Agindu honen xedea da dirulaguntzak emateko deialdia egitea eta dirulaguntzak arautzea; hain zuzen ere Euskal Autonomia Erkidegoko ontzi eta itsas kultura-ondarearen ondasun higikor, higiezinak eta immaterialak babestu eta sustatzeko jarduerak bultzatzeko, aintzat hartuta haien balio historikoa, etnografikoa, arkeologikoa edo soziala; agindu honen bidez, orobat, dirulaguntza horiek emateko araubidea ezartzen da.
Laguntzak emango dira itsas-ondarearen arloan kultura-balioa duten elementuak sustatzeko, sendotzeko, konpontzeko eta egokitzeko jarduerak egiteko, elementuok erabiltzeko moduan jar daitezen; jarduera horiek, betiere, bateragarriak izan behar dira elementu horien ezaugarriekin, eta ez diote kalte nabarmenik egin behar haien ondare-balioari.
Agindu honetan itsasontzien erreplikaren kontzeptua sartzen da, hau da, ontzi historikoak edo tradizionalak berreraikitzea, eraikuntzako teknika, neurri eta moduetan zehaztasun handiz, nahiz eta material, segurtasun-elementu eta bestelakoetan erabakigarriak ez diren lizentziak izan, gaur egun nabigatu ahal izateko.
Lau dirulaguntza-lerrotan emango dira laguntzak, jarraian adierazten den bezala:
1. lerroa: egurrezko ontzietan obrak egitea, musealizazioa helburu: honako hauek lagunduko dira diruz:
a) Esku hartzeko edo berritzeko lana egin aurretik irizpideak finkatzeko beharrezko diren azterlan edo analisiak.
b) Segurtasunerako eta sarbideetarako obrak edo elementuak, bai ontzi barrukoak bai sarbideetakoak.
c) Kartelak, panelak, biki digitalak eta beste edozein informazio-mekanismo, interpretazioa egiteko beharrezkoa dena, baina ontziaren parte ez dena.
d) Prest jartzeko lanak, gero erakusgai jarri ahal izateko.
2. lerroa: egurrezko ontziak tresnatzea eta prestatzea, jendeari zerbitzua emateko.
a) Gastu hauek hartuko ditu barnean: segurtasuneko eta nabigazioko ekipamendurako gastuak; atrakalekuen eta zaintza-lanen gastuak (1.500 euro arte); eta ontziak berak duen garrantzia nabarmentzeko egindakoak, halakorik balego.
b) Egiturazko lanak, nabigaziorako beharrezkoak direnak.
c) Motorreko fluidoak eta itsasontziko material suntsikorrak (bateriak barne) kanpo geratzen dira.
3. lerroa: pertsona fisikoen edo irabazi-asmorik gabeko elkarteen jabetzako egurrezko ontziak konpontzeko eta egokitzeko gastuak; hor sartzen dira lizentziak izapidetzeko gastuak; Euskal Autonomia Erkidegoko portuetan modu egonkorrean atrakatzeko, edo zaintzeko gastuak (kontzeptu horietan 1000 euro gehienez, eranskin honetako 5. oinarrian jasotako baldintzetan), eta ontziaren nabigaziorako baimenak. Egindako konponketak diruz lagunduko dira, baldin eta ondasunaren ezaugarrietara egokitzen badira, eta ondarearen balioak kaltetzen ez badira. Gainera, ontziek Euskal Autonomia Erkidegoko portuetan erregistratuta behar dute, edo, leheneratze-fasean badaude, Euskal Autonomia Erkidegoko elkarte edo entitateen esku egon behar dute, eta uretaratuta egon edo 2026ko ekitaldian uretaratzekoak izan.
4. lerroa: elkarte edo entitate pribatuek egurrezko ontzi eta itsas kultura-ondarearen garrantzia azpimarratzeko antolatutako ekitaldiak edo jarduerak: diruz lagunduko dira zenbait jarduera edo ekitaldi-atal, baldin eta zuzeneko lotura badute ontzi eta itsas kultura-ondarearen garrantzia nabarmentzeko lanarekin (ontzien kontzentrazioak, lanbide eta tradizioak berreskuratzea, erakusketak, hitzaldiak, jarduera didaktikoak, argitalpenak...).
Ez da dirulaguntzarik jasoko erregaia eta motorren funtzionamendurako gainontzeko fluidoak, ikus-entzunezko ekipamendua; informatika-programak eta webguneak erosteko. Argitalpenak diruz lagundu ahal izango dira, baldin eta ondarearen balioa nabarmentzeko edo zabaltzeko proiektu baten barruan badaude eta berez ekimenaren helburua ez badira.
Fitxa honen asmoa informazioa ematea baino ez da, eta ezin da, inola ere, indarrean dagoen lege-testuaren ordezkotzat hartu. Kulturklikek edukia eguneratzeko eta zuzentzeko eskubidea du, eta ez du horren inguruko erantzukizunik hartuko bere gain.