"Desmesura", Salim Mallaren erakusketa

Vitoria-Gasteiz 2019(e)ko irailaren 20(e)tik 2019(e)ko azaroaren 17(e)ra
  • "Desmesura", Salim Mallaren erakusketa

Desmesura (Neurrigabekeria) lanak gizarte modernoaren jaiotzatik luzera neurtzeko erabili izan diren patroiei buruzko ikerketa bat formalizatzen du. Lana nabarmen kritikoa da indarrean dauden unitate metrikoekin, eta ikuspegi ironikoz heltzen die adostutako sistema horien paradoxei eta absurduei, zientziaren historiografiaren eta jardun artistiko garaikidearen argudioak baliatuz.

Frantziako Iraultzak sustatu zuen neurketa-unitateen batasuna eskala globalean, Gizakiaren eta Herritarraren Eskubideen Adierazpena onestearekin batera naturatik ateratako patroi berriak sortu baitzituen. Zehazki, luzera-unitateei dagokienez, Parisetik igarotzen den meridianoaren zati bat —Dunkerqueko kostaldetik Bartzelonako kostalderaino doana— neurtzeko esperientzia hartu zen metro patroia definitzeko abiapuntutzat.

Orobat, garai hartantxe zehaztu ziren ideal eta arau berrietan oinarrituz eraikiko ziren pixkanaka gizarte eta zientzia modernoak. Industria eta merkataritzaren garapenak sistema soziala aldatu zuen, eta kate-produkzioak ordeztu zuen feudalismoaren uztarria. Geroztik, iraultzak industrialak izango ziren, eta matxinadak sindikatu bihurtuko. Dinamika berri horiek metroaren funtsa bera ere eraldatu zuten, neurketa-tresnetan egindako aurrerapenetara egokitu behar izan baitzen, haren tolerantzia makinek eskatzen zuten doitasunera egokitzearren.

Neurketa-unitate tradizionalak baztertuta geratzen dira, eta munduko nazio guztiek ezarritako Nazioarteko Sistemaren kontrako erresistentziaren sinbolo bihurtzen. Aurretik diruak arrakastaz lortua zuen batasuna, eta txanponak ditugu horren eredu goiztiarra, metalezko puska baten pisuaren eta balioaren arteko baliokidetasuna baliatu baitzen horretarako. Orain, aurrerabideko mendeen ondoren, sistema kapitalistak bermatzen du merkatu globalaren —hots, diruaren etengabeko fluxuaren— funtzionamendua eta egonkortasuna, askotariko estrategia normalizatzaileen bidez.

Salim Malla (Vitoria-Gasteiz, 1976) Arte Ederretan lizentziatua eta ingeniaritza topografikoan diplomatua da Euskal Herriko Unibertsitatetik. Arte eta Sorkuntza Ikerketa masterreko ikasketak UCMko Arte Ederretako fakultatean egin zituen, eta bertan osatu zuen doktoretza Arte Garaikide Sailean, prestakuntzan ari zen ikertzaile gisa (UCM-B.Santander beka).

Salim Mallaren ibilbide artistikoa eskulturaren arloan gauzatu da batez ere, haren definizio zabalean espazioak eta bere kontzeptualizazioak parte hartuko duten edozein ideia eta ekintza gisa ulertuta. Horretarako mota guztietako materialak eta prozedurak erabiltzen ditu, horiekin objektuzko lanetatik –kristalez, paperez eta txanponez egindako eraikuntzak, zur gainean edo erretxinan egindako taillak, silikonarekin edo eskaiolarekin egindako hustuketak, grabatua, argazkia, bideoa, baliabide elektronikoak–, espazioan iragankorrak diren ekintzetara eginez. Sortzaile plastiko gisa egiten duen lanaz gain, hitzaldietan, topaketetan, I+G taldeetan izaten duen partaidetzan eta hainbat mediotan egiten dituen argitalpenetan gauzatzen den ikerketa teorikoa ere egiten du.

Banakako zenbait erakusketa egin ditu, eta horien artean Maroceanum (El Puerto de Santa María, 2019), Husos y costumbres (Valladolid, 2017), Punto ciego (Madril, 2015), Item Perspectiva (Valladolid, 2014), Cartografia di un processo (Thiene, Italia 2013), eta Medir el Metro (Madril, 2013) azpimarratuko ditugu. Zenbait azokatan ere hartu du parte, Art Sevilla 2017, ARCO Madrid 2017 eta 2016, Casa Leibniz 2015, Art Marbella 2015, Foro Arte Cáceres 2015, SUMMA Art Fair Madrid 2014, FIG Bilbao 2014. Bere artelanak ARTIUM museoaren bilduma publikoan eta OTR eta Jimenez-Rivero bilduma pribatuetan daude, besteak beste.


Laburrean

  • Mota Erakusketa
  • Data 2019(e)ko irailaren 20(e)tik 2019(e)ko azaroaren 17(e)ra
  • OrdutegiaAsteartetik larunbatera: 11:00-14:00 eta 18:00-21:00. igandetan eta jaiegunetan: 11:00-14:00
  • Lekua Montehermoso Kulturunea
    Fray Zacarías Martínez, 2
    Vitoria-Gasteiz
  • HizkuntzaBat ere ez
  • Web Montehermoso Kulturunea

Non

Euskadi, auzolana