Joan den igandean amaitu zen Errriberriko Antzerki Jaialdiaren 27. edizioa, balantze bikainarekin eta azken urteetako datuak gainditu dituen ikusleen erantzunarekin. Gainera, jaialdiaren azken historiako ediziorik arrakastatsuena izateko bidean da. 9.000 ikusletik gora izan dira aurtengo programazioaz gozatu dutenak. Ikuskizun askok sarrera guztiak agortu dituzte, besteak beste, La Cavan eskainitako Las gratitudes, Leonora, Mujeres que cantan tras el balcón eta Niebla lanek. Halaber, sarrera guztiak saldu dira Errege Jauregian Olaia Inziarteren kontzerturako eta Frantziskotarren elizan eskainitako Nuur eta Yo bailo emanaldietarako. Era berean, kaleko ikuskizun guztiek bete dituzte jaialdiaren eszenatoki izan diren plaza eta kaleak.
Nafarroako Gobernuak eta Baluarte Fundazioak antolatuta, Errriberriko Antzerki Jaialdiak 2026ko uztailaren 17tik abuztuaren 2ra egin du bere hogeita zazpigarren edizioa. Diziplina anitzeko programazioak 31 antzerki eta musika emanaldi bildu ditu, 27 konpainia eta artistaren eskutik. Horrez gain, bi sorkuntza-egonaldi, prestakuntza-tailerrak eta herritar guztiei irekitako topaketak ere antolatu dira.
Antzerkia, dantza, zirkoa, clowna, magia, musika eta performancea uztartu dira ondare-guneetan, ohiko antzokietan, kaleetan eta plazetan banatutako programazio batean. Emanaldiak Erriberrin, Tafallan, Beiren, Pitillasen eta San Martin Unxen egin dira. Lurralde osora zabaldutako programazio horri esker, arte eszenikoak Erdialdeko hainbat herritara hurbildu dira, eta jaialdiak hartzen duen lurraldearekiko duen lotura sendotu egin da.
Erriberri eta gainerako herri parte-hartzaileak berriro ere topagune bihurtu dira artisten, herritarren eta bisitarien artean. Emanaldietako parte-hartze handiak, kaleetan eta agertokietan bizi izan den giro bikainak eta ikusle berrien etorrerak erakusten dute jaialdiak gero eta jende gehiagorengana iristeko eta adin, jatorri eta interes askotako ikusleekin konektatzeko duen gaitasuna.
Kalitate artistikoa eta egungo gizartearekiko konpromisoa
Antolatzaileek bereziki nabarmendu dute “programazioaren kalitatea; izan ere, beste behin ere, Errriberriko Antzerki Jaialdia udako arte eszenikoen hitzordu nagusietako bat bihurtu da”. Aurkeztutako proposamenek harrera bikaina izan dute, bai publikoaren aldetik bai kritikaren aldetik ere. Azken horrek programazioaren aniztasuna, sendotasun artistikoa eta gaur egungo gizartearekin elkarrizketan aritzeko gaitasuna azpimarratu ditu.
Programazioak memoria, identitatea, nerabezaroa, prekarietatea, gorputza, komunitatea, desberdintasuna, erantzukizun politikoa eta munduarekin harremanak izateko gaur egungo moduak bezalako gaiak jorratu ditu. Gure garaiko egiturazko erronka nagusietako batzuei begirada kritikoa eskaini die, hizkuntza eszeniko askotarikoak baliatuz eta ikusleak hunkitu, hausnarketa piztu eta elkarrizketarako bideak irekitzeko borondate irmoarekin.
Komunitate-antzerkia eta belaunaldien arteko elkarlana, edizioaren arrakastarik handiena Komunitatearen dimentsioa izan da 2026ko edizio honetako ezaugarri nabarmenetako bat, eta jaialdiaren lorpen handienetako bat bihurtu da. Herritarren erantzunak hasierako aurreikuspen guztiak gainditu ditu, bai sormen-prozesuetan parte hartu duten pertsonen kopuruari dagokionez, bai emanaldietan bildu den ikusle kopuruari dagokionez.
Era berean, aipagarria izan da publiko berrien presentzia eta lehen aldiz Errriberriko Antzerki Jaialdira hurbildu diren ikusleen kopurua. La Cavako ikuskizunak, doako proposamenak, kaleko emanaldiak, jarduera parte-hartzaileak, topaketak eta tailerrak uztartzeak publikoa askotarikoa izatea ahalbidetu du, eta kulturarako sarbide zabal eta demokratikoa sustatu du.
Bereziki esanguratsuak izan dira SELFI — Ser joven en la sociedad del espectáculo eta Yo bailo ikuskizunen inguruan garatutako sormen-prozesuak. Horietan zuzenean parte hartu dute Erriberriko eta gainerako herri parte-hartzaileetako belaunaldi desberdinetako herritarrek. Esperientzia horiei esker, herritarrak ez dira ikusle huts izan; aitzitik, sormen artistikoaren parte aktibo bihurtu dira, profesionalekin agertokia, bizipenak eta kontakizunak partekatuz.
Proposamen horien arrakastak erakusten du jaialdiak baduela gaitasuna lurraldea egituratzeko, belaunaldien arteko loturak sendotzeko eta arte eszenikoak parte-hartzerako, bizikidetzarako eta eraikuntza kolektiborako tresna bihurtzeko.
Jaialdiko zuzendari artistikoek, Ane Pikazak eta Maria Goiricelayak, adierazi dutenez, “herritarren erantzunak gure aurreikuspen guztiak gainditu ditu. Komunitate-antzerkiak erakutsi du jaialdia erakustaldi-gune hutsa baino askoz gehiago izan daitekeela: sormenaren bidez pertsonak elkartu, beren esperientziak partekatu eta kulturaren parte aktibo direla sentitzeko topagune bihur daiteke”.
Era berean, zuzendari artistikoek azpimarratu dute “2026ko edizio honek berretsi duela kalitate artistikoa, pentsamendu kritikoa eta herritarren parte-hartzea elkarrekin joan daitezkeela. Ikusle berriak ikusi ditugu, lurraldearen inplikazio aparta eta arte eszenikoen inguruan elkartzeko gogo handia”.