Xabier Badiola, musikaria: «Orokorrean uste dut bigarren lan hau album gisa borobilagoa irten dela: abestien errenkada, entzule gisa nora eramaten zaituen, dinamikak, soinuak...»

  • Xabier Badiola, musikaria: «Orokorrean uste dut bigarren lan hau album gisa borobilagoa irten dela: abestien errenkada, entzule gisa nora eramaten zaituen, dinamikak, soinuak...»
    Argazkiaren egilea: Eneko Caos

Xabier Badiola eibartar musikariak bakarkako bigarren diskoa argitaratu du berriki: Leiho ondoan xori bat. Lan berriaren aitzakian, Xabierrekin hitz egin dugu, musikarekin izan zuen lehen hartu-emanaz, bere erreferente nagusiez, abestiak sortzeko prozesuaz, orain arte argitaratu dituen bi albumen arteko aldeez, etorkizuneko asmoez...


Nola hasi zinen musika-munduan? Zergatik hautatu zenuen gitarra? Zer du gitarrak beste musika-tresnek ez dutena?

10 urterekin hasi nintzen gitarrarekin herriko musika-akademia batean. Musikazalea nintzen, eta, auzoko lagun bat akademia hartan zebilenez, gurasoek gitarra jotzen ikasi nahi ote nuen galdetu zidaten, eta hala hasi nintzen. Gitarra jotzen hastea bera ez zen hautu kontzienteegia izan, erakargarria iruditzen zitzaidan eta bestelako instrumenturik ez jotzetik gitarrarekin moldatu ahal izatera ate handi bat irekitzea izan zen.

Gitarra-jotzaile gisa gehien maite dudana instrumentuak ematen duen jolaserako eta pertsonalizatzeko ahalmena da: soinu desberdinak, afinazioak... Ederra da momentu batetik bestera instrumentu guztiz desberdin bat esku artean edukitzeko ahalmen hori; norberaren burua galtzeko mila bide desberdin ditu, eta gauza bereziak aurkitzen dira horrela idazteko garaian.


Talde eta proiektu askotan ibili ondoren, 2023ko azaroan bakarkako lehen diskoa argitaratu zenuen, Gaztelupeko Hotsak diskoetxearekin. Ordura arte batez ere gitarra-jotzaile gisa aritua zinenez, abesten ikasi behar izan zenuen. Zer bildu nahi izan zenuen lan hartan?

Garai hartan Sotomonten nenbilen soilik, beste proiektu solteren batekin batera, eta ingelesez kantatzen genuen. Taldean sartzeko ikasi behar izan nuen abesten, hiru ahotsetara harmoniak egin eta ekipamendu izugarri ozenaren gainetik kantatu beharrak segituan jarri ninduen abian. Denborarekin estilo pertsonalago batean egin nuen abesti-sorta bat pilatzen joan nintzen, eta lagun batekin izan nuen elkarrizketa batean erabaki nuen euskaraz kantatzea, hain musika gertukoa eta biluzia izanda beste hizkuntza baten atzean gotortzea ez zitzaidalako zuzena iruditzen. Horrez gain, inguru nahiko erdaldunetan mugitzen nintzen, eta musikaren bidez berriz zirkuitu eta giro euskaldunetan murgiltzeko beharra sentitzen nuen.

Ederra izan zen disko hura sortzeko prozesua, iraganean grabatu izan dudalako beste talde batzuetan baina inoiz ez hain lasai eta presio gabe. Lagunentzat eta lau katu frikirentzat egindako zerbait izan zen.

[Argazkiaren egilea: Eneko Caos]


Etxean grabatu zenuen. Zer eman zion horrek azken emaitzari?

Asko maite ditut baliabide gutxirekin grabatutako diskoak, eta nire buruari jarri nion erronka izan zen etxean grabatzea, jolasetik ere izan zuen hein handi batean. Nire proiektu pertsonala izanda, zerotik hasia, esperimentaziorako tokia edukitzea oso askatzailea izan zen. Diskoari horrek eman dakioke halako goxotasun edo intimitate puntu bat. Soinu-identitate aldetik ere, hain esku gutxitatik pasatzean, soinu oso berezkoa ematen dio diskoari nire ustez. Gustura gelditu nintzen emaitzarekin. Inguruan musikan DIY (Zuk Zeuk Egin) filosofia handiko ereduak izan ditut gaztetxotatik, eta hari hori jarraitzeak pozten nau.


Zer-nolako musika da zurea? Zein dira zure erreferentzia nagusiak? Iturri berriak bilatu eta haietatik edaten duten horietakoa zara?

Beti da zaila norberaren musika definitzea, horretarako daude musika-kritikariak zorte onez (kasu onenetan). Folkaren aterki erraldoiaren barnean defini daiteke. Orokorrean gitarraz eta ahotsaz soilik aurkeztuta dagoenez, biek dute pisu handia; gitarra-konponketei garrantzi handia ematen diet, hitzei eta melodiei ahotsaren tratamenduari baino gehiago agian. Maite dudan musika akustiko gehiena halako estutasun sublime bat-edo eragiten didana da, ez existitzetik oso gertu-edo sumatzen dudana; sentsazio hori helarazi nahi izaten dut egiten dudanarekin, abestia airean dagoen momentu hori behin betikotu, edo ikusleekin partekatu eta memorian gorde soilik.

Musika entzuteko orduan, nahiko obsesiboa naiz zerbait berria aurkitzen dudanean; denbora jakin batez blaitzen naiz nire obsesio-iturrian eta gero barnean eramaten dut egoera pertsonal jakin batek edo eguraldiak edo dena delakoak gogorarazten didan arte. Eman dezake zaharra denari fetitxea diodala, baina oso melomanoa naiz orokorrean, genero guztietan aurkitzen ditut gustuko perlatxoak. Zerbait oso maite dudanean fisikoan erosi nahi izaten dut, autosufizientzia kontu bategatik-edo, eta are gehiago streaming plataformekiko dependentzia garaiotan.

Erreferentzia pare bat botatzeagatik, gitarra akustiko "primitibista" eta esperimentala asko maite dut. Gwenifer Raymond eta William Tyler aipatuko nituzke, azken horrek bere azkeneko diskoan elektronika eta musique concrète-a ere landu ditu. Daisy Rickman ere asko maite dut; bere bi diskoak ditut eta bertan galtzeko modukoa da egiten duena. Bertako zenbait musikari edo proiektu aipatzearren, Gartxoten azken diskoa asko gozatu dut, Amaia Mirandak ekoitzia, eta baita Maddi Etxeberriaren Amaitasuna ere; zuzenean harrituta utzi izan nau ikusteko aukera izan dudanean.

[Argazkiaren egilea: Eneko Caos]


Nola sortzen dituzu abestiak?

Normalean gitarran bila nabilela topatzen ditut ideiak. Koadernotxo batean biltzen ditut, izan akordeak, riffak, ideia solteak... Gero igeltsero-lana abestiari forma emateko garaian: melodiak aurkitu, idazten joaten naizen hitzetan musikak helarazten didan horrekin harremana duen zerbait bilatu, hutsetik asmatu... Ez dago bide bakarra, baina orokorrean patxadaz egiten dudan zerbait da. Errazagoa da noski zerbait egin eta herrenak aurkitzea zuritik hastea baino; beraz, doiketa-prozesu bat dela esango nuke. Niretzat garrantzitsuena abestia gorpuztu arte ezer sakraturik ez edukitzea da; zerbait aldatu edo moztu behar bada, abestiak eskatzen badu, aurrera, eta amaituta dagoenean behar baino gehiago ez leuntzea, inperfekzioei tokia uztea.


Martxoan kaleratu duzu bigarren diskoa: Leiho ondoan xori bat. Aurrekoa ez bezala, estudioan grabatu duzu, zehazki Abadetxe estudioan, Xabier Agirrerekin, eta Balio Dute kolektiboaren eskutik kaleratu duzu. Zer helburu dago erabaki horien atzean? Zer abestu dizu belarrira leiho ondoko xoriak?

Bakarka jotzen hasi nintzenean ezagutu genuen elkar, eta, hitz egin eta lagun egin ahala, musika entzuteari, egiteari, grabatzeari buruzko ideia asko partekatzen genituela ikusi genuen. Asko lagundu dit konfiantza horrek, lehenengo aldia izan delako nire bakarkako lan bat beste norbaiten estudioan grabatu dudana, eta zuzeneko tomak egiteko hautua egin genuelako, horrek dakarren exijentzia teknikoarekin, bai jotzeko eta abesteko orduan, zein grabatzeko orduan. Bikain ulertu dugu elkar, eta asko lagundu dit perfekzionismoan ez erortzen; toma ona bada, magia badu, aurrera.

Balio Dute kolektiboan sartzeko hautua ere Xabirekin asko jorratu dudan motibo batengatik izan da gehien bat. Bakarlari izatearen izaera nahiko bakartia da, eta inguruan komunitate edo sare baten parte izateko beharra nuen. Gaztelupeko Hotsakeko lagunek asko lagundu didate, eta oso eskertuta nago, baina "zigilu-kideekin" hartu-eman bat bilatzen nuen, eta, urtetan Balio Duteko hainbat talde eta bakarlariren zalea izan naizenez, euskal musikaren eta eszenaren alde egiten duten lana ezagututa eta hain jatorrak izanda, erabaki erraza izan da.

Leiho ondoko txoria beti dabil kantuan. Ez da erraza erritmoa jarraitzea, baina dabilen artean zukutu behar dut.


Aurreneko lanean, tarteka, Regina Luisa Zigaranen ahots-pintzelkada sotilak entzun zitezkeen. Oraingo honetan, berriz, Jone Laspiurrek egin ditu koruak, eta Eñaut Zubizarretaren txeloa ere gehitu duzu. Abesti batzuek zure ahotsa eta gitarra beste elementu batzuekin janztea eskatzen zuten? Zer bilatzen zenuen sonoritate berri horrekin? Disko hau aurrekoa baino zer …agoa da?

Diskoa idazten eta bereziki grabatzen ari ginela, abestien segidak iradokitzen zituen zenbait gai edo "azpi-trama". Ez dut disko kontzeptualik egiten, baina gustatzen zait diskoak elementu narratibo batez harilkatuta egotea. Abestiak sortzen diren tokiak eta denborak nahi gabe ia ematen dizu aukera hori. Agertzen zihoazen gai horiek azpimarratzeko lana hartu genuen, gitarra eta ahotsaren soiltasunetik gehiegi aldendu gabe. Biolontxeloa gehitu nahi nuela argi nuen, Nick Drake-ren "Cello Song" edo Nirvanaren "Something in the way" abestien kolore hori maite dudalako, pare bat eredu aipatzearren, eta Eñaut Zubizarretaren eskuetan uztea hartu nezakeen erabaki onena izan da. Maketarik edo audiorik entzun gabe aurkeztu ginen Abadetxen, eta idatzita zekarrena ti-ta batean grabatu genuen. Aho zabalik gelditu ginen Xabiok kontrolean.

Jone Laspiur kantatzera gonbidatzea ere miresmenetik izan da, Eñautekin pare; Nakarren abeslari gisa oso gustuko dut; badu hortzak erakutsiz kantatze hori, baina baita alde etereo eta leunago bat ere. Izugarrizko erraztasuna dauka kantatzeko, eta pazientzia handia izan zuen gurekin, bere mugara eramaten saiatu ginen-eta. Hautatu genituen tomak ez ziren agian teknikoki perfektuak zirenak, baizik eta beste "zerbait" hori zutenak. Asko eskertzen dut halako bi musikarirekin kolaboratu ahal izana.

Orokorrean uste dut bigarren lan hau album gisa borobilagoa irten dela: abestien errenkada, entzule gisa nora eramaten zaituen, dinamikak, soinuak... Lehenengoa "folkiagoa" dela iruditzen zait, abesti-bildumatxo bat. Bigarren honek badu beste jario edo jarraipen bat hasieratik amaierara. Diskoan parte hartu duten lagunek eta azken urteotan ezagutu ditudan beste askok ere eragin handia izan dute prozesuan eta, zer esanik ez, amaierako lanean.

[Seignosse-ko Le Tube aretoan, Tinariwenentzat saioa irekitzen. Argazkiaren egilea: Mickael Vendermaesen]


Denboraren iragateaz hitz egiten dute, hein batean bederen, "Gazte ta hilezkor" eta "Esan nora doan" abestiek. Disko osoa zeharkatzen duen ideietako bat da? Zeri gehiago abestu nahi izan diozu?

Abestiak zeri buruz diren azaltzea kontu bitxia izaten da etengabe irakurketa berriak aurkitzen dizkiezulako denbora aurrera doan heinean. Bada denboraren gaia, musika idatzi nuenean banituen zenbait ezinegon, gabezia, kezka..., eta denboraren joana da denaren gainetik doan korrontea; beraz, han-hemenka azaltzen da. Bada maitemina, nola ez, adiskidetasuna, dolua... Lana... Gertuko jendeari azaltzen diot soilik abestiak idazterakoan ematen nien irakurketa; entzule gisa ez ditut spoilerrak gogoko.


Magalí Datzira kataluniar musikaria eta biok izan zarete Ozen i Fort egonaldiaren bigarren edizioan hautatuko artistak. Zer da, zehazki, Ozen i Fort? Zertan ari zarete lanean?

Musika Bulegoa, L'Afluent eta Fabra i Coats erakundeek bultzatutako musika-egonaldi bat da Ozen i Fort, zeinak Euskal Herriko eta Kataluniako eszenen arteko zubi-lana egitea duen helburu. Lehenengo edizioan Verde Prato eta Clara Aguilar aritu ziren, eta oraingoan Magalí eta biok hautatu gaituzte. Bion artean ordu erdi inguruko musika-pieza bat, abesti-eskukada bat sortu ditugu eta Vic-en aurkeztuko ditugu irailean; hori da plana momentuz. Gero gerokoak.


Egiten duzun musika-mota ez da hain ohikoa gure artean. Nola jasotzen du publikoak? Zer leku dago zurea bezalako proposamenentzat egungo musika-eszenan? Zure emanaldien berri izan nahi duenak non jarrai zaitzake?

Nik ere hala uste nuen bakarlari gisa hasi nintzenean, baina bidean ezagutu ditut nire musika-alorrean dabiltzan beste musikari asko ere. Egia da batzuetan ezkutuan daudela, askok munduko lore guztiak eta bi merezi badituzte ere, baina entzule gisa maite dut perlatxo horiek, norberak gordeta dituen artefaktu horiek zaintzea eta partekatzea, inork etengabe irents ditzazun behartu gabe. Orain arte jendearen harrera bikaina izan da; azkenaldian bereziki nabaritzen dut badagoela musika-inguruetan halako zurrumurru oso positibo bat, eta gehien harritzen nauena da publiko oso heterogeneoa dela. Uste dut gaur egun jendea ez dagoela genero bakarraren lubakian hain buru-belarri, Baumanen gizarte likidoaren eragin bat-edo. Badira nire entzuleen artean euskal kantugile mitikoen zaleak direnak, egungo musika-eszenan oso sartuak daudenak, folkiak, rockeroak, punki/postpunkiak...

Ederra da hain publiko eklektikoa izatea; ni ere nire gustuetan oso heterogeneoa naizenez babestua sentitzen naiz. Publiko oso zurruna balitz ez nintzateke hain ahaldundua sentituko etorkizunean gauza berriak probatzeko; oso aske sentitzen naiz alde horretan.

Emanaldi eta nobedadeen berri izateko, onena Instagramen jarraitzea; bertan partekatzen ditut nire kontuak. Facebookera ere igotzen ditut eduki garrantzitsuenak, publiko helduagoa ere eguneratuta edukitzeko.

Argazkiaren egilea: Eneko Caos


Zertan dira gainerako zure proiektuak (Sotomonte, Mandragora...)? Etorkizunera begira, nondik nora jo nahiko zenuke?

Momentu honetan geldirik daude biak. Sotomonterekin badugu emanaldirik urte amaiera baino lehen. Mandragora oso proiektu iheskorra izan zen, ez ninduen momentu onean harrapatu, eta ezin izan nuen erritmoa jarraitu; hala ere, EP hari estimu handia diot, altxor ezkutu bat bilakatu da. Etorkizunean agian... Egun, Sugramasen hamaikako berrian nago baita, Jon Gurrutxaga, Miguel Moral eta Andoni Etxebesterekin batera. Ekaitz Garmendiarekin grabatutako singlea aurkeztuko dugu zuzenean udan. Horrez gain, beste zenbait kolaborazio egin ditut azken hilabeteetan; joango dira irteten beren erritmora. Asko miresten ditudan musikariekin izan dela soilik esango dut; esperientzia ederra izan da beste proiektu batzuetan muturra sartzea, haize-bolada fresko bat.

Etorkizunera begira, beste disko batean lanean ari naiz apurka, gauza berriak probatzen, afinazio eta tinbre berriak, giroak, sintesiarekin eta beste grabazio-teknika batzuekin esperimentatzea gustatuko litzaidake… Eta horrez gain, beti dago gitarra elektrikoaren itzal erraldoia. Aitortu beharra daukat rock eta bluesaren moldean apur bat itota nengoela. Proiektu nahiko klasiko eta gitarreroetan aritu izan naiz, eta zerbait gordinagoa egin nahiko nuke. Horretan ere lanean nabil. Kostatzen zait geldi egotea; beraz, energia hori nonbaitera bideratuko da segur aski.


[2026ko ekainaren 25ean argitaratutako Berezia]