Donostiako Musika Hamabostaldia 2026: Musika Garaikideko Zikloa Tabakalerara lekualdatu da eta aurten emakume musikagileen obretan jarriko du arreta

  • Donostiako Musika Hamabostaldia 2026: Musika Garaikideko Zikloa Tabakalerara lekualdatu da eta aurten emakume musikagileen obretan jarriko du arreta

Musika Hamabostaldiaren Musika Garaikideko Zikloak jaialdiko musika-proposamen berritzaile eta ausartenetako batzuk biltzen ditu, egungo eta azken urteotako sorkuntzan oinarritutako errepertorioarekin batera. Bere programazioak lehen mailako taldeen eskutik, Euskal Herriko zein nazioarteko konposizioaren azken joeretako batzuk publikoari aurkeztea du helburu. Konpromiso horri jarraipena emateko eta hura sendotzeko, zikloa Tabakalerara, Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentrora, iritsiko da aurten. Horrenbestez, jaialdiaren musika eta dantza garaikideko programa osoa bertan Tabakalerako gainerako diziplina artistikoekin elkarrizketan eta harremanetan izango da.

Estilo ugariko kontzertuak abuztuaren 10, 14 eta 16an izango dira: askotariko jatorri eta estetiketako musikak egongo dira entzungai: gaur egungo sorkuntza berrienak zein errepertorio historikoko lanak. Programazioak, gainera, emakume konpositoreen presentzia nabarmena izango du; izan ere, haienak dira programatutako obren %60 inguru. Horrez gain, Jon Esnaola tolosarraren Zurrumurru lanaren erabateko estreinaldia jaialdiko une aipagarrienetako bat izango da.

Abuztuaren 10ean, ziklo honen ibilbideari estu lotutako SIGMA Project saxofoi-laukotea arituko da. Duela 18 urte Musika Hamabostaldian eskaini zuen lehen kontzertua eta ordutik nazioarteko erreferentziazko taldeetako bat bilakatu da. Laukoteak Glass, Haas eta Shawren lanak biltzen dituen programa aurkeztuko du, baita duela gutxi sortutako bi partitura ere: Chaya Czernowinen Undersongs lanaren aukeraketa bat, duela gutxi estreinatua eta Jon Esnaolaren Zurrumurru lanaren erabateko estreinaldia.

Abuztuaren 14an, Quatuor Béla hari-laukote frantsesak lehen aldiz parte hartuko du zikloan. Estreinaldi eta enkargu berrien aldeko jardun oparoa duen taldeak munduko lau bazterretako lau emakume konpositoreren lanak interpretatuko ditu. Egitarauan Rebecca Saunders britainiarraren, Misato Mochizuki japoniarraren, Sofia Avramidou greziarraren eta Selim Jeon hegokorearraren lanak izango dira entzungai. Horrez gain, Pablo Sorozabal Konposizio Lehiaketaren azken edizioko partitura irabazlea estreinatuko dute: Pablo Franchelli konpositore argentinarraren Surcando un mar de sueños inmemoriales.

Duo Cassadó bikoteak abuztuaren 16an amaiera emango dio Musika Garaikideko Zikloari, XIX. mendearen hasieran Erromantizismoaren garapenean funtsezko izan zen Jenako Zirkuluari eskainitako omenaldiaren bidez. Biolontxeloz eta pianoz osatutako bikoteak iraganeko nahiz gaur egungo sortzaileen lanak bilduko ditu, espiritu erromantiko horrekin bat egiten duten egileak, besteak beste: Pärt, Tanaka, Richter, Boulanger eta Price. Martina Ampuero artistaren esku-hartze bisualek ere parte hartuko dute emanaldian.

*Sarrerak Kursaal zein Victoria Eugenia antzokiko leihatiletan eta quincenamusical.eus webgunean eros daitezke. Sarrerarik geratuko balitz, kontzertu bakoitza hasi aurretik Tabakaleran eskuratu ahal izango dira (eskudirutan soilik).


  • DataAbuztuak 4
  • Gaia Musika