Euskal Herriko Dantza Agerketaren XLV. edizio hau 2017ko irailaren 15etik 17ra bitartean burutuko da. Dantza autoktonoen emanaldi nagusia larunbat arratsaldean izango da, irailak 16, Bizkotxalde parkean (euria eginez gero, Social Antzokira eramango litzateke).
KUARTANGOKO TRINITATEKO DANTZARIAK (Kuartango, Araba). Gorpuztiaren osteko igandean egiten dute. Ez dira ohiko dantzariak, Kuartangoko haraneko gazteak baizik. Jai egunaren aurretik bildu egiten dira dantzak nortzuek emango dituzten erabakitzeko. 1931n azken aldiz egin zenetik, 1982 urtean berreskuratutako dantza da eta Trinitateko baselizan ospatzen den erromerian giza-dorre bat ere egiten da.
ZERUTXU (Markina, Bizkaia). Markinarrek lehenengoz ekarriko dute Basaurira beraien sokadantza. Besteak beste, Karmen egunean dantzatzen dute udal agintariek eta herritarrek meza nagusiaren ostean. Beste bi dantza ere egingo dituzte: Xemeingo Ezpata-dantza, gizonezkoen dantza, non dantzariek ezpatak gurutzatu eta kapitaina altxatzen duten, eta Zaragi-dantza, non inauterietako pertsonaia batek, Hartzak, dantzariak zirikatu eta amorrarazten dituen.
OTSOLAR (Lizartza, Gipuzkoa). Kutsu barregarria duten Inauteri dantza batzuk erakutsiko dizkigute. Haien arteko batzuetan makilak eta brokelak erabiltzen dituzte. Kapitainak, berriz, lantza handi bat darama eskutan.
DANZANTES DEL PALOTEADO DE SAN JUAN (Tutera, Nafarroa). Tuterako dantzariek duela 40 urte birsortutako “Paloteado”aren dantza batzuk erakutsiko dizkigute. Pertsonaia esanguratsuenak ere ekarriko dizkigute, hala nola Artzain-burua (“Rabadán”) eta Nagusia (“Mayoral”), eta beraiek kontatuko dute bertsoz makil dantza berezi horren alde narratiboa. Oraingo honetan Basauriri beren-beregi eskainitako bertsoak entzungo ditugu. Aipagarria da, lehendabiziko aldiz dantzatuko dutela Tuteratik kanpo eta ez-ohiko datan egingo dituztela, gainera, Bezpera-dantzak. Dantza horien artean dago Baile del rosco, urte bakoitzean San Juan erroska ematen duen familia edo erakundearen etxe aurrean dantzatzen dena.
BEGIRALEAK (Donibane Lohizune, Lapurdi). Lapurdiko folklorearen erakustaldi bat emango digute fanfarriaren erritmoan. Kontradantzak, Makil ttiki, Makeako soka... dantzatuko dituzte, baita Beteluren Fandango ikusgarria ere. Beraiekin batera etorriko dira Makilari trebea, hartza eta inauterietako pertsonaiak. Nabarmentzekoa da, bestalde, beraien janzkera koloretsua.
Horrez gain, Euskal Herriko hainbat herritako jaietan izan diren eta gure folklore tradizionalaren alde ere badiren erraldoiek hartuko dute parte. Oraingoan DEUSTUko “ONDALAN” konpartsako erraldoiek osatuko dute BOST DANTZA-TALDE AUTOKTONOok eskainitako ikuskizuna.
IRAILAREN 15A, OSTIRALA:
‘Euskal Herriko Dantza Agerketa’ beste zenbait ekintzaz osatzen da urtero, horrela herritarrek gure folklorea hobeto ezagutzeko aukera izan dezaten. Irailaren 15ean, ostirala, herri erromeria izango da 19:30etatik aurrera Mojaparte plazan. Antzinako erromerietako izpirituari jarraitu nahian, “parte har dezakezu, nahiz eta dantzan jakin ez” lemapean, San Migel aldean aspaldian egiten ziren erromeriak ekarri nahi ditugu gogora. Herriko dantza-taldeetako musikari eta laguntzaileek hartuko dute parte eta, Bizkaiko Dantzarien Biltzarraren laguntzaz, herri-dantzak erakutsiko dituzte. Dantzak bereziki prestatuak izango dira ikusleek ere parte har dezaten.
Aurretiaz, 19:00etan hasita eta jai giroa sortzeko asmoz, zenbait tailer izango dira (birziklatutako objektuez egindako musika-tresnak taxutu, txapak eta erraldoitxoak egin, orri-markatzaileak...) baita sagardo eta txorizo dastatzea ere.
IRAILAREN 17A, IGANDEA:
Basauriko bertako dantzarik ezagutzen ez denez, herriko dantza-taldeek ezin dute parte hartu Euskal Herriko Dantza Agerketa emanaldi nagusian. Hala ere, larunbateko jaialdiaren osagarri gisa, biharamunean (igandean, hilak 17) Agintzari, Basauritar eta Edurre dantza-taldeek beraien errepertorioko zenbait dantza erakutsiko dituzte Bizkotxalde parkean bertan, 19:00etatik aurrera.