"Geuretik Sortuak" sormen eta hedapen bekak 2026-2027

Deialdi honen helburua euskal kulturgileei kultur sorkuntzarako diru-laguntzak eskatzeko eta emateko prozedura arautzea da, horretarako lehiaketa erregimena ezarriz. Sortzaile bakoitzari bi diru-laguntza emango zaizkio: bata sormenerako, eta bestea hedapenerako. Kultur sorkuntzatzat hartuko da artistaren imajinaziotik eratorritako obra bat, zeina literatura obra, komiki obra, antzerki obra edota beste arte eszenikoetako obra bat izan daitekeen. Hau da, onuradunak izango diren proiektuek ondorengo izaera izan beharko dute:

  • Ipuin luzea. Ipuin luzetzat hartuko da literatura edo narrazio-obra bat, benetako zein fikziozko gertaeretan oinarritua, argumentu-lerro bakarra izateak ezaugarritzen duena. Lan bakoitzak gutxienez 30.000 karaktereko eta gehienez 40.000 karaktereko luzera eduki beharko du. Ipuina euskaraz izan beharko da. Hautatutako ipuinak Udalbiltzak edo hirugarrenek editatu, argitaratu, banatu eta salduko dituzte, bai paperean, baita Udalbiltzaren webgunean ere, bertatik deskargatzeko aukerarekin. Horretarako argitalpen-kontratu bat sinatuko da. Ipuin kopuruaren arabera, eta Udalbiltzaren nahierara, antologia bakar gisa edo bilduma bereko parte izango diren banakako lan gisa argitaratuko dira. Argitalpenen lizentzia creative commons lizentzia bat izango da, eta, gutxienez, modu librean, irabazi-asmorik gabe eta lan eratorririk gabe partekatzeko aukera emango du, betiere autoretza eta hura posible egin duen diru-laguntza aipatuz. Egileek dagozkien royalty-en aurrerapena jasoko dute, eta aurrerakin hori diru-laguntzagatik jasotako diru-kopuruaz bereizia izango da. Etorkizunean lana Udalbiltzaz beste hirugarren batek argitaratzen badu, Udalbiltzaren logotipoa edo honako adierazpen hau izan beharko du: «Lan honek Udalbiltzaren laguntza jaso du bere sorkuntzarako Geuretik Sortuak diru-laguntzaren bidez».
  • Komikia. Komikitzat hartuko da honakoa: istorio bat sortzeko irudi- edo marrazki-sekuentzia batez eta testu laburrez osatutako lana. Deialdi honetan hautatua izateko, testuak euskaraz izan beharko dira, eta sekuentzia bat osatu beharko dute. Lan bakoitzak gutxienez 15 orrialde eta gehienez 20 orrialde eduki beharko ditu. Hautatutako komikiak Udalbiltzak edo hirugarrenek editatu, argitaratu, banatu eta salduko dituzte, bai paperean, baita Udalbiltzaren webgunean ere, bertatik deskargatzeko aukerarekin. Horretarako argitalpen-kontratu bat sinatuko da. Komiki kopuruaren arabera, eta Udalbiltzaren nahierara, antologia bakar gisa edo bilduma bereko parte izango diren banakako lan gisa argitaratuko dira. Egileek dagozkien royalty-en aurrerapena jasoko dute, eta aurrerakin hori diru-laguntzagatik jasotako diru-kopuruaz bereizia izango da. Etorkizunean lana Udalbiltzaz beste hirugarren batek argitaratzen badu, Udalbiltzaren logotipoa edo honako adierazpen hau izan beharko du: «Lan honek Udalbiltzaren laguntza jaso du bere sorkuntzarako Geuretik Sortuak diru-laguntzaren bidez». 
  • Antzerki obra. Antzerki obratzat hartuko da errepresentazio artistiko eta literario bat zeinetan aktoreek zuzenean istorio bat kontatzen duten, elkarrizketen eta ekintzen bidez, publiko baten aurrean. Gutxienez ordubeteko luzera izango du, eta euskaraz izan beharko du. Antzezlan horien aurkezpen zirkuitua areto eta eremu askotarikoetatik igaroko da; beraz, ekoizpenaren ikuspuntutik moldagarria izan beharko du (ikus III. eranskina, orientazio gisa, aurreko edizioko aretoen minimo eta maximoak ezagutzeko). Hautatutakoetako bat, gutxienez, kale-antzerkia izango da. Hautatuetako beste bat, gutxienez, antzerkigile berri bat edo antzerkigile berriz osatutako talde bat izango da. Azken horiek profesional baten bide laguntza jasoko dute sormen-egonaldian zehar. Behin betiko antzezlan kopurua parte hartzen duten herri kopuruaren eta horien tamainaren araberakoa izango da. Bai zirkuituko emanaldietan, bai ondoren, eta modu mugagabean, lanaren fitxan edo edozein publizitate-material, testu edo inprimakitan aurkeztu beharko da Udalbiltzaren logotipoa edo honako testu hau: «Obra honek Udalbiltzaren Geuretik Sortuak diru-laguntza jaso du».
  • Arte eszenikoak. Diru-laguntza honen ondorioetarako, zuzenean antzezteko sortutako arte adierazpen edo diziplina hauek hartuko dira kontuan: dantza, zirkua, bertsolaritza, musikala edo obra musikatua, hitz esana, literatur errezitaldiak edo horien edo beste diziplinen arteko edozein hibridazio. Emaitza gutxienez 45 minutuko emanaldi bat izan beharko da, euskaraz. Hitzezkoak ez diren diziplinetan, euskararen presentzia bermatzea ezinbestekoa izango da. Obra horien aurkezpen zirkuitua areto eta eremu askotarikoetatik igaroko da; beraz, ekoizpenaren ikuspuntutik moldagarria izan beharko du (ikus III. eranskina, orientazio gisa, aurreko edizioko aretoen minimo eta maximoak ezagutzeko). Behin betiko obra kopurua parte hartzen duten herri kopuruaren eta hauen tamainaren araberakoa izango da. Bai zirkuituko emanaldietan, bai ondoren, eta modu mugagabean, lanaren fitxan edo edozein publizitate-material, testu edo inprimakitan aurkeztu beharko da Udalbiltzaren logotipoa edo honako testu hau: «Obra honek Udalbiltzaren Geuretik Sortuak diru-laguntza jaso du».            

Proiektua aurkeztu ondoren, Udalbiltzak Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Nafarroa, Nafarroa Beherea, Lapurdi eta Zuberoako udalei proiektuaren parte izatea proposatuko die, hau da, sormen-egonaldiak jasotzea eta aurkezpenen eta emanaldi eszenikoen zirkuituan parte hartzea.

Esleitutako herrietan oinarritutako euskarazko artelanak sortzea izango da sortzaileen helburua, eta horretarako aukeratutako artistek hiru astez egoitzak egingo dituzte esleitutako herrietan (bizi diren herritik kanpo), sortze-prozesua herritarrekin partekatzeko, eta proiektua (dokumentazioa, ideazioa eta garapena) modu parte-hartzailean lan egin ahal izateko. Bukatutakoan, edizioaren bigarren urtean zehar Euskal Herriko hainbat herritan aurkeztu edota antzeztuko dira.

 

OINARRIAK


Laburrean

  • Epea 2026(e)ko Urriak 13(e)tik 2026(e)ko Azaroak 13(e)ra
  • EntitateaUdalbiltza Partzuergoa
  • Deialdi-motaBekak
  • SektoreaIkusizko arteak, Arte eszenikoak, Ikus-entzunezkoa, Literatura
  • Harremanakomunikazioa@udalbiltza.eus

Fitxa honen asmoa informazioa ematea baino ez da, eta ezin da, inola ere, indarrean dagoen lege-testuaren ordezkotzat hartu. Kulturklikek edukia eguneratzeko eta zuzentzeko eskubidea du, eta ez du horren inguruko erantzukizunik hartuko bere gain.