Hasi da JAI - Jardun Artistikoen Institutuaren ikasketa programaren zazpigarren edizioa

  • Hasi da JAI - Jardun Artistikoen Institutuaren ikasketa programaren zazpigarren edizioa
    Irudia: Gema Intxausti

  • Tabakalerak eta Artium Museoak —Oteiza Museoarekin elkarlanean— antolatuta, programak arte garaikidearen arloan ikerketa, ekoizpena eta lan kritikoa sustatzea du helburu
  • JAIk ezagutzaren, ekoizpenaren eta transmisioaren arteko loturan sakondu nahi du, prestakuntza-prozesuan dauden artisten eta nazioarteko profesionalen artean hartu-emanerako gune bat sortuz
  • 2026ko irakasleak Mariana Castillo Deball, Louidgi Beltrame, Nora Aurrekoetxea, Maddi Barber, Debris Stevenson eta Carla Filipe dira, Tabakaleraren, Oteiza Museoaren eta Artium Museoaren programetan parte hartu duten artistak
  • Programaren ikasketa-batzordea Itziar Okarizek, Alejandro Cesarcok eta Ibon Aranberrik (tutoreak), Catalina Lozanok (Artium Museoko komisario burua) eta Oier Etxeberriak (Tabakalerako Programa Publikoen arduraduna) osatzen dute

Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak eta Artium Museoak, Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoak, eta 2022tik aurrera Oteiza Museoaren parte-hartzearekin, elkarlanean antolatzen duten JAI —Jardun Artistikoen Institutuaren— ikerketa-programa Gasteizko museoko lantegi eta espazioetan hasiko da. Datozen bi hilabeteetan, JAIren zazpigarren deialdian hautatutako hamasei lagunek parte hartuko dute ikasketa-programa honetan, eta irakasleak erakunde bakoitzaren programei lotutako nazioarteko artistak izango dira. Abuztuaren 3tik aurrera, Tabakaleran izango dira, eta, aurretik, egonaldi bat egingo dute Oteiza Museoan. JAI udako eskolaren muina praktika artistikoa da, eta ikerketa, ekoizpena eta lan kritikoa sustatzea du helburu.

Jardun Artistikoen Institutua (JAI) Artium Museoaren eta Tabakaleraren ekimena da, eta 2022. urteaz geroztik Oteiza Museoaren lankidetza du. Programak arteen arloko profesionalak trebatzen laguntzea du helburu. JAIk ezagutzaren transmisioan sakondu nahi du, prestakuntza-prozesuan dauden artisten eta nazioarteko profesionalen artean trukerako espazioak eraikiz.

Ezagutzaren transmisio hori indartzeko, JAIko irakasleak zazpigarren edizio honen deialdia sustatzen duten erakundeen erakusketa-programa eta programa publikoen parte dira. 2026ko irakasleak Mariana Castillo Deball (Mexiko Hiria, 1975), Louidgi Beltrame (Marseilla, 1971), Nora Aurrekoetxea (Bilbo, 1989), Maddi Barber (Lakabe, 1988), Debris Stevenson (Londres, 1990) eta Carla Filipe (Vilanova da Barquinha, 1973) dira. Tutoreak, berriz, Alejandro Cesarco (Montevideo, 1975), Itziar Okariz (Donostia, 1965) eta Ibon Aranberri (Itziar-Deba, 1969) artistak dira.

Prestakuntza-saioak uztailaren 1etik abuztuaren 28ra bitartean egingo dira. Ikastaroa Artium Museoan hasiko da, eta ikasleak hilaren 26ra arte egongo dira bertan. Ondoren, uztailaren 29tik abuztuaren 1era, egonaldi bat egingo dute Altzuzako Oteiza Museoan. Abuztuaren 3tik aurrera, Tabakalerak hartuko ditu ikasketa-programarekin jarraitzeko, abuztuaren amaierara arte.

Jarraitu irakurtzen


  • DataUztailak 1
  • Gaia Ikusizko arteak