Barruko hotsak eta beste soinu txiki batzuk.
Liburu honek jarraipena ematen dio Piztipoemak eta beste xomorro batzuk eta Xomorropoemak eta beste piztia batzuk (Euskadi Saria 2017) liburuek haur-poesian irekitako bideari. Orduan, piztiak eta zomorroak ziren olerkien protagonistak. Honetan, inguratzen gaituzten eguneroko soinuak dira.
Esnatzen garenetik lokartzen garen arte,
gure inguruan hamaika eta bat soinu daude.
Esnatzen garenetik lokartzen garen arte,
musika sortzen etengabe.
Esnatzen garenetik lokartzen garen arte,
gurekin batera dantzatzen dute.
Eta lo gaudenean ere...
Garbitu ondo,
zorroztu bizkor,
zabaldu guztiz belarriak...
zure egunaren soinu banda
aditu arte!