"Vianako Printzea" aldizkariaren 292. zenbakian, aste honetan bertan inprentatik atera den 800 orrialdetik gorako liburukian, Nafarroako Foru Komunitateko museo-sarearen deskribapen xehatua eta hausnarketarako artikulu-bilduma oparoa uztartzen dira. Artikulu horietan erakunde horien iragana, oraina eta etorkizuna aztertzen dira, eta XXI. mendeko paradigma-aldaketen aurrean dituzten erronkak ere jorratzen dira.
Ale monografiko honen abiapuntua Kultura Zuzendaritza Nagusia-Vianako Printzea Erakundeko Museoen Zerbitzuak antolatutako Jardunaldi Tekniko batean sortutako gomendioetan dago. Jardunaldi hartako ondorioetako bat izan zen diagnostiko sakon eta zorrotza egitearen beharra azpimarratzea, sektorerako plangintza estrategiko berriak edo arau-aldaketak egin aurretik. Zenbakia Susana Irigaray Soto Museoen Zerbitzuko zuzendariak koordinatu du, eta berak sinatzen ditu bai sarrera-aurkezpena bai Nafarroako museo eta bilduma museografiko iraunkorren Sarearen garapenari buruzko azterketa teknikoa. Sare hori 2009ko Foru Legearen bidez araututa dago, eta gaur egun ofizialki aitortutako hamabost ekipamendu biltzen ditu bere Erregistroan.