488.971 bisitari izan ditu Guggenheim Bilbao Museoak ekaina eta abuztua bitartean, bere historiako bigarren udarik onenean

  • 488.971 bisitari izan ditu Guggenheim Bilbao Museoak ekaina eta abuztua bitartean, bere historiako bigarren udarik onenean

Amaitzen ari den uda hau Guggenheim Bilbao Museoaren historiako bigarren onena izan da bisitarien kopuruari dagokionez. Ekaina eta abuztua bitartean 488.971 lagun bildu ditu, iazko udan baino 10.656 gehiago.

Hilez hileko ibilbidea eginez, ekainean 116.064 bisitari bertaratu ziren Museoko erakusketetara, 163.426 uztailean (bi kasuetan, zifrak zertxobait txikiagoak dira 2024ko hilabete berberetan baino) eta 209.481 abuztuan, iaz baino 14.527 gehiago.

Museoan ohikoa den bezala, aurten ere nazioarteko publikoa izan da nagusi (guztizkoaren % 81 Estatutik kanpokoa izan da, iaz baino % 3 gehiago), bereziki Frantziakoa (guztizkoaren % 15), Britainia Handikoa ( % 10), Alemaniakoa ( % 10), Italiakoa ( % 9), Holandakoa ( % 8) eta Estatu Batuetakoa ( % 7). Estatuan, EAEko bisitarien (guztizkoaren % 4), Kataluniakoen ( % 3) eta Madrilgoen ( % 3) indizea nabarmendu da.

Egunik jendetsuena eguzki-eklipse osoaren astean izan zen, abuztuaren 10ean, alegia: guztira 9.097 bisitari egun osoan zehar.

Urteko kopuru metatuari dagokionez, 2026ko abuztuaren 31ra arte 922.113 bisitari izan ditu Museoak, orain arteko bigarren kopururik handiena; izan ere, inoizko maiatzik arrakastatsuena izan da, baita bigarren abuzturik onena ere.

Arrakasta horren gakoetako bat Museoaren programazio artistiko erakargarria izan da, erakusketa berezi askoak biltzen baititu: Ruth Asawa: Atzerabegirakoa (irailaren 13ra arte); Jasper Johns: Night Driver, BBVA Fundazioak babestua (urriaren 12ra arte); in situ: Igshaan Adams. Hautsa harrotzen: Gorputzaren artxiboa (azaroaren 1era arte) eta Guggenheim Bilbao Museoaren Bildumako artelanak, BBK banku-fundazioak babestua (iraunkorra).

Nabarmendu beharreko beste datu bat Kutxabankek babestutako Art&Music zuzeneko musika-programak ekarri duen publiko ugaria izan da: 1.200 parte-hartzailerekin, sarrerak agortu egin dira uztailean eta abuztuan Museoko terrazan eskainitako zortzi saioetan.


  • DataIrailak 1
  • Gaia Museoak, Ondarea