Marsupilami filma asteazkenean estreinatuko da EAEko hainbat aretotan, ADI! Filmak Euskaraz programaren eskutik. Publiko orokorrari zuzendutako film frantziarra euskarara bikoiztuta ikusi ahal izango dugu.
Orain arte Zinema Euskaraz izenez ezagutzen zen programak ADI! Filmak Euskaraz marka aurkeztu du aurten, euskarazko zinema bultzatzeko etapa berri baten abiapuntu gisa. Zineuskadik sustatuta, aurten euskaratuta ikusiko dugun hamalaugarren lana da. ADI! Filmak Euskaraz programaren helburua euskal ikus-entzunezkoen sektoreari laguntzea da, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailak babestuta, haur zein gazteei zuzendutako filmak bikoiztuz eta zinemagintzan euskararen hedapena bultzatuz.
Sinopsia
Zoo-an egiten duen lana salbatzeko, Davidek misio arriskutsu bat onartzen du: Hego Amerikan pakete misteriotsu bat berreskuratzea. Enkarguak gurutzaontzi batera eraman du, eta hara joan da bere bikotekide ohiarekin, semearekin eta Stéphane lagun baldarrarekin. Dena deskontrolatzen da Stephanek istripuz paketea irekitzen duenean eta bidaia erabateko kaos bihurtuko duen marsupilami haurtxo maitagarri bat askatzen duenean. Davidek eta bere familiak inoiz baino elkartuago egon beharko dute berreskuratzeko.
Filma ostiral honetan estreinatuko da hurrengo zinemetan: Golem Alhóndiga (Bilbo), SADE Cines (Donostia), Cines Gorbeia (Gasteiz), Golem La Morea (Iruña) eta Cines Niessen (Errenteria)
Datozen hilabeteetan, beste film batzuk ere izango ditugu ADI! Filmak Euskaraz programaren barruan: ‘Harry Potter’ (lehen filmaren berrestreinaldia), ‘La familia Dino’, ‘Mumbo jumbo’ eta ‘Superthings’, besteak beste.