Bermeoko Jaiak 2019: Andra Mari eta Santa Eufemia Jaiak

Bermeo 2019(e)ko irailaren 7(e)tik 2019(e)ko irailaren 16(e)ra
  • Bermeoko Jaiak 2019: Andra Mari eta Santa Eufemia Jaiak

Aurtengo jaiak nobedadez beteta etorriko dira. Izan ere, Euskal Herriko lurralde ezberdinetako txapeldunen bertso saioa, Crossfit erraldoia, Nøgen eta Swingtronics-en emanaldiak, euskal artzain txakurren erakustaldia, Bizkaiko Artzai Gazta Txapelketa… izango dira aurtengo protagonistak, besteak beste, antolatu diren 100 ekintza baino gehiagoren artean. Noski, urtero antolatzen diren klasikoak ez dira faltako: koadrilen jaitsiera, Sukalki Eguna, XXXVII. Bermeo Uria Ikurrina estropada, Txosna Batzordeak antolatutako elektrotxarangak eta herri bazkariak, su artifizialak, herri kirolak, play-back erraldoia…

Irailaren 7an egingo den pregoian, bestalde, bi gonbidatu berezi ikusi ahal izango ditugu: Erroxape Emakumeen Elkartea eta Izaro Abesbatza. Biek mende laurdena bete dute aurten eta hori ospatzeko Udaletxean emango den pregoira gonbidatu dira.

Nobedadeak:

Aipatu bezala, aurten nobedade asko egongo dira jaietan. Jarraian, nobedadeetako batzuk:

Irailaren 6an, jaiak hasi baino lehenago, ikuskizun polita izango dugu Korrontzi taldearen eta Alkartasuna Dantza Taldearen eskutik Artza Frontoian. Dantza egiteko aukera paregabea izango da.

Irailaren 7an, gainera, Salome Campos itsas-zeharkaldia izango dugu. Egun horretan bertan, txupina bota eta pregoia bukatutakoan, I Love 80 taldeak atzoko eta gaurko doinuak ekarriko dizkigu Bermeora eta, hurrengo egunean, irailaren 8an, Swingtronics-ek swing-a dantzatzeko aukera eskainiko digu.

Irailaren 10ean, XLV. Herri Kiroletan, modalitate ezberdinen Euskal Herriko emakumezko eta gizonezko irabazleak izango ditugu lehian. Gainera, egun horretan bertan, Bertso saio berezia izango dugu Euskal Herriko lurralde ezberdinetako irabazleekin.

Irailaren 13an, ostiralean, gazteek kirolaz disfrutatzeko aukera paregabea izango dute. Izan ere, crossfit erraldoi bat jarriko da Burujabetasun zelaian. Egun horretan bertan, herriko Ozhen taldeak eta Nøgen musika talde ezagunak kontzertua eskainiko dute.

Irailaren 15ean, XXVI. Euskal Artzain Txakurren erakustaldia izango dugu. Goizez, hurbildik ikusi ahal izango ditugu protagonistak (Lameran) eta, arratsaldez, erakustaldia eskainiko dute Burujabetasunaren zelaian.

Bukatzeko, irailaren 16an, Santa Eufemia eguneko Baserritarren Azokaren barruan, XXX. Bizkaiko Artzai Gazta Txapelketa ospatuko da Bermeon.

Nobedade hauetaz gain, betiko klasikoez disfrutatzeko aukera ere izango dugu. Su artifizialak izango ditugu irailaren 8an eta 16an, Sukalki Eguna egingo da irailaren 14ean eta, egun horretan bertan, XXXVII. Bermeo Uria Ikurrina estropadan gureak animatzeko aukera izango dugu. Bukatzeko, irailaren 8an (txikiak) eta 15ean (nagusiak) danborrada ospatuko da.


Laburrean

Non

Euskadi, auzolana