Hibridalab Arabako Berrikuntza Irekiko eta Sormen Transferentziarako Zentroak urriaren 7an ireki zituen ateak Ramiro González Arabako diputatu nagusia buru izan zuen ekitaldian; euskal erakunde eta administrazioen ordezkaritza zabala ere izan zen bertan.
Gasteizko unibertsitate-eremuan kokatua, Conexiones improbablesek kudeatutako Hibridalab zentroak era guztietako enpresa eta erakundeekin lan egiten du berrikuntzara bideratutako hibridazio-proiektuak egiten (sektoreen arteko gurutzaketa), eta aitzindaria da Europa mailan.
Arabako Berrikuntza Irekiko eta Sormen Transferentziarako Zentroa hainbat sektore eta dimentsiotako enpresei, hezkuntza- eta ikerketa-alorrei, kultura- eta sormen-sektoreei eta administrazio publikoei zuzenduta dago. Arreta, funtsean, hiru faktoretan jartzen du: Jasangarritasuna, Digitalizazioa eta Sormena.
Hibridalabeko 1.600 metro karratuak hiru solairutan banatuta daude. Erdisotoan Fablab eta ikertzaileen egoitza bat daude. Fabrikazio digitaleko laborategi honetan azken belaunaldiko makinak daude eskuragarri, hala nola 3D inprimagailua, laser-makina edo binilatzeko makina, besteak beste. Makina horiek enpresek, hezkuntza-sektoreak eta herritarrek erabil ditzakete. Solairu nagusian erakusketa-gune bat, auditorioa eta hainbat areto daude, era askotako prestakuntzak egiteko eta enpresen proiektuak aurkezteko. Goiko solairuan coworking bat, enpresa egoiliarrentzako espazioak, bilera-gelak eta networkinga daude.