Barakaldoko Udalak sustatutako Hiriko Soinuak musika lehiaketaren zortzigarren edizioak baditu finalistak. Sari nagusirako hautagaiak honako hauek izango dira: Cabaret, Basaurin jaiotako eta Basauri, Amorebieta-Etxano eta Gernikako kideak dituen rock laukotea; Norman Bates, 2019an Plentzian sortutako taldea, 2025ean bere lehen EPa argitaratu zuena; eta Silkat, 2023an Bilboko Errekalde auzoan sortutako indie-rock hirukote gaztea, iaz `A Sip Of Joy' bere lehen EPa kaleratu zuena.
Barakaldoko artista onenaren saria irabazteko hautagaiak honako hauek izango dira: Larss, Lara Beriain Ramosen proiektu pertsonala; Soporte Vital Básico, 2020an sortutako laukotea, 1980ko hamarkadako New Wavearen eraginekin; eta Últimos nómadas, Barakaldo, Sestao eta Portugaleteko kideak biltzen dituen taldea, Josu Bernaola musikariaren eta Álex de Benito ekoizlearen elkarlanaren emaitza.
Azkenik, hauek izango dira BBK-Berdintasun Saria jasotzeko hautagaiak: Lova Lois, Erandioko Astrabudua auzoko Lola Guerricaechebarria rapeatzaile, poeta eta kantautorearen alter ego artistikoa; Mandarinas al sol, joan den ekainean `Zumo de Jarana' izeneko euren lehen EPa kaleratu zuen seikote bilbotarra; eta Xendra, Gipuzkoako eta Nafarroako hainbat udalerritako zazpi kidek osatutako talde euskalduna.
Finala irailaren 26an, larunbatez, izango da, Barakaldoko San Bizente parkean, doako sarrerarekin. Hiriko Soinuaken zortzigarren edizioko lau talde irabazleen izenak, Euskara kategoriakoa barne, finaleko kontzertuen ostean jakinaraziko dira.
Irabazleek urriaren 23an eta 24an Barakaldoko Herriko plazan egingo den Hiriko Soinuak festibalean joko dute, izen handiko taldeekin batera.
Epaimahaia SUA taldeko Janire Lopez artistak, Jon Asier Zubelzuk (Gaua Estudioko soinu teknikari titularra) eta Iker Bárbarak (MondoSonoro komunikabidearen Euskal Herria-Errioxa edizioaren koordinatzailea) osatuko dute. Hiriko Soinuak lehiaketaren zortzigarren edizioan 150 musika proiektuk eman dute izena, aurreko marka guztiak hobetuta.
HIRIKO SOINUAK 2026 FINALA
Larunbata, irailak 26
Barakaldoko San Bizente parkea
18.00 Ateak irekitzea
18.30-23.00 Kontzertuak (aurrerago zehaztuko dira ordutegiak)
23:00 Epaimahai kideen deliberazioa eta 2026ko irabazleen iragarkia
23.30 Amaiera