"Frida Kahlo artista eta aktibista"

Donostia-San Sebastián Otsailaren 8(e)tik martxoaren 24(e)ra
  • "Frida Kahlo artista eta aktibista"

Aiete Kultur Etxeak Frida Kahlo, artista eta aktibista erakusketa antolatu du. Aitziber Alonsok  egin ditu komisario lanak eta, gainera, Fridaren biografian oinarritutako ilustrazioak marraztu ditu. Modu koloretsu eta artistikoan, emakume aparta honen bizitza ezagutzeko aukera paregabea izango dugu.

Gainera, Kahloren artelanen irudiak eta bere izaeran inspiratutako objektuak egongo dira ikusgai. Aipatzekoa da Paoletta Balmelli artista suitzarrak espresuki egindako murala.

1954an, hil ondoren, izan du Frida Kahloren bizitzak eta lanak oihartzunik handiena. Mundu mailan mexikar kultura eta feminismoaren aldarrikapen sinbolo bihurturik.

Fridaren bizitza (Coyoacán, 1907-1954)

1910eko Mexikon, 30 urtetik gora boterean zegoen Porfirio Díaz diktadorearen aurka altxatu ziren miseria gorrian bizi ziren nekazariak, Emiliano Zapata eta Pantxo Villa liderren gidaritzapean, besteak beste. Matxinadak gerra zibil odoltsua ekarri zuen, non milioi bat mexikarretik gora hil ziren.

Frida Kahlo Coyoacánen jaio zen, Mexiko Hiriaren kanpoaldean, 1907an, Mexikoko iraultza piztu baino hiru urte lehenago. Haren aita, Wilhem (Guillermo) Kahlo, hungariar-alemaniar jatorrikoa, Mexikon ezkondu zen, bi alaba izan zituen eta, handik gutxira, emaztea hil zitzaion. Orduan, Oaxacan sortutako Matilde Calderonekin ezkondu zen; jatorri indigenako jostun bikaina zen, eta lau alaba izan zituen harekin: Matilde, Adriana, Frida eta Cristina. Guillermo Kahlok Mexikoko gobernuarentzat lan egiten zuen, argazkilari gisa.

Sei urte zituela, Fridak poliomielitisa izan zuen, eta, ondorioz, eskuin zangoa motzagoa geratu zitzaion. Hala eta guztiz ere, jakin-min handiko ikasle saiatua izan zen beti. Eskola Alemanean ikasi ondoren, 15 urterekin “Escuela Nacional Preparatoria” izenekoan sartu zen. Oso gaztetatik, Fridak iraultzaren ideien aldeko konpromisoa hartu zuen eta Alderdi Komunistan militante eta ezkerreko ekintzaile leiala izan zen. Espainiera, alemana, ingelesa, frantsesa eta Mexikoko nahuatl hizkuntza indigena zekizkien. Aitak arte mexikarrarekiko miresmena kutsatu zion, eta argazkiak egiten eta koloreztatzen erakutsi zion. Ezagutza horiek oso baliagarriak izan zitzaizkion gerora pintore izango zenari.

18 urte zituela, zorigaiztoko istripu bat izan zuen. Tranbia batek aurretik eraman zuen bera zihoan autobusa. Ondorioak larriak izan ziren harentzat: zenbait hezurren haustura eta lesioak bizkarrezurrean. Bizitza osoan 30 ebakuntza baino gehiago egin zizkioten, min handiak jasan behar izan zituen eta ezin izan zuen seme-alabarik izan. Istripua zela-eta, hainbat hilabetez mugitu ezinik egon zen. Denbora pasatzeko, gurasoek pinturak eta asto bat oparitu zizkioten. Ohean ispilu bat ere jarri zuten. Hari esker, Fridak autorretratuak egiten hasi zen.

1929an, Diego Rivera margolariarekin ezkondu zen Frida; bere bizitzan gehien maitatu zuen gizona izan zen, eta bere pinturan eragin handiena izan zuena. Frida ikasten ari zen eskolan ezagutu zuten elkar: Diego artista ospetsua zen eta mural bat margotzen ari zen. Diego Riverak Mexikoko arte nazionalistaren joera berria ordezkatzen zuen eta, gainera, goi mailako kargua zuen alderdi komunistan.

Etxe Urdina

Coyoacaneko Etxe Urdina, Fridaren jaiotetxea, zuria zen berez, baina ukitu mexikarra eman zioten Frida eta Diego bertara bizitzera joan zirenean. Urdin ilunez eta koral kolorez margotu zuten, eta Mexikoko kulturarekiko maitasuna erakusten zuten eskultura, marrazki eta objektuekin dekoratu zuten. Bertan babestu zituzten, bi urtez baino gehiagoz, Leon Trotski eta haren emazte Natalia.

Fridak bakea eta erosotasuna aurkitu zituen etxe horretako lorategian. Lasai egoten zen patioan, bere landareekin eta maskotekin jolasean. Lore autoktono koloretsuez hornitutako paradisua, lorategia margolan askoren inspirazio iturri izan zen. Osasuna arazoengatik gehiegi mugitzerik ez zuenean, lorategian arte eskolak ematen zituen.

Frida artista

Fridaren artea oso pertsonala izan zen; bizitzan zehar ondu zituen 143 margolanetatik 55 autorretratuak izan ziren, eta horietan agerikoa da aitari ikasi zion argazki-erretratuaren teknikaren eragina. Aurpegi serioz ageri da, bekain bakar, bibotearen itzala ezkutatu gabe, eta sarritan eskualdeko janzkeraz. Bere lanetan min fisiko eta emozional ikaragarria adierazi zuen. AEBetan eta Europan ere erakutsi zituen lanak, eta besteak beste André Breton idazlearen eta Pablo Picasso artistaren laudorioak jaso zituen.

Margolariak natura maite zuen. Landareak eta animaliak miresten zituen. Hainbat maskota zituen, hala nola txakurrak, tximinoak, txoriak eta oreinkumeak, eta askotan bere pinturetan sartzen zituen. Animaliek rol sinbolikoa zuten beti, eta sarritan Mexikoko folklorean aurkitu behar da horien esanahi gordea. Koloreak ere funtsezkoak ziren Fridarentzat. Arte indigenaren isla gisa ez ezik, berezko esanahi sinbolikoak ere eman zizkien. 1944an egunkari pertsonal bat idazten hasi zen, eta erabiltzen zituen koloreei buruz idatzi zuen bertan.

Maisu izan zen Pintura eta Eskulturako Eskola Nazionalean, eta bere eguneroko lanean nahiz bizitzan (hizkuntza, janzkera, etxeko dekorazioa…) Mexikoko arte herrikoiaren sustraiak berreskuratu nahi izan zituen.

Fridaren estetika

Janzkeraren bidez, emakume mexikar indartsu eta independentearen nortasuna agerian jarri nahi izaten zuen. Tehuana, soineko tradizionala, uniforme modukoa bihurtu zen harentzat. Apaingarri hauek ere eraman ohi zituen:

- Diadema: Fridak maite zuen ilea txirikorda eta diadema koloretsuz, ehun eta lorez hornitzea, koroa bereziak sortuz.

- Huipila: huipil izeneko blusa karratu eta lasaiak janzten zituen.

- Azpiko gona: gona luzeen azpian azpiko gonak eramaten zituen, agerian.

- Gerruntzea: artistak bizkarrezurra babesteko igeltsuzko moldeak eraman behar izaten zituenean, tigre, tximu eta txoriz apaintzen zituen.

- Hankaren protesia: eskuin hanka ebaki ziotenean, larruzko zapata plataformadun gorri polit bat diseinatu zuen protesirako.


Laburrean

  • Mota Erakusketa
  • Data Otsailaren 8(e)tik martxoaren 24(e)ra
  • OrdutegiaAsteazkenetik ostiralera: 16:00?20:30. Larunbatetan: 10:00-14:00 eta 16:30-20:00. Igandeetan:10:00-14:00
  • Lekua Aiete Kultur Etxea
    DK. Aiete pasealekua, 63
    Donostia-San Sebastián
  • ZenbatekoaDoan
  • HizkuntzaElebietan
  • Web Aiete Kultur Etxea

Non