Zazpigarren edizioa ere ibiltaria izango da, azken urteetako formatuari jarraiki, herriko gune ezberdinetan antolatu dituzte ikuskizunak. “Hainbeste lekutan antzerkiak, kontzertuak eta dantza emanaldiak antolatzea pozgarria da udalarentzat, izan ere, horixe da "Kilometro Lezo"ren helburua, kultura herriko txoko guztietara eraman eta herritarrengana hurbiltzea”, azaldu du Aitzol Saizar Viaña kultur zinegotziak.
Gainera, aurten bi espazio berritara iritsiko da jaialdia: Altamiragain parkeko anfiteatrora eta Lezoaundi Zuhaiztira, zehazki. Anfiteatroa birgaitzeko lanak egiten aritu da udala azken hilabeteetan eta "Kilometro Lezo"rekin lehenengoz ekitaldi kulturalak egingo dituzte eremu berrituan.
"Kilometro Lezo" jaialdiak disziplina ugari jasotzen ditu. Lezoko kultur teknikariak, Ainhoa Salaberriak, egitarauari buruz xehetasunak eman ditu, "guztira hiru antzerki, kontzertu bat, dokumental baten proiekzioa eta bi dantza emanaldi izango ditugu. Kaleko arte ikuskizunek maila handia dute Euskal Herrian eta Lezoko kaleetan ikusgai jarri nahi dugu".
Abuztuaren 21ean izango da lehena, Hortzmuga Teatroaren Alonso, ezinezko mandatuen mezularia eta galdutako gutuna antzerkia Gurutze Santuaren Plazan, 22an Bitsa Konpainiaren Haritik tiraka antzezlana Lezoaundia zuhaiztian, eta 23an Trapu Zaharra konpainiaren Azkena eta bagoaz obra ikusteko aukera izango dute Lopene plazan.