Eñaut Elorrieta: "Irteera Argiak"

Andoain 2019(e)ko Azaroak 22
  • Eñaut Elorrieta: "Irteera Argiak"

Eñaut Elorrieta (Gernika, 1975) euskal sortzaile eta kantaria da. Urteetan Ken Zazpi taldean aritu ostean, bide berriak urratzen dihardu Eñaut Elorrietak, eta 2013an bakarkako bere lehen diskoa argitaratu zuen, Deserriko Kantak.

Ostean, Ken Zazpirekin argitaratutako disko Sinfonikoak eta Labeque ahizpekin mundu mailan egiten duen kolaborazio lan estuak, mundu klasikoan arakatzera eraman zuen, eta horrela, Harian proiektua sortu zuen Euskadiko Orkestra Sinfonikoko bost musikarik osatzen duten Kaabestri String Ensemble hari boskoteak lagunduta.

Egun, musikarako duen berezko grina oinarri, etengabe experimentatzeko eta hobetzeko pasioak eraginda iristen da Eñaut Elorrieta Irteera Argiak proiektu berri honetara. 2013an urratu zuen bideari jarraituz, kantu berriekin osatutako bere azken lana aurkezten digu. Musikari lagun zahar eta berriez lagunduta dator: bateria, baxua, kitarra elektrikoa, bibolinak…

Berak osatutako letrez gain zenbait idazleren hitzak ere musikatu ditu: Uxue Alberdi, Joseba Sarrionandia eta Jose Luis Otamendi besteak beste.

Diskoa disdiratsu bezain bare, eta heldu bezain fresko honek, kantua bera du oinarri eta obsesio, olatu batean garamatzaten melodiak eta hitz ederrak. Azken urteetan ondutako guztia sorkuntza berrien mesedetan eta eszenatoki gainean.

Bere ibilbidean mugarria izango den lana dudarik gabe, Irteera Argiak.

 

andoain.eus

Laburrean

Non

Euskadi, auzolana