Donostia Zinemaldia 2026: Ah Biao, Fred Cavayé, Jesse Eisenberg, Amanda Kernell, Gabriel Martins eta Tony Vahl ere ariko dira lehian Urrezko Maskorra lortzeko

  • Donostia Zinemaldia 2026: Ah Biao, Fred Cavayé, Jesse Eisenberg, Amanda Kernell, Gabriel Martins eta Tony Vahl ere ariko dira lehian Urrezko Maskorra lortzeko

Fred Cavayé, Jesse Eisenberg, Amanda Kernell eta Gabriel Martinsen film berriak, Ah Biaok eta Tony Vahlek zuzendutako lehen lanez gain, Donostia Zinemaldiaren 74. edizioko Sail Ofizialean ariko dira lehian, zehazki, Les Misérables, The Debut, Garrat du váimmu / Brace Your Heart, Vicentina pede desculpas / On Behalf of My Son, Bian jing / Border eta Krux, hurrenez hurren. Gogoraraztekoa da jada iragarri zirela Zilarrezko Maskorra eta palmares ofizialeko gainerako sariak beretzeko lehian ariko diren beste hamar film.

Ah Biao (Shanxi, 1990) —Bangkoken kokatutako errealizadore, gidoigile eta argazki-zuzendaria— Bian Jing / Border izeneko bere lehen lanarekin lehiatuko da. Filma mugako herri batean dago kokatuta, eta protagonista, abusuzko bizitza batek markatutako bertako meatzari bat, krimen bat betetzera bultzatua izango da.

Fred Cavayé (Rennes, 1967) Victor Hugoren Les Misérables lanaren egokitzapen berri batekin lehiatuko da, Vincent Lindon, Tahar Rahim eta Noémie Merlant (besteak beste) izanik protagonistak. Gigoigile eta zuzendari frantsesak moldakortasun handia erakutsi du bere ibilbidean. Pour elle / Anything for Her (2008) —geroago Hollywooden Paul Haggisek egokitua— zuzendu ondoren, thrillerrean sendotu zen À bout portant / Point Blank (2010) eta Mea culpa (2014) lanekin; geroago, berriz, komediari ekin zion, arrakastaz, Radin! / Penny Pincher! (2016) eta Le Jeu / Nothing to Hide (2018) filmekin, Adieu Monsieur Haffmann / Farewell, Mr. Haffmann (2021) pelikularekin drama historikoari heltzeaz gain; azkenik, komediara itzuli zen Les Chèvres! / This Is the Goat! (2024) filmarekin.

Jesse Eisenbergek (New York, 1983) zuzendari gisa ondu duen hirugarren lanak Julianne Moore eta Paul Giamatti aktoreak ditu protagonista. The Debut filmak ezustean musika-izar bihurtzen den etxekoandre lotsati baten istorioa kontatzen du. Filma idatzi, zuzendu eta ekoitzi du Eisenbergek, eta aktore gisa aritzeaz gain, jatorrizko musika eta letrak ere hark konposatu ditu. When You Finish Saving the World (2022) izan zen Eisenbergek zuzendutako lehen filma, Cannesko Semaine de la Critique atalari hasiera eman zion Sundancen estreinatu ondoren; A Real Painek(2024), berriz, Sundanceko Waldo Salt gidoigintzaren saria eta Oscar sarirako izendapena eta jatorrizko gidoi onenaren BAFTA saria eman zizkion, besteak beste. Aktore gisa, Eisenbergek hainbat zinemagileren aginduetara egin du lan, hala nola Noah Baumbach, Kelly Reichardt, Woody Allen, Zack Snyder eta David Fincher. Fincherren The Social Network (2011) filmean egindako interpretazioagatik aktore onenaren Oscar sarirako izendatu zuten.

Jarraitu irakurtzen


  • DataAbuztuak 14
  • Gaia Ikus-entzunezkoa