera, 09:00etatik 13:30era, 944 20 44 70/944 20 44 53 telefonoak ere erabil daitezke adinekoentzako osasun-ikastaroetan izena emateko.
Aisialdiko eta kiroleko ikastaroak banku-helbideratzearen bidez ordainduko dira. Gainerako jarduerak inskribatu ondorengo hiru egun baliodunen barruan ordaindu beharko dira. Adinekoentzako osasun-ikastaroak doakoak dira; gainerakoak gidan adierazitako tarifen araberakoak izango dira.
Urriaren 2tik aurrera, ikastaroren edo tailerren batean plaza librerik badago, ez da beharrezkoa izango aldez aurretik izena emateko eskaera egitea. Aisia eta kiroleko ikastaroei dagokienez, plaza hutsen epea irailaren 4an irekiko da, eta urte osoan zehar, hilabete bakoitzeko 24tik aurrera.
Ikastaro guztiak urrian hasiko dira.
KULTURA
Artisautzako eta arte aplikatuetako, arte plastikoetako eta arte bisualetako 85 tailer daude. Haien artean, 33 espezialitate, hala nola altzariak zaharberritzea, arte aplikatuak, barnealdeak dekoratzea, bitxigintza, ehungintzako patroiak, koadernaketa, larrua lantzea, lore-lanak, marketeria, patchwork, beiraz sortzea, scrapbooking, tiffanys, zeramika, zura lantzea, akuarela, olio-pintura, marrazketa eta pintura, eskultura, sumi-E, argazkilaritza, bideoa eta zinema. Eskaintza honetan 1.200 plaza daude, Bilboko 8 barrutietan banatuta.
Aurtengo nobedadea estanpazio-tailer bat ematea da. Gainera, ekonomia zirkularrarekin lotutako 2 tailer eskaintzen jarraitzen dugu: sormenezko birziklapena eta altzarien zaharberritzea eta birziklapena. Haietan, erabiltzen ez diren materialak objektu bihurtzen irakatsiko da. Tailer horien bidez lortu nahi da herritarrak kontzientziatzea material eta produktuen bizitza luzatzeari buruz eta hondakin gutxiago sortzeari buruz. Gainera, kultur tailerren eskaintzaren barruan, tailer batzuk euskaraz emango dira, honako espezialitate hauetakoak: argazkigintza digitala, sumi-E (tinta beltzezko marrazketa), akuarela eta urban sketching (bidaia-koadernoa).