Gutun Zuria 2017: Poesia errezitaldia

Bilbao Apirilak 29
  • Gutun Zuria 2017: Poesia errezitaldia

Azkuna Zentroak antolatzen duen Gutun Zuria Bilboko Letren Nazioarteko Jaialdiaren urtemuga da aurten; izan ere, hamargarren edizioa izango du apirilaren 25etik maiatzaren 1era literatura-bilera honek, eta idazleek hitza hartuko dute, sorkuntzan eta arlo pertsonalean izandako esperientzietatik abiatuta, gaur egungo jendarteaz hausnarketa egiteko.

APIRILAK 29: POESIA ERREZITALDIA 

Juan Antonio González Iglesias (Salamanca, 1964)
Juan Antonio González-Iglesias, poeta, itzultzailea eta pintorea izateaz gain, latinezko irakaslea da Salamancako Unibertsitatean, eta Ovidio eta Katuloren itzultzailea ere bai. 1993an argitaratu zuen lehen poema-liburua, La hermosura del héroe izenburupean, eta Vicente Núñez Saria jaso zuen harekin. Esto es mi cuerpo (Visor, Madril, 1997), Un ángulo me basta (Visor, Madril, 2002) eta Olímpicas (El Gaviero, Almería, 2005) dira haren bibliografiako lanen tituluetako batzuk. Eros es más lanarekin (Visor, Madril, 2007), Loewe Fundazioaren Nazioarteko XIX. Poesia Saria eskuratu zuen. 2014an, Les Découvreurs saria lortu zuen Frantzian, herrialde osoko ikasleek botoa eman ondoren. Horrez gain, Antonio Machado del Tren Saria irabazi du Un Centauro poemarekin, eta Melilla Hiriko nazioarteko saria eskuratu du Confiado lanarekin (Visor, 2015). San Telmoko Real Academia de Bellas Artes-eko akademikoa da (Málaga).

Clara Janés (Bartzelona, 1940)
Clara Janés Filosofia eta Letretako lizentziatua da, eta Maitre és lettres Literatura Konparatuan Parisko IV Sorbona Unibertsitatean.
Poesia, eleberria, biografia eta saiakera lantzen ditu, eta hainbat hizkuntzatako itzultzaile gisa nabarmendu da. 1992an Turkiako Tutav Fundazioaren Saria jaso zuen, Espainian turkiar poesia zabaltzeko egindako lanagatik. 1997an Itzulpen Sari Nazionala eman zioten, obra osoko lanaren ordainetan. 2000. urtean, Txekiako Errepublikaren Lehen Mailako Merituaren domina jaso zuen, herrialde hartako literatura itzultzeagatik eta zabaltzeagatik. Lirika arloko hainbat golardo eman izan dizkiote: Espainiako Arte Ederretako Merituaren Urrezko domina (2004), Espainiar letren Teresa de Ávila saria (2007) eta Poesia esperimentaleko Francisco Pino saria (2011). Espainiar Hizkuntzaren Errege Akademiako kidea da 2015. urteaz geroztik.
Haren poesia liburuen artean, hauek nabarmentzen dira: Kampa (1986), Rosas de fuego (1996), La indetenible quietud (1998, Chillidaren grabatuekin), Arcángel de sombra (1999), Los secretos del bosque (2002), Río hacia la nada (2010), Variables ocultas (2010), Orbes del sueño (2013), eta ψ o el jardín de las delicias (2014). Saiakeren artean, honako hauek ditugu: La palabra y el secreto (1999), María Zambrano. Desde la sombra llameante (2010), Guardar la casa y cerrar la boca. En torno a la mujer y la literatura (2015). Eleberri hauek ere idatzi ditu: Los caballos del sueño (1989) eta El hombre de Adén (1991). Hark idatziak dira La vida calladade Federico Mompou biografia (1975), De la realidad y la poesía (2010), Antonio Gamonedarekin egindako elkarrizketen bilduma, Jardín y laberinto (1990) eta La voz de Ofelia (2005) memoria-liburuak, eta poema bisual eta esperimental ugari. Libururik ezagunenetako batzuk Siruela argitaletxeak plazaratuak dira.

Darío Jaramillo Agudelo (Kolonbia, 1947)
Darío Jaramillo Kolonbiako Hizkuntzaren Akademiako kide urgazlea eta Eleberri Laburren Pereda sariaren irabazlea da.
Zortzi poesia liburu argitaratu ditu, gehienak Valentziako Pre-Textos argitaletxearekin; etxe berean atera ditu argitara eman dituen zazpi eleberrietatik lau eta saiakera-liburuak. Haren argitalpenik berrienak Del amor, del olvido antologia poetikoa, Historia de Simona eleberria, Poesía en la canción popular latinoamericana saiakera, El cuerpo y otra cosa poesia-liburua eta Antología de crónica latinoamericana actual lana dira. Iowako Unibertsitateko International Writing Program-ean izan zen (1974-75), Eduardo Cote Lamus Poesia Sari Nazionala irabazi zuen (1977), Rómulo Gallegos sarian finalista izandakoa da (1995 eta 2003), Madrilgo Ikasleen Egoitzako poeta egoiliarra izan zen (2006) eta John Simon Guggenheim Memorial Foundationen bekaduna ere bai (2008-2009).

Chantal Maillard (Brusela, 1951)
Chantal Maillard poeta eta saiakera-egilea da. Espainiako Poesia Sari Nazionala irabazi zuen Matar a Platón lanarekin (2004) eta Kritikaren saria Hilos liburuarekin (2007); azken horrekin Andaluziako Kritikaren saria ere irabazi zuen. Filosofiako doktorea da, Indiako filosofian eta erlijioan espezialista Indiako Banaras Hindu Universityn eta Arteen Estetikako eta Teoriako irakasle titularra, eta 2000. urtera arte irakasle izan da Malagako Unibertsitatean.
Hamar urtez baino gehiagoz kolaboratzailea izan da ABC eta El País egunkarietako kultura-gehigarrietan. 2015ean, La mujer de pie (Galaxia Gutenberg), La herida en la lengua (Tusquets) eta La baba del caracol (saiakera, Vaso Roto) argitaratu ditu, bai eta antologia ere. Koaderno hauek ere egin ditu: Filosofía en los días críticos (2001), Husos. Notas al margen (2006), Diarios indios (2005) eta Bélgica (2011). Horrez gain, saiakera ugari idatzi ditu, besteak beste, Contra el arte y otras imposturas (2009). India lanean (2014) kontinente horri buruzko idatziak bildu zituen (egunkariak, saiakerak, poemak eta kritika).

Beñat Sarasola Santamaria (Donostia, 1984)
Filosofian, eta Literatur Teorian eta Literatura Konparatuan lizentziatua da, eta doktorea Bartzelonako Unibertsitatean (Doktoretza Sari Berezia eskuratuta). Bi poema liburu ditu argitaraturik, Kaxa huts bat (Susa, 2007) eta Alea (Susa, 2009). Poesia itzultzeko zenbait mintegi nazioartekoetan parte hartu du eta Philip Roth-en Nemesis nobela ekarri du euskarara. Ikerketa liburu bat ere argitaratu du, 70-80. hamarkadako euskal literatur-aldizkariak aztertzen dituena: Bainaren belaunaldia: Ustela, Pott eta Oh! Euzkadi. Egun, munduko poesia euskarara ekartzen duen Susa argitaletxeko Munduko Poesia Kaierak bildumaren editorea da, eta Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea literaturaren teoriaren esparruan.

 

OHARRA: Inun kantautoreak musika pieza bat joko du solasaldia hasi aurretik. Solasaldiaren ostean 'Irakurlearen Ordua' egingo da.

 


Laburrean

Non

Euskadi, auzolana