Etxe Betea egitasmoak emakumeen sorkuntza zinematografikoa babesteko 2027ko bi programetarako deialdia ireki du. Emakume zinemagile interesdunek 2026ko irailaren 16ko 13:00ak arte (Espainiako penintsulako ordua) aurkeztu ahal izango dituzte beren hautagaitzak 'Una Habitación Propia' eta 'Elkarrekin Sortzen' programetarako.
Etxe Beteak BBKren, Bilboko Udalaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren babesa du. Edizio berriak 2027ko urtarrilean hasiko dira, eta lanerako guneak, akonpainamendu profesionala, mentoriak eta sortzaileen arteko trukeak eskainiko dituzte. 'Una Habitación Propia' programak lau proiektu hautatuko ditu, eta lau hilabeteko bi alditan garatuko da. 'Elkarrekin Sortzen', berriz, 2027ko urtarriletik ekainera bitartean egingo da.
GELA BAT NORBERARENA
Etxe Beteak ‘Una Habitación Propia’ egoitza artistikoaren zazpigarren ediziorako deialdia egin du. Virginia Woolfen lan eta pentsamenduan inspiratutako programak emakume zinemagileak laguntzen ditu haien film luzeen proiektuak garatzen.
Aurtengo edizioan lau proiektu hautatuko dira: euskarazko bi eta gaztelaniazko bi. Egoitza bakoitzak lau hileko iraupena izango du. Udaberriko modalitateak 2027ko urtarriletik apirilera egingo da, eta udazkenekoa, 2027ko irailetik abendura.
Egoitza-aldi bakoitzean bi zinemagilek hartuko dute parte: batek euskarazko proiektu batekin, eta besteak gaztelaniazko proiektu batekin. Hautagaiek eskabide-orrian adierazi beharko dute bi modalitateetatik zeinetan nahi duten hautagai izan.
Hautatutako zinemagileek nahitaez parte hartu beharko dute bi asteko aurrez aurreko lanean Etxe Betean. Udaberriko aurrez aurreko saioak otsailaren 22tik 26ra eta apirilaren 19tik 23ra egingo dira; udazkenekoak, berriz, urriaren 25etik 29ra eta abenduaren 13tik 17ra. Datak salbuespenez aldatu ahal izango dira, parte-hartzailearen eta haren mentorearen beharren arabera.
Parte-hartzaile bakoitzak gela bat norberarena izango du Bilboko eraikinik adierazgarrienetako batean, eta 2.500 euroko garapen-beka jasoko du. Etxe Beteak ez ditu bere gain hartuko bertaratzearen ondoriozko joan-etorri, dieta edo mantentze-gastuak.
Lau hilabeteetan zehar, zinemagile bakoitzak banakako lau mentoretza-saio izango ditu: bi online eta bi aurrez aurre. Eskabidearen memorian hiru mentore proposatu beharko ditu, lehentasunaren arabera ordenatuta. Etxe Beteako taldeak proposamenak baloratuko ditu eta ondoren berretsiko du zein profesionalek egingo dion jarraipena proiektu bakoitzari.
Egoitzak, gainera, zaintzak erdigunean jarriko dituen bide-laguntza feminista bat izango du, eta zinemagintza ikuspegi feministatik sortzeko zein ekoizteko formulak bilatuko ditu
Deialdia edozein adin, nazionalitate zein esperientziatako emakumeei zuzenduta dago; horiek garapenaren hasierako fasean dagoen film luzeko ideia bat izan behar dute —fikziozkoa, dokumentala, animaziozkoa, esperimentala zein hibridoa—. Fikziozko edo dokumentalezko telesailak ere aurkeztu ahal izango dira, baldin eta haien hizkuntza nagusia euskara bada.
Ikus-entzunezkoen sektorean esperientzia zabala duten emakume profesionalek osatutako batzorde batek hautatuko ditu lau proiektuak, proposamenaren kalitatea, koherentzia, interes artistikoa eta hautagaiaren motibazioa oinarri hartuta. Egoitza amaitzerakoan, zinemagile bakoitzak egindako aurrerapenei buruzko memoria bat aurkeztu beharko du.
Aurreko edizioetako parte-hartzaileen artean izan dira Naiara Carmona, Estibaliz Urresola, Ainhoa Rodríguez, Mikele Landa, María Herrera, Naia Arantzamendi, Tamara Lucarini, Alba Lozano eta Natalia Grande.
‘Una Habitación Propia’ Gariza Films-ek sortu zuen, eta gaur egun Basque Know How Fundazioak sustatu eta kudeatzen du, BBK, Bilboko Udala eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin.
ELKARREKIN SORTZEN
Etxe Beteak "Elkarrekin Sortzen" programaren bosgarren deialdia ere ireki du. Lanerako eta trukerako espazio kolektiboan parte-hartzaileek beren proiektuak partekatzen dituzte eta proiektuen inguruko proposamenak eta hobekuntzak elkarrekin lantzen dituzte.
Edizio berria 2027ko urtarriletik ekainera bitartean landuko da, Etxe Betean egingo diren aurrez aurreko sei topaketen bidez: urtarrilaren 25ean, otsailaren 22an, martxoaren 15ean, apirilaren 19an, maiatzaren 17an eta ekainaren 21ean.
Programa gorenera iritsiko da proiektuen pitching saio batekin; euskal ikus-entzunezkoen industriako profesionalen aurrean aurkeztuko dira. Bi talde independente osatuko dira, bata euskaraz eta bestea gaztelaniaz, bakoitzak hiru eta bost proiektu artean izango ditu. Parte-hartzeak ez du ordainsaririk izango.
‘Elkarrekin Sortzen’ Euskal Herrian (EAE, Nafarroa edo Iparraldea) bizi diren edozein adin, nazionalitate eta esperientziatako emakumeei zuzenduta dago. Proiektuak film luze, film labur, telesail edo antzezlan izaerakoak izan daitezke, garapen-fase hasiberrian zein aurreratuan, eta euskaraz nahiz gaztelaniaz.
Hautatuek bertaratzeko konpromisoa sinatu beharko dute, eta hilero Bilbon egingo diren aurrez aurreko saioetara joan. Euskarazko taldeko proiektuen dokumentazioa osorik euskaraz aurkeztu beharko da; gaztelaniazko taldekoena, berriz, gaztelaniaz.
Egitasmoa sortu zenetik hogei bat emakume zinemagilek hartu dute parte bertan; besteak beste: Nerea Sciarra, Naiara Carmona, Lara Izagirre, Mikele Landa, Tamara Lucarini, Tessa Andonegi, Ainhoa Aierbe, Naia Arantzamendi, Itxaso Díaz, Maitane Carballo, Itziar Lamarka, Sara Martorana, Luciìa Montero, Aizpea de Atxa, Estibaliz Maguregi, Estibaliz Curiel, Mariìa Monreal, MoÌnica Cambra, Soledad Santelices, Yolanda Garciìa, Sonia Esteìvez, Jone Arriola, Carmen Echeverria, Saioa Miguel, Itsaso Pol, Alazne Astorga, Adriana Laespada, Noelia ChanÞe, Ana Serna eta Zaira Zanguitu.
Fitxa honen asmoa informazioa ematea baino ez da, eta ezin da, inola ere, indarrean dagoen lege-testuaren ordezkotzat hartu. Kulturklikek edukia eguneratzeko eta zuzentzeko eskubidea du, eta ez du horren inguruko erantzukizunik hartuko bere gain.