XVI. mendeko tolare baserria.
Igartubeiti XVI. mende erdialdean eraiki zuten, eta euskal baserriaren Urrezko Aroaren adibide paregabea da. Igartubeiti baserria XVII. mende hasieran iritsi zen bere unerik onenera, bizimodu eta lan berriei egokitzeko zabaldu eta aldatu egin zutenetik aurrera. Jatorrizko egurrezko egitura bikain mantendu izanak eta barruan duen sagardo dolare handiak Euskal Herriko baserri interesgarrietarikoa bihurtzen dute Igartubeiti.
Gipuzkoako Foru aldundiak 1992. urtean erosi zuen Igartubeiti baserria, desagertu ez zedin. Erabat zaharberritu eta eredu izendatu zuten, eta baserriak XVII. mende hasieran zuen irudi historikoa berreskuratu du.
Barrutik, antzinako baserrien egiazko bizitza birsortzen duen museo bihurtu da eta, bertan, duela lau mende euskal baserria nolakoa zen jakin daiteke, zuzenean eta interferentziarik gabe: argirik ez, jatorrizko altzari eta tresnak, orduko usain gozo eta lurrina.
Interpretazio Zentroa
Interpretazio Zentroan, mila urtetik gorako euskal baserriaren historia birsortzen da. Igartubeitiko familia eta bizilagunen ahotsen bidez, antzinako baserrien hazkunde eta bilakaera, biztanleen bizimodu eta lanak, euren arteko harremanak, sinesmen, ekoizpen, elikadura, dibertsio eta sufrimenduak ezagutzeko aukera dugu.
Interpretazio Zentroan Igartubeitira egiten diren bisitak kudeatu eta baserriaren historiaren inguruko jarduerak antolatzen dira.