‘Joxe Azurmendi. Euskal pentsamenduaren ur-jauzia’ kongresua

Donostia-San Sebastián Abenduaren 11(e)tik abenduaren 13(e)ra
  • ‘Joxe Azurmendi. Euskal pentsamenduaren ur-jauzia’ kongresua

Izena emateko epea zabalik dago. Hizlarien artean daude Joseba Zulaika, Miren Azkarate, Joan Mari Torrealdai, Jule Goikoetxea, Markos Zapiain, Alaitz Aizpuru...

Joxe Azurmendi Otaegi (Zegama, 1941) filosofoaren ekarpen emankorra egungo begiradatik aztertu eta landuko du Jakinek, UPV/EHUk eta Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatutako Joxe Azurmendi. Euskal pentsamenduaren ur-jauzia kongresuak. Izan ere, Euskal Herri garaikideko pentsalaririk oparoena da Azurmendi: filosofiapolitikahizkuntza, kultura eta literatura izan ditu aztergai, diskurtso zehatzak, unean unekoak eta egoerari erantzuten ziotenak, eta arnasa luzeko gogoeta teorikoekin uztartu dituenak. Argitaratu dituen 41 liburuak eta ia 500 artikuluak horren lekuko dira.

Azurmendiren ekarpena ertz ezberdinetatik aztertuko ditu kongresuak. Horretarako, berrogeita hamar aditu elkartuko ditu abenduaren 11tik 13ra Donostiako San Telmo museoan, azken hau kongresuko languntzailea ere badena. Parte hartzeko izen-ematea zabalik da: hemen.

Bizitza oso bat pentsamenduari emana

Dena egiteke eta herri bat birpentsatzeke zegoen garaian hasi zen Azurmendi idatziak plazaratzen, Euskal Herriari baliagarri izango zitzaizkion auziei helduz, eta pentsamenduarekiko eta kulturarekiko aparteko kezka adieraziz. Gaur egun arte.

Gaztetan Arantzazuko frantziskotarrei lotua egon bazen ere, unibertsitateko irakasle gisara jardun du gehienbat, EUTG-Deustun lehenengo (1978-1981) eta UPV/EHUn ondoren (1981-2014), 1993tik aurrera bertako Filosofia Modernoko katedradun zela. Horrez gain, Jakin Taldeko kide da 1960az geroztik, Jakin Irakurgaiak bildumaren arduraduna izanik, eta ohorezko euskaltzain ere bada.

Azurmendiren ekarpenari dagokionez, hiru eremutan jardun du, batik bat:

Euskal pentsamenduaren azterketan. Bere belaunaldiarekin batera autore tradizionalen irakurketa egin du, Euskal Herrian egon den pentsamendu tradizioa ikusaraziz eta ondorengoei transmitituz.

Filosofiaren eta pentsamendu europarraren azterketan. Garaiko auzi filosofiko nagusiak landu ditu puntako pentsalarien pare, ekarpen propioak eginez eztabaidari. Gainera, auzi horiek euskaraz eman ditu, euskaldunon komunitateari pentsamendu garaikiderantz leiho bat irekiz.

Unean uneko auzi etiko-politikoei buruzko gogoetan. Euskal Herriaren egoera sozial eta politikoari erantzuteko ideiei buruz gogoeta egin du: borroka antifrankistan abertzaletasuna eta marxismoa uztartuz, lehenik, ETAren, torturen, presoen eta Estatu politiken gogoeta saiatuz, ondoren; eta euskalduntasuna ulertzeko modu berriekin elkarrizketan, gaur egun.

Kongresua: hiru egun, hiru areto

Irekiera ekitaldi bereziarekin ekinen dio kongresuak abenduaren 11n. Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak, Nekane Balluerka UPV/EHUko errektoreak, Jon Insausti Donostiako Kulturako eta Euskarako zinegotzi ordezkaria,ñk, Joan Mari Torrealdai Jakineko Fundazioko lehendakariak, eta Iñaki Zabaleta UPV/EHUko filosofia irakasleak eta Joxe Azurmendi Katedrako koordinatzailek hartuko dute hitza. Ondoren, Joseba Zulaika antropologoak, Miren Azkarate hizkuntzalariak eta Pruden Gartzia urgazle eta idazleak hitzaldi bana eskainiko dute.

Hurrengo egunean, abenduaren 12an, hiru aretotan banatuko da kongresua, Azurmendiren ildo ezberdinak aldi berean landu ahal izateko (ikus programazioa). Hori dela eta, kongresuko egunik mamitsuena izanen da, bai behintzat eduki kopuruari dagokionez. Gizaberearen filosofia, gogoeta etikoak, pentsamendu soziala, kooperatibismoa, nazioa, estatua eta kultura izango dira jorratuko diren gai nagusiak, mahaika sailkatutako hitzaldi laburren bitartez. Horiekin batera, goizean hitzaldi luzeagoak ere tartekatuko dira Azurmendiren ibilbideari eta obrari buruzko gogoeta orokorragoekin. Abenduaren 13an, aldiz, saio guztiak Areto Nagusian egingo dira berriro, goizez.

Gainera, kultura Azurmendiren kezka eta langai nagusietako bat izaki, bi emanaldi berezi antolatu dira, biak ere Azurmendiren olerkigintzan oinarrituta. Lehen egunean kontzertua eskainiko du Gotzon Arrizabalaga irakasle eta musikariak. Eta azken egunean, kongresuari amaiera emateko, Aginako zero bat emanaldia eskainiko dute Manex Agirre, Jon Aranburu, Marco Bianchi eta Gaizka Amondarainek.

Aipagarria ere bada Gorka Eizagirre artista arduratu dela kongresuaren irudiaz. Afixa nahiz kongresuko ikurrak diseinatu ditu, besteak beste.

Kartela lotura honetan duzue eskuragarri: https://labur.eus/b5Dth

Izen-ematea zabalik

Kongresuan edonork parte har dezake, beti ere aldez aurretik izena emanez gero. Kontuan izan abenduaren 12ko saioetan espresuki eman beharko dela izena, hau da, zer saio zehatzetara joango den adierazi beharko da aldez aurretik. Horretarako, klikatu hemen edo sartu Joxe Azurmendi Katedraren nahiz Jakinen sareko atarietan.

jakin.eus

Laburrean

  • Mota Jardunaldia
  • Data Abenduaren 11(e)tik abenduaren 13(e)ra
  • Lekua San Telmo Museoa
    Zuloaga Enparantza, 1
    Donostia-San Sebastián
  • HizkuntzaEuskara
  • Web San Telmo Museoa

Non

Euskadi, auzolana