HARRAPAZANK 2019

Bilbao Otsailaren 10(e)tik ekainaren 22(e)ra
  • HARRAPAZANK 2019

HARRAPAZANK gazte-programaren edizio berria abiatuko da. Programa hau 12 eta 18 urte bitarteko gazte bilbotarrentzat da, eta euren gustuen araberako jarduerak eta esperientziak euskaraz eskaintzen ditu.

Bilboko Udalak eta Euskaltzaleen Topaguneak (euskararen aldeko kultur elkarteen federazioak) antolatzen dute, gazteen artean euskararen erabilera sustatu eta motibatzeko helburuarekin, modu erakargarri eta berritzaile batean.

HARRAPAZANK-en barruan programa bi daude:

1-TAILERRAK ETA GAMER GELA

Tailer hauek 12 eta 18 urte arteko gazteentzat dira, eta beraien zaletasunetan eta sormenean sakontzen dute. Barrutietako udaltegirik gehienetan ematen dira, otsailean eta martxoan (bihar, asteazkena, otsailak 20, lehenengoa hasiko da), baita Euskalduna zubian (graffiti tailerra) eta Zirkozaurren ere (zirku-tailerra). Bi orduko iraupena dute.

Tailer hauek eskaintzen dira: fantasiazko makillajea, irratia, hennazko tatuajeak, idazketa, zientzia bisuala, arropa norberaren gustura moldatzea, graffitia, antzerkia, marrazketa, smartphone bidezko argazkigintza, makillajea, dj-ak, diseinua, beatbox, popping dantza, zirkua, patinaje artistikoa, kantugintza.

Bestalde, bideo-jokoen tailerrak eskaintzen dira: GAMER GELA. Tailer hauek ordu eta erdi iraungo dute eta maiatzean emango dira. Gainera, eraginkorragoak izan daitezen, egunero bi talde egingo dira, bata seniorra, 16:30etik 18:00etara, eta bestea juniorra, 18:30etik 20:00etara. Ibaiondo, Begoña, Errekalde eta Basurtuko udaltegietan eskainiko dira.

Tailer guztiak doakoak dira eta euskaraz emango dira. Bilbon erroldatuta egotea da baldintza bakarra. Informazio gehiago hemen: www.harrapazank.eus

2-HARRAPAZANK ESZENA

Talentu-lehiaketa dugu hau, Bilboko gazteek hainbat diziplinetan duten trebezia erakuts dezaten, besteak beste antzerkian, dantzan, musikan, bakarrizketan eta txisteak kontatzen. Bi kategoriatan banatzen da:

  • Harrapazank junior, 12 eta 15 urte bitartekoentzat.
  • Harrapazank senior, 15 eta 18 urte bitartekoentzat.

150 gazte baino gehiagok eman dute izena. Martxoaren 25etik ekainaren amaierara arte hainbat fase beteko dituzte, euren kategoriako txapeldun izateko.

Lehiaketako parte-hartzaileak hautatu baino lehen, bi astez, entsegu luzeak egingo dituzte barrutiko udaltegietan, irakasle profesionalekin. Irakasleok euren arte-gaitasuna hobetzen lagunduko diete, euren trebeziak hobetzeko: Olatz Gamboa, Jon Casamayor, Ugaitz Alegría, Andrea Lopez, Ines Bermejo, Eñaut Asurabarrena, Paul Beitia, Koldo Olabarri eta Urtza Zuazo.

Gero, kategoria bietan castinga egingo da Bilborock Aretoan, gazteek euren talentua erakuts dezaten antzerkian, dantzan, musikan, bakarrizketetan, txisteak kontatzen eta abarretan. Casting horiek apirilaren 29tik maiatzaren 2ra bitartean egingo dira. Castingaren arduradunak Ugaitz Alegría, Ylenia Baglietto, Xabi Hoo eta Vera Alonso izango dira.

Kategoria bakoitzeko 10 talde aukeratuko dituzte. Talde horiek maiatzean egingo diren azken galetan parte hartuko dute euren trebezia erakusteko, Bilborock aretoan. Gala horietan irabazleak aukeratuko dira. Baina finala baino lehenago, maiatzaren 31n, hautatutako taldeek masterclass bat jasoko dute euren emankizuna lantzeko, Begoñako udaltegian.

Finalak Bilborocken izango dira: ekainaren 21ean, 18:00etan, gala juniorra, eta ekainaren 22an, 18:00etan, gala seniorra. Final bi horietan kategoria bakoitzeko 500na euroko sari bi banatuko dira. Miren Gaztañaga izango da final bietako aurkezlea eta Unai Goikolea DJ-ak emanaldia eskainiko du. Finaletako epaimahaiko kideak Ugaitz Alegria, Ylenia Baglietto, Xabi Hoo eta Vera Alonso izango dira.

Beste alde batetik, finalera pasatzen ez diren partaideek ikasten jarraitzeko aukera izango dute arteetako eta kulturako profesionalekin, HOBEKUNTZA TAILER batean, Begoñako barrutiko udaltegian, maiatzaren 24an.

Gainera, prozesuaren jarraipena HARRAPAZANKen Youtubeko kanalaren bidez eta sare sozialetako (TwitterFacebook eta Instagram) profilen bidez egin ahalko da.

bilbao.eus

Laburrean

  • Mota Bestelakoa
  • Data Otsailaren 10(e)tik ekainaren 22(e)ra
  • LekuaBilbao

  • Info Gehiago

Non

Euskadi, auzolana