Galerna —Tatiana Huezorena—; Viajes y placeres / Travel & Pleasure —Mariano Luquerena—; Lovers Go Home! —Juan Sebastián Mesarena—; La cuestión criminal / The Criminal Matter —Matías Italo Scarvacirena—; O último canto dos pássaros / The Last Song of the Birds —Beatriz Seignerrena—; eta Todos los lugares a donde ir / All the Places to Go —Tiagx Vélezena— dira postprodukzio-fasean egonik Donostia Zinemaldiaren 74. edizioko industria-jardueren esparruan profesionalen audientzia baten aurrean aurkeztuko diren sei film luze latinoamerikarrak.
Tatiana Huezok Galerna aurkeztuko du: jatorri desberdinetako bi pertsonaiak bidaia bat egingo dute, Mexikon zehar, zientzia-fikziozko proiektu baterako aktore ez-profesionalen bila, zinemagile mexikar-salvadortarrak zuzendutako azken film luzean. Zinemaldian hirutan parte hartu du zuzendariak: El lugar más pequeño / The Tiniest Place (2011) obrarekin 4+1: Mexikoko zinema garaikidea atzerabegirakoan; eta Noche de fuego / Prayers for the Stolen (Horizontes Saria, 2021) eta El eco / The Echo (2023) filmekin Horizontes Latinos sailean.
Mariano Luque errealizadore argentinarrak —Horizontes Latinosen parte hartu zuenak Salsipuedes obrarekin (2012)— fikziozko bere hirugarren film luzea erakutsiko digu: Viajes y placeres / Travel & Pleasure, 2022an hautatua Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroan Inspección en la Tierra izenarekin. Marcelo Subiottok (Interpretazio Nagusi Onenaren Zilarrezko Maskorra, Puanen egindako lanagatik, 2023an) gainbeheran den telebista-aurkezle baten rola egiten du: gizonak lagun bat —Eugenia Alonso aktoreak antzeztua— konbentzituko du bere programaren atal berri bat grabatzera lagundu diezaion, eta arrautza estralurtarrak deskubrituko ditu.
Lovers Go Home! Foroan hautatua izan zen, orobat, Juan Sebastián Mesaren hirugarren filma. New Directorsen lehiatu zen kolonbiarra 2021ean, La Roya / The Rust filmarekin. Medellínen kokatutako webcam-modelo baten eta AEBko gerrako beterano baten arteko harreman birtuala kontatzen digu zuzendariak.