Euskal Museoa Bilbaok Uhinak erakusketa hartuko du datorren uztailaren 8tik 2026ko abenduaren 28ra arte. Erakusketa hau Ra Asensiren proiektua da eta Miserikordia eraikineko Kukula espazioan bisitatu ahal izango da, euskal bildumaren eta kultur ondarearen irakurketa garaikide berriak eraikitzeko sortutako lekuan.
Erakusketa gaur aurkeztu dute Gonzalo Olabarriak, Bilboko Udaleko Gobernantza eta Kultura zinegotziak, Leixuri Arrizabalagak, Euskara, Kultura eta Kirolen foru diputatuak, Sorkunde Aiarzak, Bilboko Euskal Museoko Zuzendari kudeatzaileak, Aloña Intxaurrandietak, Museoko erakusketa teknikariak, Ra Asensik berak, erakusketa-proiektuaren arduradunak, eta Haizea Barcenillak, erakusketaren komisarioak.
Museoaren patronoak Bilboko Udala eta Bizkaiko Foru Aldundia dira eta erakusketa Euskal Museoa Bilbaok euskal kulturara hurbiltzeko modu berriak sortuz museoaren bilduma historikoaren eta praktika artistiko garaikideen artean etengabeko elkarrizketa ezartzeko egin duen apustuaren barruan kokatzen da. Erakundeen arteko lankidetza ezinbestekoa da proiektua garatzeko eta, adibidez, kasu honetan Euskal Museoa Bilbao bildumako piezak eta Gordailua (Gipuzkoako Ondare Bildumen Zentroak) lagapenean utzitako beste batzuk aurkezten dira.
Uhinak proiektuaren abiaburua Ra Asensik zeramika-ekoizpenari eta ur-garraioari lotutako euskal emakumeen memoriari buruz garatutako ikerketa da. Artistak ahots-uhinetan inspiratutako pieza zeramikoz osatutako instalazio eskultorikoa eraikitzen du, lekukotasunak, isiluneak eta oroitzapenak espazioa okupatzen duten forma fisiko bihurtuz.