Eusko Jaurlaritzak eta BBVA Fundazioak bultzatutako Euskarazko Literatura Sorkuntzarako Xabier Lete Bekaren hirugarren edizioko aditu-batzordeak Joxan Oiz Arruti idazlea hautatu du. 70.000 euroko zuzkidura duen laguntza horren helburua da beharrezko baldintzak eskaintzea egile batek urtebetez jardun ahal izan dezan bete-betean euskarazko literatura-proiektu bat idazten.
Batzorde ebaluatzaileak aditzera eman duenez, Oizek aurkeztutako proposamenak "historiaren nondik norakoak arakatzen ditu", eleberria eraikitzen baita Espainian mugimendu arrazionalistaren aitzindari izan ziren XX. mendeko bi arkitekturen arteko adiskidetasunaren inguruan: Jose Manuel Aizpurua, eleberriaren protagonista, eta Joaquin Labaien, narratzailea. "Biak eraikin arrazionalista ospetsuen egileak izan ziren, baina bata falangista zen eta bestea jeltzalea", jarraitzen du aktak.
Proiektuaren behin-behineko izenburua Arrazionalista da, eta "konplexutasun handiko eta ñabardura ugariko eleberria izan daiteke", ohartarazten du hautaketa-batzordearen aktak. Aizpuruaren irudia izango du ardatz, 1936an fusilatu aurreko egunetan kontraesanez betetako "ertz ugariko pertsonaia". Gerraren hurbiltasunak markatutako Donostiako giro kultural eta politikoan barneratzen da, eta narrazioan uztartuko ditu artearen inguruko eztabaida eta garaiko gertaera politiko eta sozialak.