Metrokoadroka kolektiboak Joan Mari Torrealdai bekarekin sortutako liburua da honakoa. Usurbilgo Udala eta Jakin Fundazioa dira ekimen honen bultzatzaileak.
Metrokoadrokaren ikerketa hiru zutabetan plazaratu da: pieza eszenikoa, sormen tailerra eta, orain, liburua.
Liburuaren zuzendari artistikoa eta editorea Metrokoadroka kolektiboko Idoia Beratarbide Arrieta izan da. Liburuan Maria Elorzak, Nagore Legarretak eta Danele Sarriugartek parte hartu dute, Metrokoadroka kolektiboko lantaldearekin batera.
Istorio bat kontatzeko abiapuntuak, motorrak, infinituak dira. Dokumentua izan daiteke haietako bat. Istorio bat zer den ere, infinitua da. Istorio bat kontatu nahi izateari buruzko istorioa ere kontatu daitekeen zerbait da.
Joan Mari Torrealdai atxilotua izan zenean poliziak dokumentuen sarraskia eragin zuen: Euskaldunon Egunkaria eta Jakin-i zegozkionak, eta baita dokumentu intimoak ere. Metrokoadrokak abiatutako Artxibo biluzia ikerketaren pizgailua Joan Mari Torrealdaik idatzitako testigantzaren esaldi bat izan zen: “Biluzik utzi ninduten, ez fisikoki, bai intelektualki”. Poliziak hutsik utzitako karpeta bat imajinatu zuten kolektiboko kideek, bete beharreko karpeta bat; hasieran metafora bat zenak indarra hartu zuen ikerketaren ardatza bilakatu zen arte: “Zer piztu dezake dokumentu batek jendearengan, pertsonengan, kolektiboengan, gorputzengan?”.
Artxibo biluzia pieza eszenikoan publikoari karpeta huts hori kolektiboki betetzeko gonbita egiten zaio, honako galdera honi erantzutea eskatuz: “Zer istorio nahi zenuke historiara pasatzea?”. Artxibo biluzia liburuak, berriz, Metrokoadroka kolektiboak hainbat kolaboratzaileren laguntzarekin karpeta hori betetzeko egin duen ahalegina da: sormenez, ideiez eta etorkizunerako asmoz. Liburua pieza eszenikoarekin batera sortu da, batzuetan paraleloki, besteetan kolaboratzaileek piezaren sorkuntzan zuzenean parte hartuz.
Joan Mari Torrealdai bekari esker, Metrokoadroka kolektiboak diziplina artistiko anitzeko ikerketa abiatu zuen, eta haren lehen emaitzak pieza eszenikoa eta lantegi kreatiboa izan ziren. Hirugarren eta azken emaitza da esku artean dugun liburua.