Dantza garaikideko sei euskal proposamen ikusi ahal izango dira datozen egunetan Europako arte eszenikoen nazioarteko bi hitzordu garrantzitsutan. Amaia Elizaran & Neønymus, Komerobi Produkzioak eta Ertza Libourneko (Frantzia) Fest’Arts jaialdian ariko dira, abuztuaren 6tik 8ra; Erain eta Helena Wilhelmsson, berriz, Edinburgoko (Eskozia) Fringen izango dira, abuztuaren 7tik 16ra. Bi parte hartze hauek Etxepare Euskal Institutuaren babesa dute, eta Institutuak nazioarteko jaialdi, erakunde eta sektoreko profesionalekin euskal sorkuntzaren ikusgarritasuna eta kanpo proiekzioa sustatzeko dituen lankidetzen parte dira.
Hiru euskal proposamen Fest’Artsen
Abuztuaren 6tik 8ra, Libourneko kaleak antzerki, dantza, zirku eta sorkuntza garaikidearen agertoki bihurtuko dira berriro ere, Fest’Arts jaialdiari esker; Frantzian egiten den kaleko arteen jaialdi nagusietako bat.
Lehen emanaldia abuztuaren 6an izango da, Amaia Elizaran & Neønymus-en eskutik. Iraun aurkeztuko dute. Proposamenak Amaia Elizaran dantzari eta koreografoa eta Neønymus, Silberius de Ura, diziplina anitzeko artistaren musika proiektua, batzen ditu. Ahotsak, antzinako instrumentuak eta makina modernoak uztartzen dituen doinu batek lotuta, dantzariak eta musikariak konposizioaren eta inprobisazioaren arteko elkarrizketa moduko bat sortzen dute. Dantza garaikidetik abiatuta, gorputzak uneoro bere burua berrasmatzeko duen gaitasuna aztertzen du piezak. Bi emanaldi eskainiko dituzte, 11:00etan eta 19:00etan, Les Quaisen.
Abuztuaren 7an, Komerobi Produkzioak konpainiaren txanda izango da, Argilunak lanarekin. Dantza, arte bisualak eta zuzeneko proiekzioak uztartuta, argiaren eta iluntasunaren arteko dualtasuna aztertzen du piezak, eta memoria eta dolua eraldaketarako eta berpizterako bide gisa lantzen ditu. Komerobi Produkzioak sorkuntza eszeniko garaikideko konpainia da, eta dantzaren, antzerkiaren, musikaren, arte bisualen eta poesiaren arteko elkarrizketa ikertzen du bere lanetan. Argilunak 11:00etan eta 22:00etan ikusi ahal izango da Parking Max Linderren.
Ertza konpainiak emango dio euskal parte hartzeari. 2004an sortu zen, Asier Zabaleta dantzari eta koreografoaren zuzendaritzapean, eta abuztuaren 8an bi lan eramango ditu Libournera. 11:00etan Un-we aurkeztuko du, indibidualismoari, desparekotasunei eta gaur egungo esklabotza moduei buruzko hausnarketa; 20:30ean, berriz, Otempodiz izango da ikusgai, dantza urbanoa, tradizionala eta garaikidea uztartzen dituen proposamena, denbora ulertzeko eta bizitzeko modu desberdinak aurrez aurre jartzen dituena. Bi emanaldiak Les Quaisen izango dira.
Euskal dantza garaikidea Edinburgoko Festival Fringera itzuliko da
Euskal dantza garaikidea Edinburgh Festival Fringe jaialdian ere izango da hilabete honetan, arte eszenikoen alorreko nazioarteko ekitaldi garrantzitsuenetako batean. Abuztuan, Eskoziako hiriburua mundu osoko konpainia, artista, programatzaile eta profesionalen topagune bihurtzen da, eta jaialdia nazioarteko lehen mailako erakusleiho bilakatzen da.
Etxepare Euskal Institutuak Eskoziako dantza zentro nazionala den Dance Base-ekin duen lankidetzaren baitan, aurten Erain eta Helena Wilhelmsson izango dira Edinburgon beren lanak aurkeztuko dituztenak. Bi proposamenak abuztuaren 7, 8, 9, 11, 12, 13, 14, 15 eta 16an ikusi ahal izango dira Dance Basen.
Erain, Oier Zuñiga eta Lorea Bakero dantzariek osatutako konpainia gazteak, Jarraibiderik gabe aurkeztuko du. Piezak gorputzen eta objektuen arteko elkarrizketa proposatzen du, eta materialak, jolasa eta eraldaketa sorkuntzarako tresna bihurtzen ditu. Zorroztasun fisikoa interpretazio ugaritara irekitako iruditeriarekin uztartuz, etengabe eraldatzen ari den unibertsoa eraikitzen du lanak.
Bestalde, Helena Wilhelmssonek, duela zenbait urtetik Euskal Herrian bizi den dantzari suediarrak, bere lehen lan koreografikoa aurkeztuko du: Trembling Frequencies, Jordi Vilaseca koreografoarekin batera sortua. Dantza eta mitoa uztartzen dituen bakarkako pieza da, eta, sirenen irudian eta haien ahotsaren erakarpen indar misteriotsuan inspiratuta, identitatea, bakardadea, amorrua eta norberaren ahots artistikoaren bilaketa bezalako gaiak jorratzen ditu.
Harreman berriak sustatzeko programa profesionala
Emanaldiez gain, dantzaren eta kulturaren sektoreko profesionalei zuzendutako programa ere antolatu da Fringen. Abuztuaren 4tik 9ra, Helena Wilhelmssonek dantza garaikideko eskolak emango dizkie dantzari profesionalei, Dance Baseren prestakuntza programaren barruan.
Gainera, abuztuaren 11n, Basque Dance Pro Presentation topaketa egingo da, programatzaileei eta, oro har, sektoreko profesionalei zuzenduta. ADDE Euskal Herriko Dantza Profesionalen Elkarteko eta parte hartuko duten bi konpainietako ordezkariek euskal herriko dantzaren ekosistema eta Basque Dance katalogoa aurkeztuko dituzte. Saioan, halaber, euskal konpainien nazioarteko zirkulazioa sustatzeko Etxepare Euskal Institutuak eskaintzen dituen laguntza ildoak ezagutaraziko dira.
Fest’Arts eta Fringe jaialdietako parte hartzeek jarraipena ematen diete Etxepare Euskal Institutuak bi erakundeekin dituen lankidetzei. Horien helburua da euskal sorkuntzaren ikusgarritasuna sustatzea, harreman profesional berriak sortzea eta artista zein konpainiei nazioarteko zirkuituetarako sarbidea erraztea. Lankidetza horiei esker, euskal artista eta konpainiek presentzia jarraitua izan du azken urteotan bai Fringen, bai Fest’Artsen.
Etxepare Euskal Institutua
Etxepare Euskal Institutua Eusko Jaurlaritzaren erakunde publikoa da. Euskara eta euskal kultura eta sorkuntza nazioartean proiektatzeko, eta horien bidez beste eskualde, herrialde eta kultura batzuekin harreman iraunkorrak eraikitzeko egiten du lan. Horretarako, kalitatezko jarduera artistikoak sustatzen ditu, eta kulturaren alorreko sortzaile, artista eta profesionalen mugikortasuna bultzatzen du. Euskal ikasketak ere bultzatzen ditu eremu akademikoan. Era berean, nazioarteko eragileekin lankidetza sustatzen du, bai kulturaren arloan, bai esparru akademikoan.