"Urdaibaiko Organoak - Joxe Mari Eguileor" jaialdiak Gernika-Lumoko Santa Klarako organo zaharberritua izango du aurtengo berrikuntza nagusi, ondare biziari eskainitako edizioan


  • Urremendi Landa Garapen Elkarteak antolatuta, jaialdiak 22. edizioa egingo du uztailaren 11tik abuztuaren 15era. Kontzertuez gain, erakusketa, bisita gidatuak, mahai-ingurua eta organoa "museo bizi" gisa aldarrikatzen duen egitaraua eskainiko ditu
  • Gernika-Lumoko Santa Klara komentuko organoa, Aquilino Amezua y Cía. etxeak 1910ean eraikia eta Eusko Jaurlaritzak berriki zaharberritua, lehen aldiz izango da jaialdiaren parte
  • 2026ko egitarauak Busturialdeko sei udalerritan egingo diren hamar kontzertu bilduko ditu. Horrez gain, Gernika-Lumoko Euskal Herria Museoan "Urdaibaiko Soinuak" erakusketa izango da ikusgai, Gautegiz Arteagako Lope Alberdi Recalde organogile ospetsuari eskainia. Bisita gidatuak eta mahai-inguru bat ere antolatu dira
  • Urdaibaiko Organoak jaialdia sendotu egin da organo-ondarea berreskuratu, zaindu eta zabaltzeko erreferente gisa, eta eskualdearen nortasunaren parte diren tresna historiko horien kultur erabilera sustatzen jarraitzen du

Gernika-Lumoko Euskal Herria Museoak hartu du gaur goizean "Urdaibaiko Organoak - Joxe Mari Eguileor" jaialdiaren 22. edizioaren aurkezpena. Aurtengo jaialdia uztailaren 11tik abuztuaren 15era bitartean egingo da, "Organoa, museo bizia" lelopean. Aurkezpenean izan dira Aitziber Ansotegi Urremendiko gerentea, Joxe Benantzi Bilbao jaialdiaren koordinatzailea eta Urkiri Salaberria Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen, Jabetza Intelektualaren eta Lege Gordailuaren zuzendaria.

Aurkezpenean azpimarratu denez, Urdaibaiko Organoak kontzertu-ziklo hutsa baino askoz gehiago da. Izan ere, Busturialdea-Urdaibaiko organo-ondarea berreskuratu, zaindu eta ezagutarazteko egitasmoa da. Hogei urte baino gehiago daramatza Europako organo historikoen multzorik berezienetako bat bizirik mantentzen, eta uda partean ondare hori herritarrengana hurbiltzen, kulturaz eta aisialdiaz gozatzeko bestelako aukera eskainiz.

Aurtengo berrikuntza nagusia Gernika-Lumoko Santa Klara komentuko organoa izango da. Aquilino Amezua y Cía. lantegi ospetsuak 1910ean eraiki zuen tresna hau lehen aldiz izango da jaialdiaren barruan. Eusko Jaurlaritzak komentua eskuratu eta organoa zaharberritu ondoren, uztailaren 11ko inaugurazio-kontzertuan entzungo da berriro, sortu zeneko egitekoari helduz.

Jarraitu irakurtzen

Irekia

  • DataUztailak 8
  • Gaia Musika