Albert Serrak emango dio hasiera Made in Spaini Seize moments de ma vie / Sixteen Moments of My Life obrarekin, eta Vanesa Benítezek, berriz, amaiera 200 vidas, Paco Rabal / 200 Lives, Paco Rabal ez-fikzioarekin; sailak 20 lan baino gehiago bilduko ditu. Hautatutako filmen artean hiru mundu-estreinaldi, bi estreinaldi Espainian eta hamar lehen lan egongo dira, Pedro Almodóvar, Isabel Coixet, Víctor García León eta Julia de Paz zinemagileen azken filmez gain, besteak beste.
Made in Spain sailak Europcar izango du aurten babesle, SGAE Fundazioaren kolaborazioaz gainera.
Urrezko Maskorra eta film dokumental onenaren Goya beretu ondoren Tardes de soledad / Afternoons of Solitude (2024) pelikularekin, Albert Serra (Banyoles, 1975) Zinemaldira itzuliko da Seize moments de ma vie / Sixteen Moments of My Life bere azken lanaren estreinaldiarekin Espainian. Ez-fikziozko film luzea, lehiaz kanpo estreinatuko dena Locarnoko zinema-jaialdian, Ingrid Caven aktore eta abeslari alemanaren bizitzarako hurbilketa bat da; protagonistak bere bizitzako 16 uneri buruz abesten du, Parisko Théâtre des Bouffes du Nord antzokian, kontzertu paregabe batean. Ohikoa Cannesko zinema-jaialdiko hainbat sailetan, Serrak beste edizio batzuetan ere erakutsi izan ditu bere lanak Made in Spain sailean, hala nola Honor de cavalleria (2006), El cant dels ocells (2008) eta Tourment sur les îles / Pacifiction (2022).
Sailari 200 vidas, Paco Rabal / 200 Lives, Paco Rabal filmaren mundu-estreinaldiarekin emango zaio amaiera. Vanesa Benítez zuzendari sevillarrak (Osuna, 1980) —abesti onenaren Goya sarirako izendatua egon zenak La vida chipén (2022) lanarekin— Rabalen omenezko ez-fikzio hau aurkeztuko digu; 1953an —Zinemaldiaren lehen adizioan— gizonezko aktore onenaren saria jaso zuen Rabalek, baita Donostia saria ere 2001ean. Super8 filmen eta Rabalen ahotsa duten kaseteen bidez, haren bidaia, errodaje eta jaialdien zeharreko ibilbide bat eskaintzen digu Benítezek.
Bárbara Lennie, Leonardo Sbaraglia eta Aitana Sánchez-Gijón dira Amarga Navidad / Bitter Christmas filmeko protagonistak nagusiak. Pedro Almodóvarren (Calzada de Calatrava, 1949) azken filma Cannesko zinema-jaialdiko lehiaketa ofizialean estreinatu zen, eta bi istorio txandakatzen ditu: bata, 2004koa, publizista batena; bestea, 2026koa, sormen-prozesu betean den gidoigile batena. Zinemagileak —Bi Oscar sariren irabazleak— Donostia Saria jaso zuen 2024an, Donostia Zinemaldiarekin oso estuki lotutako ibilbide zinematografikoa izateagatik. Almodóvarren lehen agerraldian Zinemaldian Pepi, Luci, Bom y otras chicas del montón (Errealizadore Berriak, 1980) eta Laberinto de pasiones (Sail Ofiziala, 1982) izan ziren, eta hauek aurkeztu zituen geroago Donostian: La flor de mi secreto (Sail Ofiziala lehiaz kanpo, 1995), Todo sobre mi madre (Made in Spain, 1999), Hable con ella (Made in Spain, 2002), La piel que habito (Made in Spain, 2011), Volver (Made in Spain, FIPRESCI Sari Nagusia, 2006) eta Dolor y gloria (Made in Spain, 2019).
Kotodama, el camino del espejo / Kotodama, The Way of the Mirror, bestalde, Eugenio Tardónen (Madril, 1979) eta Carla Cañellasen (Valentzia, 1982) lehen lana da zinemagile gisa; protagonistaren bidaia kontatzen digu istorioak: Done Jakue Bidearen eta Shikoku Henro bidearen artean, kotodama delakoa —hitzen espiritua— bilatzen du emakumeak, kaligrafia japoniarraren medioz. Tardónek argazkigintzako zuzendari gisa egin du lan luzaroan, nola fikziozko zineman hala ez-fikzioko lanetan. Bertan, Geometría del esplendor, Hijas de Cynisca eta Maquis, el silencio (coda) lanak dira azpimarratzekoak, besteak beste. Cañellas, bestalde, artista plastiko eta bisuala da, ekialdeko kaligrafiak interes handia pizten diona, eta Japoniari buruzko bere proiektuek eragina handia izan dute azken lan honetan, mundu-estreinaldi gisa ikusiko dena. Filmaz gainera, sortzaileek Kokoro no Michi: el sueño de Inari Kuko erakusketa aurkeztuko dute Chillida Leku Museoan, filmaren sorkuntza-prozesu beretik sortua izanik nortasun propioko obra gisa pentsatutako proposamen artistikoa. Donostia Zinemaldian bisitatu ahalko da erakusketa, irailaren 18tik 26ra. Zehazki, erromesaldia, paisaia, oroimena eta kotodama arakatzen dituzten bideoarte-, argazki- eta marrazketa-piezak biltzen ditu erakusketak, Eduardo Chillidaren obrarekin eta hark eskuaren gainean (pentsamendurako, keinurako eta munduaren ezagutzarako tresna gisa) egindako ikerkuntzarekin elkarrizketa bat ezarrita.