Bilboko Arte Ederren Museoak bilduma sendotu du, Aurelio Arteta (Bilbao, 1879-Mexiko Hiria, 1940) pintore bilbotarraren zirriborro original bat eskuratuta. Euzkadi egunkariak enkarguz eskatu zion kartel bat, 1913ko otsailean lehenengo aldiz argitaratuko zela-eta, publizitatea egiteko. Irakurri-Léase `Euzkadi´ (1912) du izena, eta balio historiko handia duen pieza da; izan ere, gaur egun oraindik orduko argazkien bitartez ezagutzen den kartela dokumentatzen du, oraindik ez baita kartel horren ale bat ere aurkitu.
Obra hau –ikatz-ziria, gouachea, akuarela eta pastel mihiseari itsatsitako paperean, bastidorearen gainean– Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren ekarpenari esker helduko da museoaren bildumara. Artetaren lana ondo ordezkatuta dago bilduman, izan ere, guztira haren 39 obra daude –26 pintura, 4 marrazki, 2 kartel-ikur, zirriborro 1 eta 2 kartel, museoaren jabetzakoak; eta 3 pintura eta marrazki 1, gordailuan–. Horien artean, Artetak kartelgintzan egindakoaren erakusgarri diren bi lan: bat, Adiskideen Elkartearen Liburutegirako egindakoa, eta bestea, Donostiako estropadetarako egindakoa; biak dira mendearen lehen hamarkadetan Artetak egin zituen zirriborroetatik abiatuta egindako koloretako litografiak.
Lan hau Artetaren lanaren hasierako garaian kokatzen da; Paris eta Erroman ikasten egon ondoren, jaioterrira itzuli zen, pintore gisa bidea egiteko. Orain arte, obra hau euskal bilduma partikular batean egon da, eta, antza denez, egunkariaren ingurutik zuzenean heldu zitzaien 1936a baino lehen. Obra hau Euzkadi egunkariaren itxieraren 80. urteurrenean eskuratu da.
Irakurri-Léase 'Euzkadi´, 1912
Obra, sinadura eta datarik gabekoa, Artetak egin zuen, Euzkadi (1913-1937) egunkari abertzaleak 1913ko otsailean lehen argitalpena egin behar zuela-eta, hura iragartzeko. Urte bat lehenago, 1912an, egunkariaren argitaletxeak egunkaria iragartzeko enkargua egin zionean, Arteta Zuiako markesaren Murgiako (Araba) bizitokia dekoratzeko lanekin ari zen; hain zuzen ere, hori izan zen Artetaren ibilbideko lanik garrantzitsuena, Erromeria gaiaren inguruko zortzi mihisez osatua. Serie horretako pintura batean, Erromeriarako zain (Bizkaiko Foru Aldundia) izenekoan, gizon bat agertzen da zutik, ezkerreko eskua zuhaitz baten enborrean bermatuta duela, eta, bere jantziak eta jarrera ikusita, pentsa daiteke kartelerako abiapuntua izan zela.
Gaur egun, oraindik ez da aurkitu kartelaren alerik –litekeena da litografia bat izatea–, eta 1913an prentsan argitaratu ziren irudiei esker ezagutzen dugu. Irudi horiek erakusten dutenez, Artetak egin zuen zirriborro originala –orain museoaren bildumarako eskuratutakoa– litografoak apur bat aldatu zuen, besteak beste, mutilaren jarrera, zeinari dinamikotasun handiagoa eta epikotasun handiagoa eman baitzitzaion: originalean eskuineko sorbalda eta besoa estaltzen zizkion tapakia haizearen edo pertsonaiaren mugimenduaren ondorioz mugitu egiten da kartelean, eta, horrela, indartu egiten du mezua talaia edo mendi batetik jaurtitzen ari delako ideia. Hondoko paisaia sinplifikatu egin da; koloretako bi orban dira orain, eta horien gainean dago egunkari berria irakurtzeko gonbita egiten digun irrintzilariaren irudia.
Azken konposizioan dauden beste aldaketa esanguratsu batzuk hauek dira: pertsonaiak ezkerreko eskuan daukan makila desagertzea eta "Jaungoikua eta Lagi Zarrak" leloa duen ezkutuaren lekualdatzea; hain justu, hori da etorriko zen egunkariaren eta haren goiburuaren nortasunaren adierazleetako bat, eta zirriborroan ezkerrean badago ere, kartelean eskuinean agertzen da.
Halaber, "Irakurri-Léase Euzkadi" eskuineko goi-angeluan kokatutako leloaren tipografia ere aldatu da: Artetarenaren oinarrian tradizio herrikoi euskalduna dago –nahiz eta, bitxia bada ere, ez den, dirudienez, Javier de Gortazarrek egunkarirako sortu zuen goiburu gotiko bera–, eta kartelean forma neutroagoa dauka.
Gerora egindako Irakurri-Léase 'Euzkadi' kartelaren beste bi bertsio ezagutzen dira. Batek nahiko fidel jarraitzen dio Artetaren zirriborro originalari, zeina 1913an inprimatu baitzen eta gaur egun Novedades aldizkarian 1913ko urtarrilean argitaratu zen erreprodukzio bati esker ezagutzen baita; bestea, kartela oinarritzat hartuta egindakoa, José María Uribarrenek (1913-2008) egin zuen 1930. urte inguruan. Sabino Arana Fundazioak eta Labayru Fundazioak dituzte bigarren kartel horren aleak.