Ateak zabalik sortkuntza artistikorako

Bilbao 2019(e)ko Irailak 19
  • Ateak zabalik sortkuntza artistikorako

Azkuna Zentroa - Alhóndiga Bilbaok era askotako ekimenak antolatzen ditu, ikerketa, sorkuntza eta ekoizpena sustatzeko zuzeneko eta erakusketako arteen inguruan, artelanen ekoizpena bultzatzeko eta herritarrengana hurbiltzeko, hala egindako obra nola sorkuntzako prozesuak erakutsiz.

Sortzaileak zentroko espazioan daudenez, aukera dugu ikusteko nola prestatzen duten proiektua, nola partekatzen duten lana taldeko beste kideekin, zertan aritzen diren Azkuna Zentroan egunero. Sortzailea hor egoteak balio gehiago ematen dio espazio publikoari, espazioan esku hartzen duelako, eta programazio hedatua eskaintzeko aukera ematen digulako; helburua ez da ikuskizun bat eskaintzea, baizik eta prozesua, praktika, aurreko eta ondoko egoera, interes publikoaren berme gisa.

Horregatik, irailaren 19anartista egoiliarren espazioetako ateak zabalduko dira, Azkuna Zentroa - Alhóndiga Bilbaok, Artiumek, Tabakalerak eta Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak sustatutako Komisario Berriak proiektuaren inaugurazio-egunean.

Egun horretan, beren espazioetako ateak zabalduko dituzte proiektuen work in progress-a ikusteko: Jaiotz Osa eta SigridStigsdatter Mathiassen dantza garaikideko artista egoiliarrek, Tana Garrido praktika artistikoetako egoiliarrakconsonni argitaletxe eta ekoiztetxeak consonni radio con Az irratsaioarekin kolektibo egoiliar gisa, eta Oscar Gómez Mata eta Sra.Polaroiska Artista Az Kideek.

Dantza garaikidea

Jaiotz Osa koreografo eta dantzariak egonaldian garatzen ari den Loser piezaren sorkuntza-prozesua erakutsiko du. Soloak hausnarketa egiten du millennial baten gogoan dagoenaz eta sentsazio horrekin bizitzeko moduaz. Xabier Mujikarekin batera eratutako OSA+MÚJIKA konpainiako kide gisa, kolektiboa bere mugimendu eta mintzaira berezia bilatzen ari da.

Euskal koreografoarekin harremanetan, Danimarkako Sigrid Stigsdatter Mathiassen koreografo, performer eta bokalistak, Dansateliers sorkuntza eta dantza garaikideko erakusketa-zentroak hautatuak, lantzen ari den proiektuaren lagin bat aurkeztuko du. Sortzaile gisa, Sigridek tresna modura erabiltzen ditu hitzak eta mugimenduak, errealitatearen eta imajinazioaren arteko mugak lausotzeko.

Praktika artistikoak

Tana Garrido artistak Nace parda y se blanquea proiektuaren work in progress-a erakutsiko du, Carlos Garaicoa Estudioaren (Kuba) Artista x Artista programarekin elkarlanean proiektuaren lehen aldia Habanan amaitu ondoren.

Bigarren fasean Azkuna Zentroa - Alhóndiga Bilbaon murgilduta, artistak bi ekintza-esparrutan egindako ikus-entzunezko behaketan bildu duen materiala moldatuko du: Kubako egungo etxeko espazioa eta hor ehuntzen diren harremanak, tabakoaren eta azukrearen erabileraren bidez aditzera emanak, eta iragan kolonialeko aztarnak euskal jatorriko pertsona batzuen oroimenean.

Kolektibo egoiliarra

consonni arte-arloko argitaletxe eta ekoiztetxeak, Azkuna Zentroa – Alhóndiga Bilbaoko kolektibo egoiliarra den aldetik, consonni radio con Az abiarazi du, hitzarekin eta irratia entzutearekin esperimentatzeko eta kultura kritikoa zabaltzeko. consonniren proiektuaren funtsa irratia da, eta formula kritiko gisa darabil, hala eduki kulturala taldean prestatzeko nola ezagutzera emateko.

Artista Az Kideak

Oscar Gómez Mata artista kideak Catálogo de derivas proiektua egiteko prozesua eta ondorioak azalduko dizkigu. Udan egindako jarduera honetan, hainbat deriba izan dira, eguneroko hiri-paisaien behaketa eta esplorazioa lantzeko.

Bestetik, Sra. Polaroiska kolektiboak, genero-ikuspegitik erreferenteak sortzeko eta ahalduntzeko duen lan-ildoari jarraiki, Consejo de sabias proiektuaren lehen topaketa aurkeztuko du. Zikloak sei topaketa ditu guztira, arlo desberdinetako profesionalak diren adineko emakumeekin, jakintza biltzeko eta partekatzeko.


Laburrean

Non

Euskadi, auzolana