Berrehun soneto idatzi ditu Karlos Linazasorok. Molde poetiko zahar hori erabili du gauza berriak esateko. Neurri-neurrian, artisau baten sentiberatasunez, birtuosismotik urrun ez dabilen dohainez. Bere maisuak omendu nahi izan ditu poetak, eta lagunak goretsi. Denetariko gaiak aurkituko ditu irakurleak liburuan: maitasuna, natura, denboraren igaroa, filosofia, umorea... Eta denetariko tonuak: sakonak, ironikoak, jostarinak, kritikoak, lirikoak, arkitektonikoak, musikalak, sarkastikoak eta zorrotzak... Bizitzaren ertzak ikuspegi ugarietatik ukitzen dituen lana, azken buruan. Liburu bakana eta goi-mailakoa, gozamen hutsa. Gure artean betiko geldituko den maisu-lana.
Egilea
Karlos Linazasoro. Tolosan sortu zen 1962an. Filologoa ikasketaz, liburuzaina lanbidez. Obra zabalaren egilea, genero guztietan. Poesiaren arloan, aipa litezke: Udazkeneko karabana erratua (1991 - Lizardi Saria), Apunte eta ahanzturak (1992 - Irun Hiria Saria), Hamazazpikotan (2010), Ezer gehiago behar gabe (2012 - Xabier Lete Saria), Zerua beti beherago dago (2016), Lurra bere erro gorrira (2018) eta Esaten dugun argia (2021).