Argitaletxearen 25. urteurrenean, Astiberri argitaletxe bilbotarrak Edizio Lan Kultural Onenaren Espainiako Sari Nazionala jaso du. Argitaletxe independenteen artean erreferente bihurtuta, autore-zigilu nabarmena duten lanen aldeko apustua eginez lortu du bere ospea. Víctor Navarro argitaletxeko prentsa-arduradunarekin hitz egin dugu, eta proiektuaren hastapenak eta mende laurden honetan egindako bidea errepasatu ditugu.
Noiz hasi zen Astiberri sortzeko ideia? Zerk bultzatu zintuzten urrats hori ematera? Nola gogoratzen dituzue proiektuaren hastapenak?
Astiberri 2001ean jaio zen, Bilboko Joker liburu-dendan. Garai hartan, Santutxu auzoan zegoen, Fernando Tarancónen gidaritzapean. Argitaletxearen lehen etapa hartan, besteak beste, aldizkariak, rol-liburuak, komikiren bat nahiz liburu ilustraturen bat argitaratu ziren. Proiektu hori izan zen gaur egungo Astiberri argitaletxearen jatorria.
2003an, argitalpen-proiektuak une zailak bizi zituen. Hala ere, hurrengo urteetan gaur egun ezagutzen dugun Astiberriren nortasuna finkatzen lagundu zuten funtsezko obrak iritsi ziren. 2007an dena aldatu zen arte. Zer gertatu zen urte hartan? Zer eragin izan zuen horrek Astiberrin?
Argitaletxearen lehen obren ekoizpenarekin eta, batez ere, banaketarekin izandako arazoek kolpe ekonomiko handia ekarri ziguten. Zorionez, egoera txar hura gainditzea lortu genuen, eta gaur hemen gaude istorio hori kontatzen.
2013. eta 2017. urteen artean, egile gazteen belaunaldi berri bat finkatu zen, hala nola Álvaro Ortiz, Mamen Moreu, Emma Ríos eta Quan Zhou. Egile horiek formatu luzeko lehen lanak argitaratu zituzten. Nola bizi izan zenuten sortzaile-belaunaldi berri horren agerpena? Zer ekarpen egin zion Astiberriren katalogoari eta nortasunari?
Egileei laguntzea eta haien ondoan haztea da gure lanak ematen digun motibaziorik eta pozik handienetako bat. Agian poz handiena ez da autore bat lehen aldiz argitaratzea, baizik eta haren bilakaera gertutik jarraitzea eta bigarren, hirugarren edo laugarren lanarekin ere gugan konfiantza izaten jarraitzen duela ikustea. Hainbeste miresten ditugun autore askoren debuta eta arrakasta gertutik bizitzea pribilegioa da, zalantzarik gabe.
Astiberri hazten joan zen heinean, lantaldea ere handituz joan zen. Nolakoa izan zen egitura txiki batetik arlo espezializatuak eta talde zabalagoa dituen argitaletxe batera pasatzeko prozesua?
Hazkundea motela eta kontrolatua izan da. Erabat naturala. Katalogoa handitu ahala eta bilduma nahiz argitalpen-lerro berriak zabaldu ahala, lehenago edo beranduago beharrezkoa da norbait arlo horietan espezializatzea eta haien kargu egitea. Horrela, argitalpen-taldea handituz eta indartuz joan da argitaletxearen katalogoarekin batera. Argitaletxearen lehen urteetan editoreek denetarik egiten bazuten ere, zentzuzkoa zen profil espezifikoagoak dituzten langileak sartzea zenbait zeregin beren gain hartzeko: administrazio-eta fakturazio-lanak, komunikazioa edo sare sozialak, esaterako.
Gaur egun, Astiberri erreferentzia da komikigintzan. Aitorpen horrek, era berean, argitaratzeko gai garen obra-kopurua baino askoz proposamen gehiago jasotzea dakar. Nola kudeatzen duzue hainbeste autoreri ezetz esan behar izatea? Zein irizpideri jarraitzen diozue Astiberriren katalogoan zein proiektu sartuko diren erabakitzeko orduan?
Duela urte batzuetatik hona, urtean 60 nobedadeko mugari eusten saiatzen gara. Horrez gainera, lehen esan bezala, gure asmoa da ohiko egileekin dugun harremanari jarraipena ematea eta haien lan berriak argitaratzen jarraitzea. Hala eta guztiz ere, beti uzten dugu lekua autore berriak sartzeko. Azken urteotan, esaterako, Sara Soler, Mariano Pardo, Bea Lema, Candela Sierra eta Elisa Rieraren lehen edo bigarren lanak argitaratu ditugu. Istorioak hunkitzea eta gustatzea da funtsezkoena.
2020an, COVID-19aren pandemiaren urtean, haur eta gazteentzako komiki-bilduma sortu zen. Nola ari da funtzionatzen? Ba al dago publiko gazteenarekin bereziki konektatzen duen obrarik? Zer garrantzi du Astiberrirentzat txikitatik komikiarekiko grina pizteak?
Umeak irakurtzen hasten direnetik komiki erakargarriak eskaintzeko asmoz sortu zen haurrentzako bilduma, eta, era berean, azken helburua da une horretatik hasi eta irakurle gisa heldutasunera iritsi arte bidean lagunduko dizkieten lanak argitaratzea. Hau da, komikia irakurketaren parte izatea bizitza osoan zehar. Bigaren (Avni) kasua izan da, beharbada, arrakastarik handiena, baina ez da bakarra. Izugarri gustatzen zaigu tradizioz helduentzako komikiak egiten zituzten autore batzuk haurrentzako komikiak egitera animatzea. Esaterako, Álvaro Ortiz La pequeña genia bildumarekin eta Javi de Castro Cosmo en el espacio lanarekin. Oraindik goiz da La pequeña genia eta Cosmo liburuetako irakurleek Álvaro eta Javiren helduentzako lanak irakurtzen hasteko, baina urte batzuk igarotakoan zer gertatzen den ikusteko irrikaz gaude.
Zorionez, azken urteotan, emakume asko indarrez sartu dira komikigintzan, eta haien proposamenei esker publiko berrien interesa piztea lortu da. Nola baloratzen duzue emakumeen presentzia komikiaren bilakaeran eta zer rol ari dira betetzen argitaletxearen nortasunean?
Ukaezina da Espainiako komikigintza sormen-une ikusgarrian dagoela. Agerikoa da emakumeak direla komikiak bizi duen iraultza sortzaile horren buru. Gure kasuan, egile hauen bidez ikusi dugu: Laura Pérez, Sara Soler, Bea Lema, Quan Zhou, Candela Sierra, Flavita Banana, Elisa Riera, Lola Lorente, Emma Ríos, Camille Vannier, Angie de la Lama, Cristina Durán, Elizabeth Casillas, Higinia Garay, Blanca Vázquez... Emakume horiek guztiek gauza berriak eskaintzen dituzte jorratzen dituzten gaietan, kontatzen dituzten istorioetan eta kontatzeko moduan. Nazioartean ere gauza bera gertatzen ari dela uste dut. Egile hauen lan interesgarriak argitaratu ditugu: Eleanor Davis, Lisa Hanawalt, Miki Yamamoto, Jessica Campbell... Eta horrek Astiberrin argitaratutakoa laburbildu besterik ez du egiten. Espainiako beste argitaletxe batzuei begiratzen badiegu, ikusiko dugu komikigintzako esparru guztietan nabarmentzen direla emakumeak: Teresa Valero, Natacha Bustos, Genie Espinosa, María Medem, Nadia Hafid...
Urte hauetan zehar, Astiberrik Estatuko bost hizkuntza koofizialetan argitaratu ditu lanak: gaztelaniaz, euskaraz, katalanez, valentzieraz eta galegoz. Hainbat itzultzaileren —besteak beste, Julen Gabiria, Bego Montorio, Naroa Zubillaga edo Miel A. Elustondo— lan bikainari esker, egile klasiko handiak —Joe Sacco, Art Spiegelman edo Hugo Pratt— sartu dira euskarazko katalogoan. Nola aukeratzen dituzue itzuli beharreko obrak eta zer erantzun jaso duzue publikoaren artean?
Badira edozein argitaletxerentzat liluragarriak diren lanak: Joe Sacco, Maus, Heartstopper, Corto Maltés... Euskarazko eleberri grafikoen bildumak obra horiek gure katalogoan izateko aukera eman digu, eta horrek oso zoriontsu egiten gaitu. Oso agerikoak diren zenbait kasutan, hala nola Maus edo Palestina, publikoaren erantzuna oso positiboa izan da. Baita haurrentzako bildumetan ere, esaterako Bigan. Espero dugu euskarazko komikien irakurle-kopuruak gora egiten jarraitzea eta gure katalogoa deskubritzen jarraitzea.
Astiberrik 25 urte bete berri ditu, eta duela gutxi Kultura Ministerioaren aintzatespena jaso du, 2026ko Edizio Lan Kultural Onenaren Espainiako Sari Nazionala, komikigintzari egindako ekarpena balioan jartzen duen saria. Orain arte egindako bidea ikusita, ondo egindako gauzekin, akatsekin eta, agian, zorte apur batekin, zer balantze egiten duzue mende laurdeneko ibilbide honetan? Zein egoeratan dago gaur egun argitalpen-proiektua? Nola ari zarete ospatzen urteurren berezi hau?
25. urteurrena ikusgarria izaten ari da, eta gure aurreikuspen guztiak gainditu ditu. Zorion-agur ugari iritsi zaizkigu, eta asko eskertzen ditugu. Halaber, Sari Nazionalak ezustean harrapatu gintuen, eta erabat mutu utzi gintuen. Horrelako aitortza bat bizitzan behin baino ez da lortzen, eta bizitzen ari garen une garrantzitsu hau asimilatzen saiatzen ari gara oraindik. Horrez gainera, uste dugu bi mugarri horiek gure historiako plan editorialeko urterik indartsuenetako batekin batera etorri direla. Horren erakusgarri dira zenbakiak: normalean nobedadeen artean autore nazionalen lanak % 40 inguru izaten badira, aurten zifra % 60 ingurukoa da. Eta, gainera, gure historia markatu duten autore batzuen obra berriak argitaratu ditugu.
Komikigintzan 25 urteko ibilbidea egin ondoren, nola ikusten duzue sektorearen egungo egoera? Zer bilakaera sumatu duzue azken hamarkadetan, eta, zuen ustez, zein dira aurre egin beharreko erronka eta aukera nagusiak?
Lehen esan bezala, sormen-mailan momentu ikusgarrian gaude. Beste gauza asko ere hobetzen ari dira: gero eta liburu-denda eta hedabide jeneralista gehiagok erreparatzen diote komikigintzari. Baina erronka handiei ere aurre egin behar diegu. Irakurleen konfiantzari eta arretari nola eutsi jakin beharra dago. Asko hitz egiten da (eta arrazoi osoz) liburu-dendetako nobedade-mahaien gehiegizko ekoizpenaz eta saturazioaz. Gure industriak ez badaki gai hori bideratzen eta kudeatzen, irakurleek interesa galtzeko eta lan bikain asko bidean ahaztuta geratzeko arriskua dugu.
[2026ko urriaren 15ean argitaratutako Berezia]