Komisario Berriak: Garazi Ansa, Marc Badal eta Laura Vallés

Bilbao 2019(e)ko irailaren 19(e)tik 2019(e)ko azaroaren 17(e)ra
  • Komisario Berriak: Garazi Ansa, Marc Badal eta Laura Vallés

Komisario Berriak (KB) deialdi publikoa 2016. urtean sortu zen, komisariotza-praktika euskal ingurunean garatzeko eta alor horretan profesional berriak sendotu daitezen bultzatzeko. Azkuna Zentroan egiten ari den bigarren edizio honek (2018-2019) laguntza ematen jarraitzen du, kuratore-proiektuak gure lurraldean agerian jartzeko, hain zuzen, azken hamarkadetan Euskal Herriari lotutako jarduera artistikoen inguruan egin diren ikerketa-proposamenak ikustarazteko.

KB edizio berri honek arreta berezia jartzen die zenbait proiekturi, zehazki, komisarioaren eginkizunaren dimentsio historikoari eta narratiboari erreparatzeko garrantzia barneratzen duten lan-ildoak abian jartzera bideratutako horiei. Ildo horretan, hiru ikerketa-kasu aurkezten ditu, Garazi Ansak (Oiartzun, 1989), Marc Badalek (Bartzelona, 1976) eta Laura Vallések (Castelló, 1984) garatutakoak.

Garazi Ansaren ikerketak artearen eta aktibismoaren arteko harremanak berraztertzea proposatzen du, hirurogeita hamarreko hamarkadaren amaieran mugimendu feministak Euskal Herrian egindako lanaren eta artisten praktikekin dituen harremanen ikuspegitik.

Marc Badalen proposamenak aztertzen du «naturaren eta landa-ingurunearen idealizazioa kanon kultural modura», Vicente Ameztoyk eta beste artista batzuek eraikitako imajinariotik abiatuta.

Eta, azkenik, Laura Vallések ZEHAR eta Arena argitalpenen (Espainiako Estatuan laurogeiko hamarkadara hurbiltzeko funtsezko aldizkarien) jarrera kritikoetara eta jarduteko moduetara hurbiltzea planteatzen du, arte garaikidearen teoriatik eta kritikatik abiatuz.

Komisario Berriak Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren proiektu bat da eta batera garatzen dute Azkuna Zentroa - Alhóndiga Bilbaok, Tabakalerak eta Artium Arte Garaikideko Euskal Zentro Museoak.

MARC BADAL

Deserrotzearen baldintzak (Vicente Ameztoy-tik saiakerak)

Vicente Ameztoyren artelan batzuetan giza landare irudi aztoragarri batzuk agertzen dira gizarte industrialaren berezko elementuekin; modu ia oldarkorrean sartzen dira hondoko paisaiaren gainera.

Kontraste horrek nekazaritza-mundu tradizionalaren bukaerak eragin zuen lotunera garamatza: lurraldearekin lotura barnekoi sinbiotikoaren bitartez eraikitzen zen subjektibotasuna lekuz aldatzea, haren ordez arrazionaltasun zientifiko-teknikoak moldatutako grabitaterik gabeko bizimodua jarriz, artifizial bihurtutako bizigune autoerreferentzial batean itxia.

Ameztoyren pinturak iradokitzen dituen lurralde sinbolikoetatik abiatuta, proiektuak zibilizazioaren trantsizio horren hiru dimentsio arakatzen ditu: munduan sustrairik gabe izateko begirada eta egoteko modu bat sortu izana, deserrotze horrek eragiten duen galera sentimenduari lotutako bira nostalgiko saihestezina, eta, egoera berri horretan, ingurunearekin finkatzen diren harreman berriak.

Marc Badal (Bartzelona, 1976). Duela hogei urtetik uztartu izan ditu kolektibo eta mugimendu agroekologikoetako praktika, batetik, eta elikagai-sistemaren, landa-historiaren eta nekazari-kulturaren inguruko ikerketa, bestetik. 2013. urteaz geroztik, Kristina Enea Fundazioaren Haziera hazi-artxiboko arduraduna da (Donostian). Artikulu ugari eta zenbait liburu argitaratu ditu. Kanpoko Bulegoa izena duen pentsamendu aplikatuko artisau-lantegiko kidea da; landa-munduaren eta ekoizpen kulturalaren arteko muga esploratzen dute.

GARAZI ANSA

Hemen dira hutsunean igeri egindakoak. Tururu

Arte politikoa, artibismoa, edo sozialki konprometitutako artea bezalako kontzeptuak gaur egun bogan dauden hitzak diren arren, ezin esan dezakegu joera artistiko berriak direnik guztiz. Izan ere, eta praktika artistikoaren nolakotasunak erabat aldatu baldin badira ere, edozein euskaldunek daki bertako testuinguruan, besteak beste, 60. hamarkada amaiera eta 70. hamarkada hasiera bitartean, arte praktikak garaiko egoera eta mugimendu sozio-politikoekiko izan zuten erlazioa eta haiekiko eginiko elkarlanak: Chillidak, besteak beste 'Nuklearrik ez' mugimenduaren logotipoa egin zuen, Euskadiko CCOOena berriz Ibarrolak eginikoa da, Basterretxeak EAJren hainbat kartel egiten jardun zuen... Adibideak hamaika izan daitezke. Hamaika direlarik ere, era berean garai honetako artisten arte ekoizpena eta instituzio politiko-sozial guzti horien arteko sinbiosiaren azterketan oinarritutako ikerketa lanak ere.

Ikerketa guzti horiek ordea badute ezaugarri komun bat, garaian idazten eta eraikitzen hasitako euskal historiografiarentzat tradizionalki eta historikoki bigarren mailako kontsiderazioa izan duten bestelako mugimenduekiko lotura izandako artistak ere automatikoki bigarren mailakotzat izendatzea eta beraz, ikerketa horietatik kanpo uztea. Horren adibide garbia Euskal Herrian mugimendu feministen agerpen unea eta hauekiko modu paraleloan, zenbaitetan elkarlanean, besteetan elkar babestuaz edo eta elkar eraginez jardun zuten emakume artisten kasua izanik.

Hori dela eta ikerketa eta erakusketa honen xedea, bereziki 70. hamarkada amaieran eta 80. hamarkadan suspertutako mugimendu feminista eta emakume artista hauen lanen azterketa izan da, euskal artearen historiografiaren idazketan erabateko itzalpean egotearen ondorioz desagertutako izenak, ideiak, loturak, kointzidentziak, elkarlanak, eraginak eta bestelakoak jaso eta orain artean hutsune horretan igeri egindakoen istorio zirriborratuak idazteko eta ikustarazteko asmoz egina.

Garazi Ansa (Oiartzun, 1989). Euskal Herriko Unibertsitatean Artearen historian lizentziatuta, Bartzelonako Ramon Llull Unibertsitatean 'Comisariado de Arte en nuevos medios' master ofiziala egina du. Komisariotzan 2012an hasi zenetik, hainbat proiektu ezberdin burutu ditu, azkena 2018an Gorputz Grafiak. Memoria feministaren marruak, eta ikerlaria da alor berean ere. Hainbat euskal artista eta erakusketetarako testuak idatzi ditu, eta  egun, Berria egunkarian kritika idazten du hamabostean behin, Euskal Herriko Unibertsitateko Artearen Historiako Departamentuan irakaslea da, eta doktorego ikasketak burutzen ari da Artearen Historian.

AURA VALLÉS

Harean zehar

Harean zehar atalkako ikerlan bat da, Arena (1989) eta Zehar (1989-2011) argitalpenen jarrera kritikotik eta jardueratik abiatuta egina. Hain zuzen ere, Espainiako estatuan laurogeiko hamarraldiak emandakoa arte garaikidearen teoria eta kritikaren esparrutik aztertzeko funtsezko argitalpenak dira biak ala biak.

Artxiboko materiala maileguan hartu eta obra berria sortuz, Azkuna Zentroan garatuko den atal honek galdera bat jartzen du mahai gainean: nola sor daitezkeen negoziazio esparruak, laurogeiko hamarraldiko desmemoriaren eta adostasunaren kontrapuntu modura. Hain zuzen ere, ‘oihartzun positiboen sistema’ baten partaide izateak ezaugarritutako garaia izan zen hura, Zehar aldizkariaren editore Miren Erasok esango lukeen moduan, zeinetan etorkizunera begiratzea beste irrikarik ez baitzuen trantsizioko esparru soziopolitiko eta kultural demokratikoak. 

Harean zehar saila Laura Vallések komisariatua da, Azkuna Zentroa, Artium eta CentroCentro lankide dituela. 

Laura Vallés arte garaikideko komisario eta editorea da. Gaur egun, edizio lanak eta Londresko  Royal College of Art ikastegiko doktorego ikasketak egiten dihardu; eta Londresen bizi da, hain zuzen ere. Irudiaren teoria eta sorkuntza ardatz dituen Concreta organizazioaren sortzailekide gisa, haren seihilabetekariaren eta liburuen edizioan parte hartu du, baita honako egile hauen lanen edizio edo/eta itzulpenean ere, besteak beste: Jacques Rancière, Donna Haraway, James Meyer, Ariella Azoulay eta Marina Garcés. Askotariko erakusketa eta argitalpen proiektutan lan egin du zenbait erakunderentzat, hala nola, Bombas Gens (Valentzia), MoCP (Chicago) eta Afterall (Londres). Azkenaldiko erakusketei dagokienez, Te toca a ti da nabarmentzekoa (EACC, 2018). Gaur egun, Mitos del futuro próximo jaialdiaren zuzendaritzan dihardu (TEA Tenerife 2019). Idatziak argitaratu ditu Camera AustriaPhotographies, Babelia-El País1000 Words Magazine eta A* Desk aldizkarietan, besteak beste.

 


Laburrean

Non

Euskadi, auzolana