Jaime Chávarriren El desencanto filmak (1976) —duela 50 urte arduradunek Donostia Zinemaldiaren programaziotik ateratakoak— emango dio hasiera 74. edizioaren Klasikoak sailari. Lisa Cholodenko, Ana Díez, Milos Forman, Pere Portabella, Jacques Tati, Fernando Trueba, Andrzej Wajda eta Agnès Varda zinemagileen obrak ere bilduko dituen saileko lehen filma izango dugu, hala, El desencanto.
Donostia Zinemaldiko eta Euskadiko Filmategiko arduradunek —José Luis Rebordinosek eta Joxean Fernándezek, hurrenez hurren— zaharberritutako obren hautaketa ezagutzera eman dute gaur Tabakalerako zinema-aretoan, aurten Klasikoak ekimena osatuko duten hiru programazioetarako kartelak aurkeztez gainera: Zinemaldiaren izen bereko saila; haren atzerabegirako klasikoa —oraingo honetan José Giovanni zuzendari eta gidoigileari eskainia—; eta Euskadiko Filmategiarekin batera antolatutako zikloa, Casablanca izango dena urritik abendura bitartean Gasteizen, Iruñean, Donostian, Bilbon eta Donibane Lohizunen emango diren hamaika filmetako lehenengo gisa.